Yune Nogueiras: "Nire onena ematen saiatu naiz 'Gaua'-ren filmatzean"

Goiatz Arana Begiristain 2025ko mai. 6a, 14:24

Yune Nogueiras aktorea.

Bergararra jaiotzez (1998), ogibideak Madrilera eraman zuen duela hiru urte, eta han bizi da orduz geroztik. Pertsona konstante, indartsu, sentikor eta bokazio eta pasio handikotzat du bere burua. Paul Urkijok zuzendutako Gaua pelikulako protagonista da. Urte amaieran estreinatuko dute filma.

Puntua aldizkariaren 453. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Lehenengoz izan da film bateko protagonista, Paul Urkijo gasteiztarraren gidaritzapean. Martxoaren 5ean bukatu zuten grabaketa, eta emaitza ikusteko desiratzen dagoela aitortu du.

Zer moduz Gaua filmaren grabaketa?

Film hori grabatzea izan den bidaia barneratzen ari naiz oraindik. Uste dut bizitza osoan nirekin eramango dudala: nire lehen lana izan da protagonista moduan, pertsonaia oso garrantzitsu batekin, eta Paul Urkijoren eskutik. Ez naiz nekatuko esaten zuzendari bikaina dela, eta pertsona zoragarria. Gainera, oso ondo ulertu dugu elkar; zenbait momentutan, keinu edo hitz bakar batekin aski zen elkarrengandik zer nahi genuen jakiteko.

Pentsatu daiteke, hortaz, etorkizunean ere sortu daitezkeela elkarrekin lan egiteko aukerak?

Espero dut baietz [Barre].

Kattalin zara; nolakoa da?

Gizarte guztiz errepresibo baten barruan bere nortasuna bilatzen dabilen neska gazte bat da Kattalin; ibilbide handia egiten duena pelikulan zehar.

"PAUL URKIJO ZUZENDARI BIKAINA ETA PERTSONA ZORAGARRIA DA; OSO ONDO ULERTU DUGU ELKAR"

XVII. mendean girotua eta sorgin-ehiza betean berriz ere; Akelarre filmean ikasitakoak lagungarri izan dira?

Testuingurua ulertzeak beti laguntzen du; eta, alde horretatik, bai. Baina bi film erabat ezberdinak dira, ez daukate zerikusirik elkarren artean, nahiz eta mende edo testuinguru bera edo antzerakoa eduki. Gainera, beti daude gauza berriak ikasteko.

Lehen aldiz protagonista pantaila handirako egindako lan batean; zer moduz?

Oso emozionatuta, oso zoriontsu. Baina, batez ere, esango nuke erantzukizun handia sentitu dudala ibilbide osoan, eta erantzukizun hori alboan dudala oraindik ere; lana eginda dago, baina emaitza ikustea geratzen da. Saiatu naiz nire onena eta gehiago ematen pertsonaiari, filmari, zuzendariari eta lankideei.

Eta pozik geratu zara?

Oso pozik.

2020an, 22 urterekin, egin zenuen debuta zineman, Akelarre filmarekin; gazte hasi zinen!

Castinga egin nuenean 19 urte nituen eta Arte Dramatikoko karrerako bigarren mailan nengoen. Gogoratzen dut 800 neska aurkeztu ginela. Nire lehen castinga eta lehen filma izan ziren.

Hasi, eta alfonbra gorria zapaldu, gainera!

Bai, Akelarre-rekin. Oso ederra izan zen, oso oroitzapen polita daukat. Pena izan zen COVID urtearekin batera izan zela eta dena askoz hotzagoa zela, baina asko gozatu nuen filmeko guztiekin, lagunekin eta familiarekin. Inoiz ahazten ez zaizkizun lehen aldiak dira.

Egin dituzu film luzeak eta laburrak, eta telesailak ohiko telebista kateetarako nahiz plataforma digitaletarako; ezberdina da lan egiteko modua?

Nire aldetik, ez da ezer aldatzen; asko inplikatzen naiz proiektu bakoitzean. Hori bai, aktore moduan zeure burua oso ondo ezagutu behar duzu, teknika ona eduki, pertsonaia oso ondo landu, eta daukazun energia kudeatzen jakin filmaketa osorako.

 

Antzerkia ahaztu gabe: bertan egin zenituen lehen urratsak, eta bazabiltza gaur egun ere. Zer ematen dizu?

Antzerkiari buruz berba egiten dudan bakoitzean, hunkitu egiten naiz. Niretzako, eszenatoki baten gainean nagoenean, ez dago arazorik nire inguruan. Egon nahi dudan lekua da, etxe seguru bat izango balitz moduan. Barruan motor bat daukat, eszenatoki gainean martxan jartzen dena, eta ez dago inor hori itzaliko duenik. Eszenatokia da beti egon nahi izango dudan leku bat, eta antzerkiarekin daukadan erlazioa oso magikoa dela sentitzen dut.

2022an, Emakumezko Errebelazio Aktore Onenaren saria jaso zenuen, Intimidad eta Los Santos Inocentes lanengatik; nola hartu zenuen?

Barregarri samarra izan zen: nik saria eman behar nuen, horretarako deitu ninduten –suposatzen da–, eta nirekin etorri zen etxera, niretzako zelako! Nire izena esan zutenean, nik saria eman behar nuela erantzun nuen, pentsatuz norbait nahastu egin zela; eta konturatu nintzenean niretzako zela benetan, asko emozionatu nintzen, ustekabean harrapatu ninduen.

Asko egin duzu urte gutxian; daramazun abiadurak ematen dizu beldurrik?

Esango nuke ezetz. Uste dut nire indarrak, nire erresistentziak eta nire lanak aurrera begiratzen jarraitzen laguntzen didatela. Ez da lanbide erraza eta batzuetan gertatzen diren injustizia asko ez daude gure esku. Horregatik da oso garrantzitsua maite zaituen jendeaz eta beti aurrerantz arraun egitera animatzen zaituzten pertsonez inguratzea; eta nik, alde horretatik, zorte handia izan dut familiarekin eta lagun minekin.

"ESZENATOKI BATEN GAINEAN NAGOENEAN, EZ DAGO ARAZORIK NIRE INGURUAN"

Ibilbide luzeko aktoreekin ere egin duzu lan; esperientziak onerako izan dira beti?

Bai, ibilbide luze eta ezaguna duten aktoreekin lan egitea luxua da niretzat. Oso behatzailea naiz, eta, haiekin aritzen naizenean, ikasteaz gain, interpretatzen gaudenean –bai antzerkian eta bai pantailarako– beti daramat koaderno bat, niretzako garrantzitsuak diren gauzak apuntatzeko.

Nor edo haiengandik ikasitako zer nabarmenduko zenuke?

Javier Gutierrez, Elena Irureta, Ane Gabarain… Zuzendari moduan, Javier Hernandez-Simon, Israel Elejalde… Eta abar, eta abar jarriko nuke. Gutako bakoitza ezberdina da, baina pertsona batengan asko miresten dudana da barruan daraman ilusioa eta inplikazioa, nahiz eta profesioan urte asko eraman. Eta ez naiz aktoreei buruz ari bakarrik, baita zuzendariei buruz ere. Zorionez, nik zuzendari oso onak izan ditut alboan, eta niretzako funtsezko figura da lanbide honetan.

Eta zu zer ematen saiatzen zara?

Lankide eta aktore moduan beti saiatzen naiz nire onena ematen. Nire ustez, batez ere, lanbide honetan ezinbestekoak dira lana, konpromisoa, pasioa eta bokazioa.

Kritika txarrak kezkatzen zaitu?

Bizi garen munduan, non gero eta errazagoa den edozein arrazoirengatik kritikatzea eta albokoa mintzea inolako ondoriorik gabe –sare sozialak min handia egiten ari dira–, garrantzitsuena da – eta niri, pertsonalki, balio didana– burua zentratuta edukitzea, asko zaintzea eta gauzak ahalik eta ondoen egiten saiatzea.

Sare sozialak jarraitzen dituzu?

Bai, eta nik ere badauzkat; lanbide honek behartu egiten zaitu horretara. Gertatu zait, adibidez, casting bat egin eta nire agenteak deitzea esanez bi garela finalistak eta bestea influencer bat dela. Ekoiztetxe batzuek garrantzi handia ematen diete jarraitzaileei; beste batzuek, zorionez, ez. Baina behartuta zaude sare sozialak edukitzera.

Zertan zabiltza gaur egun?

Castingak eta castingak egiten, atera daitekeen proiektu baten zain. Eta, batez ere, Gaua pantaila handian ikusiko dudan momentuarekin amesten!

Madrilen harrapatu zaitugu; hura duzu bizitoki?

Bai; aurtengoa hirugarren urtea dut hemen. Lan kontuengatik etorri nintzen, Los Santos Inocentes antzezlanarekin, eta oso pozik nago; baina etxera bueltatzeko aukera beti daukat hor, familia, lagun minak eta nire txakurra ikusteko.

Nolakoa da ibilbidea hasten dabilen aktore baten bizitza Madrilen?

Lanbide honetako gauzarik zailenak bi dira: profesionalki zerbait egitea lehen aldiz, momentu horretan jendea zu ikusten eta ezagutzen hasten delako; eta erresistentzia. Eutsi egin behar diozu bidean zehar, eta horregatik hitz egiten dut hainbeste pasioaz, bokazioaz eta konfiantzaz, uste dudalako oso zaila dela horiek izan ezean.

Euskal Herritik ezinezkoa litzateke?

Ez. Baditut lagun asko aktoreak direnak eta Euskal Herrian bizi direnak. Esango nuke pertsonaren eta momentuaren araberakoa dela.

Zein maiztasunekin etortzen zara Bergarara?

Aukera dudan guztietan; gurasoak desiratzen egoten dira, eta ni ere bai.

"TXIKITAN 'SHOW'-AK EGITEN NITUEN ETXEKOENTZAKO, ANAIA IKERREKIN BATERA"

Eta aprobetxatzen duzu, bai edo bai...

Mendira joateko.

Non geratu da Indai musika taldea?

COVID garaian sortutako proiektu oso polita izan zen, baina oso zaila zen denak bat etortzea, eta nork bere bidea hartu du. Baina zeinek daki, etorkizun batean Bergaran kontzertu bat ematea oso ondo egongo litzateke. Nik atea zabalik uzten dut horretarako.

Kantuari, gitarrari, dantzari... lotuta zaude; garrantzitsuak dira aktore baten curriculumean?

Denak batzen du, eta, nire ustez, oso faktore garrantzitsuak dira, asko inspiratzen naute aktore moduan. Kantuarekin gogor nabil azkenaldian. Beti gauza berri gehiago ikasteko desiratzen nago.

Hauxe diozu Instagrameko kontuan: Beti ikasten.

Bai. Ez dakit beste aktoreek zein iritzi izango duten, baina nire kasuan bai, eta letra larriz, gainera. Beti ikasten daukadan lema edo mantra moduko bat da. Lanbide luzea da eta prest egon behar gara une bakoitzerako.

Umetatik datorkizu aktore izateko gogoa?

Bai. Izen artistiko bat jarri nion neure buruari, Yune Sendir, eta anaia Ikerrekin batera egiten nituen show-ak etxekoentzako. Musikaria da hura gaur egun, eta bateria izugarri ondo jotzen du! Txikitan, gurasoak egongelan esertzen ziren eta anaiak esaten zuen: "Zuekin... Yune Sendir! Txalo bero bat!". Eta ni ateratzen nintzen kantuan edo dantzan egitera. Nire gelan ere bakarrizketa asko egiten nituen: kalean pertsonaren batek kuriositate puntu bat pizten bazidan, gero nire logelan istorio bat sortzen nuen pertsona hura imitatuz.

Eta zure ametsa da?

Hau. Nire ametsetik bizi naiz eta espero dut ditudan bokazioa eta gaur egungo lana bizitza osorako izatea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak