Paul Urkijo: "Askatasunari egindako kanta eder eta epikoa da 'Gaua' filma"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2025eko azaroaren 21a

Paul Urkijo zuzendaria, Gaua filmatzen. Argazkia: David Herranz.

Jaialdietan indartuta atera ondoren, "bide onetik" doa zinema-aretoetan aurreko asteburuan estreinatutako euskal mitologiako ipuin ilunak oinarri dituen Gaua filma.

Gasteizko Paul Ukijo zinema-zuzendariaren hirugarren film luzea Bergaran eta Arrasaten izango da asteburuan ikusgai, eta hurrengoan, Oñatin; Yune Nogueiras aktore protagonista eta zuzendaria Bergarako Seminarixoan izango dira etzi, domeka, 19:30ean.

Zer moduz zaude?

Ondo; filmaren promozioa dela-eta nekatu samar, baina oso pozik filma zinema-aretoetan dagoelako.

Aretoetako emanaldien datuei begira egoten diren horietakoa zara?

Beti ari gara filmak nola funtzionatzen duen begira. Harrera oso ona ari da izaten: kritika oso onak ari gara jasotzen hedabide espezializatuen aldetik, eta ikusleek ere harrera ona egin diote. Pelikula ilunagoa espero zuela diotenak dauden arren, komentario politak egin dituzte: pelikula fantasiazkoa dela diote, baina argitsua dela, aldi berean. Lehen asteburuan ez zen jende askorik joan zinemara, baina goraka doala ikusten ari gara, eta pozik gaude.

Euskal Herrian eta beste erkidego batzuetan estreinatu zen; sentsazio ona duzu, orokorrean?

Bai, Euskal Herrian eta Espainian izan duen harrerarekin pozik gaude. Euskal Herrian kezka berezi bat izaten dut, Euskal Herriari buruz berba egiten dugulako eta ea nola hartuko duen jendeak; azken finean, ikonografia hori guztiori denon parte da, baina badirudi jendeak bere egin duela edo ondo hartu duela.

Gehiago kezkatzen zaitu euskal ikusleek edo kritikariek diotena?

Bueno, plus hori dauka; herritik jasotako tradizio eta ahozko transmisio hori nik herriari berriz eman nahi diot beste forma batean, eta zalantza izaten duzu ea nola funtzionatuko duen. Kanpoan exotismo puntu batekin hartzen dute.

Jaialdietan izan da aurretik, eta indartuta atera da horietatik.

Bai; Sitgesen estreinatu genuen, mundu mailan dagoen genero fantastikoko jaialdirik ospetsuenean; hortaz, guretako zita oso ona da eta publikoaren eta kritikarien aldetik iritzi oso onak jaso genituen. Donostiako Beldurrezko Astean estreinatu genuen Euskal Herrian, eta han ere kritika oso onak jaso genituen. Ondoren, Kataluniako Molins jaialdi garrantzitsuan izan ginen eta hiru sari jaso genituen: Pelikula Onenari, Zuzendari Onenari eta Efektu Berezi Onenari. Azken sailkapena Rotterdameko nazioarteko goi mailako festibal ospetsurako izan da, eta ohore handia izan da.

"Gure mitologiako ipuin ilunenei omenaldia da"

Zelako filma da?

Euskal mitologiako ipuin, mito eta elezahar ilunenei egindako omenaldia da Gaua; gaueko erreinuan bizi diren izaki misteriotsu horiei buruz eginiko filma da. XVII. mendean egon zen inkisidoreen zapalkuntzan sorturiko gezurretan oinarrituta dagoen ikonografia guztia hartu, gureganatu eta askatasunari eginiko omenaldi edo kanta eder eta epiko bat egin dut. Kattalin da istorio horretan gure protagonista, XVII. mendeko baserri batean bizi den emakume bat. Gauaren erdian etxetik ihes egingo du eta basoan murgilduko da, eta ihesi doala bat-batean garbitoki batera helduko da, non hiru emakume dauden trago batzuk hartzen eta euren askatasun momentu horretan. Beldurrezko istorioak kontatzen hasiko dira, eta, Kattalin entzulea izanik, ipuin horietako protagonista izaten joango da. Ipuin horiek korapilatuz joango dira gure protagonista bere askatasun klimaxeraino eramanez. Gaurkotasun handia du istorioak, eta emakumeak ahaldundu dituzu. Bai; historikoki inkisizioak zona batzuk edo kolektibo batzuk zapaldu zituen interes politikoengatik edo kontrolagatik, eta horretarako fedea erabiltzen zuten aitzakia moduan. Jende askok sufritu zuen, baina gehien sufritu zuen kolektiboa emakumeena izan zen. Sorginei buruzko film bat egiten duzunean era naturalean ateratzen da emakumeen nagusitasuna egotea. XX. mendetik aurrera sorginen inguruan berresangura bat egon da; hau da, munstro higuingarri izatetik, boterea duen pertsonaia bilakatu da, boterearen kontra altxatzen den ahaldunduta dagoen pertsonaia bat, eta, era batean, feminismoak bere egin duena. Inkisizioaren garaian esaten ziguten bide zuzena eraman behar genuela, argiaren bidea, eta gaur egun ere hala gertatzen da. Pertsona zuzena izateko, normatiboa izan behar duzu, baina, batzuetan, bide zuzen horretan ez dugu enkajatzen, eta nahiago dugu okertu, argitik aldendu; izan ere, aurreiritziek sortutako iluntasun-maskara grotesko horiek zeharkatuz bat-batean ilargiaren azpian denak gara ederrak eta baliagarriak. Gaur egun ere inkisidoreak ditugu gure gizartean, bai politikoki eta baita sare sozialetan ere, esaten digutenak gure askatasuna identitate aldetik, sexualitate aldetik eta beste aspektu batzuetan nola bizi behar dugun.

Paul Urkijo eta Yune Nogueriras gaua fiilma errodatzen. Argazkia: David Herranz.

"Yunek sekulako potentziala du aktore moduan"

Emakumeak aipatuta, a zelako kuadrilla batu duzuna, ezta?

Bai horixe! Argi nuen Kattalin Yune Nogueiras izango zela. Akelarre filmetik ezagutzen nuen, eta, gerora zineman eta antzerkian egin dituen lanetan ikusita, aproposena iruditzen zitzaidan. Pertsonaia oso potentea da Kattalin eta arku oso zabala du; hau da, bilakaera handia du istorioan zehar. Yunek sekulako potentziala du aktore moduan, jendeak oraindik ez du nahikoa ezagutzen; ikaragarria izan da egin duen lana, eta etorkizun oparoa opa diot. Eta zer esan gure aktore mitikoenei buruz; hau da, Ane Gabarain, Elena Irureta eta Iñake Irastorza; haiei ere ez nien castingik egin, noski! Hala ere, zerrenda luzea da, eta euren onena eman dute guztiek. Dekoratuak ere ikusgarriak dira. Lokalizazioen %90 errealak dira, baina aipatzekoa da plato batean eraiki genuen baso erraldoia ere. Oso pozik nago.

Ganbara Faktoriako kideak Gaua filmeko soinu bandaren zuzendari Arantzazu Callejarekin eta  maite Arrotajauregi mursegorekin. Argazkia: Aitor Biain.

Soinura etorrita, Ganbara abesbatzak abestu du; gustura?

Oso pozik nago Arantzazu Callejak eta Mursegok sortu duten soinu-bandarekin, eta abesbatzak oso ondo egin du eskatutakoa. Gaueko melodia kontzeptuala da nagusi; hau da, iluntasunean dauden soinuak, baina baita sorginen kantuak ere. Era berean, pasarte batzuetan une argiak ere badaude, eta oso melodia ederrekin osatu ditu horiek guztiak koruak.

Yune Nogueiras aktorea, Kattalin pertsonaia antzezten. Argazkia: David Herranz.

Yune Nogueiras: "Oso esanguratsua izan da zuzendaria nire bila etorri izana"

Prentsa espezializatuan hizki larriz idazten dute Yune Nogueiras (Bergara, 1998) aktorearen izena, laudorio handiekin txalotuz egin dituen lanak, eta hala ari dira estreinatu berri duten eta protagonista nagusia den Gaua (Paul Urkijo, 2025) filmari buruz ere. Bolada onean dago bergararra, proiektutik proiektura saltoka ari da. "Eskertuta dago" horregatik, baina, aldi berean, atzean lan handia dagoela aitortzen du. Las hijas (Daniel Romero) filmatzen ari da gaur egun; hala ere, astia hartu du GOIENAren galderak mimoz erantzuteko.

Zuzendariaren deia eta lantaldearen babesa

Proiektu baten lan egiteko casting edo aukeraketa-proba asko egin behar izaten dituzte aktoreek; bestelakoa izan zen, baina, Gaua filmean parte hartzeko Nogueirasen bidea. "Oso esanguratsua izan da zuzendari batek niri zuzenean deitu izana, nigan eta nire talentuan konfiantza handia duela adierazten dit horrek. Nire lana egiteko modua asko gustatzen zaiola; hortaz, oso garrantzitsua izan da, eta hasieratik, prozesu oso berezia izan da. Plazer handia izan da Paulekin [Urkijo] filmatzea. Gauzak oso argi dituen zuzendari bat da, baina proposamenetara zabalik dago; horrenbestez, konfiantza ematen dizu, baina jolasteko aukera ere bai. Oso garrantzitsua da zuzendariaren eta aktorearen arteko komunikazioa, bakoitzak nola egiten duen lan jakitea, elkarrekin lan egiteko hizkuntza bera aurkitzeko, eta lehenengo momentutik izan da hori. Zuzendari oso ona da eta oso ondo ulertu dugu elkar".

Filmaketa gogorra izan zen, eta Kattalin pertsonaia oso exijentea, baina alboan izan zuen lantalde artistikoa eta teknikoa goraipatu du: "Neska gazte arrunt bat da Kattalin; pertsonaia oso ausarta moduan deskribatuko nuke. Emozionalki eta fisikoki pertsonaia oso potentea da. Oso-oso ondo inguratuta izan naiz, eta oso eskertuta nago. Makillajeak, jantzitegiak eta dekoratu paregabeek asko lagundu didate paperean sartzen. Harro sentitzeko moduko proiektua da; beraz, neure buruari baimena eman diot egindako lanagatik neure burua zoriontzeko".

Domekan, Seminarixoan

Gaua filma herrikideekin ikusteko irrikaz dago: "Ilusio handia egiten dit, bereziki, nire herriko zinema-aretoan proiektatzeak eta ni han egoteak. Espero dut publikoak ere asko disfrutatzea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak