Indarkeria matxista "lehen mailako arazo soziala" dela aldarrikatuko dute

Larraitz Zeberio Lekuona 2025eko azaroaren 21a

Mugimendu feministak iaz Arrasaten egindako elkarretaratzea.

Urtarriletik urrira bitartean, emakumeen kontrako 141 eraso matxista erregistratu ditu Bergarako ertzain-etxeak Debagoienean. Iaz baino lau kasu gehiago dira. Eraso gehienetan –%79,4– erasotzaileak bikotekideak edo bikotekide ohiak izan dira. Martitzenerako, azaroak 25, dozena bat mobilizazio daude deituta bailaran.

Indarkeria matxistaren kontrako aldarrikapenek hartuko dituzte bailarako kaleak martitze- nean, Azaroak 25. Dozena bat mobilizazio daude deituta, eta baita ere sentsibilizazio ekitaldi ugari aurreko zein ondorengo egunetan.

Herrizaingo Saileko datuen arabera, urtarrila ezkero Debagoienean izandako 141 eraso matxista erregistratu dira Bergarako ertzain-etxean –iaz baino lau gehiago–. Biktimak 118 izan dira eta kasuen %79,4an bikotekideak edo bikotekide ohiak izan dira erasotzaileak.

Arrasaten 84 eraso eta 69 biktima izan dira; iaz baino 25 eraso eta 21 biktima gehiago. Bailarako gainerako herrietan ez bezala, Arrasaten igoera nabarmena gertatu da erregistratutako indarkeria kasuetan.

Hariberria zerbitzua

Gipuzkoako Foru Aldundiak martxoan inauguratu zuen Arrasateko Uribarri kalean dagoen arreta-gune berria. Sexu-indarkeriaren biktima diren emakumeendako eta haien ingurukoendako arreta integrala eta espezializatua eskaintzen dute.

Lehen zortzi hilabeteotan 55 kontsulta artatu dituzte –24 Debagoienekoak, hamazortzi Debabarrenekoak eta hamahiru Urola Garaikoak–. Horien artean, hamazortzi izan dira biktimek zuzenean egindakoak eta krisi edo larritasun egoeragatik zazpik behar izan dute berehalako arreta. Urgentziazko esku-hartzea behar izan dute lau biktimak eta horietatik hiruk arreta integrala, non zerbitzu psikologikoa, juridikoa eta soziala jaso duten.

Informazioa, orientazioa, laguntza psikosoziala eta aholkularitza juridikoa ematen dituzte Hariberria zerbitzuan. Kontaktuak dira hariberria@gipuzkoa.eus, 900 84 01 88 eta 747 44 43 89 (Whatsapp).

Anaidiak salatzeko eguna

Mugimendu feminista Konplizitate sareen aurrean, erresistentzia feminista lelopean mobilizatuko da martitzenean. "Indarkeria matxista hamaika formatan ikus dezakegu gure egunerokotasunean, eta aurten horiek sostengatzen dituzten egiturak, konplizitate sareak eta anaidiak salatzera irtengo gara kalera", azaldu du Arrasateko mugimendu feministako kide Amaia Etxabek. "Konplizitate eta anaidia sare horiek paktu patriarkalak dira. Konplizitate eta isiltasun sareak dira, eta bertan, gizonez gain, bestelako egiturek ere parte hartzen dute; indarkeria matxista lehen mailako arazo sozial eta politikotzat hartzen ez dituzten erakundeak, alegia, eta, tartean, justizia sistema, non babesgabe eta inongo sinesgarritasunik gabe uzten gaituen etengabe".

Arrasaten 12:00etan eta 18:30ean egingo dituzte mobilizazioak, Herriko Plazan; eguerdikoa Gazte Feministak eta Ikamak deituta eta iluntzekoa Arrasateko Mugimendu Feministak deituta. "Azaroaren 25a memoria- eta borroka-egun bat da: indarkeria matxistaren aurrean eta sostengatzen duten sareen aurrean aski da esan, autodefentsa feminista aldarrikatu eta konplizitate sare feministak aktibatzeko, gizonak eta instituzioak interpelatzearekin batera".

Gehiago esan du Etxabek: "Egiten dugun urrats bakoitzaren aurrean beste oldarraldi bat jartzen da martxan (...) Erasoen aurrean kalean, etxeetan, lantokietan, jai-guneetan, ikastetxeetan, lagunartean... erresistentzia feminista antolatu eta indartu behar dugu".

Inpunitatea amaitzeko

Itaia antolakunde sozialistak, berriz, bailara mailakoa den deialdia egin du hilaren 25erako. Arrasateko Seber Altube plazan elkartuko dira, 18:00etan, Indarkeria matxistaren aurka kaleak hartu lelopean manifestazioa egiteko. "Etengabe ikusten ditugu indarkeria matxista kasuak gure inguruan. Beharrezkoa da indarkeria matxistaren aurka mobilizatzea eta kaleak hartzea", azaldu du Miren Iturbe arrasatearrak. "Alde batetik, indarkeria matxista ukatu eta matxismoa normalizatzen duten ideia erreakzionario eta faxisten aurka egiteko, eta, bestetik, ideia atzerakoi horiek dakarten erasotzaileen inpunitatea amaitzeko borrokatu behar dugulako. Garrantzitsua da gure herrietan emakumeok deshumanizatu eta subordinazio egoeran mantendu nahi gaituzten jarrerek eta ideiek tokirik ez daukatela argi uztea".

Iturbek gaineratu du mobilizazioaz gain hilabete osoko egitaraua egon dela, indarkeria matxistaren aurkako kontzientzia handitzeko eta gaia landu ahal izateko.

"Normalizazioa" saihestu

Emakundek sentsibilizazio kanpaina bateratua egin du foru aldundiekin eta Eudelekin. Ez da zure arazoa soilik, gurea ere bada lelopean, indarkeria matxistari aurre egitea "gizarte osoaren erantzukizuna" dela azpimarratu dute.

Ezinbestekotzat jotzen dute "gizartea aktibatzea" eta indarkeria matxista jasaten duten emakumeen inguruan "sareak eta komunitatea" sortzea. "Indarkeria matxistaren normalizazioa saihesteko gizarte osoa aktibatu behar da", esan du Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak: "Gizarteak erantzun, lagundu, ulertu, artatu egin behar du, sentitu behar du indarkeria ez dela emakume batzuen arazo pertsonala, arazo soziala dela".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak