Otsailerako bukatuko dituzte Antzuolako saneamendu-kolektoreko lanak

Hasier Larrea 2025eko azaroaren 19a

Lan horiekin batera dabiltza egiten Antzuola eta Bergara arteko bidegorria, eta Gorka Artola Bergarako alkateak aurreratu duenez, ekainerako espero dute bidegorriaren azken fasea bukatzea. Kolektorearen eta bidegorriaren lanek 2,7 milioi euroko kostua dute, Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak –Uraren Euskal Agentziaren bidez– finantzatuta.

Antzuolako saneamendu-kolektore berria eta udalerri hori Bergararekin lotzen duen bizikleta eta oinezkoentzako bidearen lanak aurrera doaz. Gaur, Saneamenduaren nazioarteko egunean, eguneratu dute gaia Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuorde Josu Bilbaok, Aldundiko Iraunkortasun diputatu Jose Ignacio Asensiok, obraren zuzendari eta URAko lan hidraulikoetako teknikari Ander Izarrak, Antzuolako alkate Olatz Lezetak eta Bergarako alkate Gorka Artolak. Hitzordua kolektorearen konexio puntuan egin dute, bi herrien arteko mugan. 

Proiektu hori 2010ean hasi ziren planifikatzen, ordutik hainbat berrikuspen izan ditu, hiri eta azpiegitura-bilakaerara egokitzeko. Hala, pozik eta gustura azaldu dira 2026an bukatuko dutelako. Dena ondo bidean, otsailerako aurreikusi dute 1.286 metroko luzerako kolektorea bukatzea, Antzuolako ur zikinak Mekolaldeko araztegira bideratuko dituena. Behin kolektorea martxan jarrita, Gipuzkoako Ur Patzuergoa arduratuko da kudeatzeaz. 

Antzuola-Bergara bidegorria

Lan horiek bukatu eta gero burutu ahal izango dute Bergarako bidegorri sarearen azken fasea, Eskusarte kaleraino luzatzen dena, alegia. Hortaz, Antzuola eta Bergara arteko bidegorria "ekainerako" erabilgarri egotea espero du Gorka Artola alkateak. Antzuola ibaiaren gainetik 19,6 metroko oinezkoentzako pasabidea
 egokituko dute, eta egungo errepidearen errail bat bidegorria izatera pasako da, zehazki, Urteaga kaleko Arregi Aroztegi zaharraren aurretik pasatzen den zatia. Alkateak aurreratu du semaforo batek bideratuko duela ibilgailuentzako errail bakarreko zirkulazioa bi noranzkoetan. 

Elkarlanaren emaitza

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun sailak 1,5 milioi euro ordainduko du lurraldearen mugikortasuna hobetzeko, eta Eusko Jaurlaritzak, Uraren Euskal Agentziaren bitartez, 1,2 milioi euro,  hondakin-uren kolektorearen tarte berrirako. Bi proiektuak esku-hartze bakarrean bateratzearen aldeko apustua "herritarrenganako inpaktua txikitzeko" egin zutela adierazi du Josu Bilbaok. Asentziok gaineratu du 800 metro baino gehiagoko bidegorrian egin dutela inbertsioa, eta nabarmendu "aurten bikoiztu" egin dutela bidegorriak egiteko aurrekontua. 

Bi alkateek positiboki baloratu dute proiektu bateratua. Lezetaren esanetan, "Antzuolarako oso inportantea da Bergararekin konexio hau edukitzea mugikortasunaren aldetik", eta gogoratu du Antzuola izan zela Gipuzkoako lehen herrietakoa kolektore-sarea herrian egin zuena, 1973an: "Azkenean, kolektore orokorrera joango dira ur zikinak, eta ez errekara". Artolak ere poza adierazi du, "sekulako eragina" izango duelako mugikortasun eta ingurumen ikuspegitik. "Batetik, ahalbidetuko digu udal bidegorri sarearen azken konexioa egitea eta Antzuolako sarearekin guztiz konektatzea, eta, bestetik, soluzioa emango diogu Bergaran urte askoan jaso ditugun Antzuolako ur zikinei; oso proiektu garrantzitsua da, hortaz". 

Elgetako proiektua, idazketa-fasean

Debagoieneko saneamendu-eskema osatzeko azken esku-hartzea Elgetako hondakin-urak bilduko dituen kolektorea izango litzateke. URA  proiektua idazten ari da, eta "behin betiko onartu eta eraikitzeko behar diren lurzoruak eskuratu bezain laster" lizitatuko dute.  Ur zikinak Ubera ibaitik Mekolaldeko Hondakin Uren Araztegira eramatea da helburua. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak