Joan den urriaren 17tik ikusgai daude Arena Power Solar 10 SLU enpresak Basalgo parke eolikorako aurkeztutako aurretiazko administrazio-baimen eskaera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio prozedura arruntaren hasiera eta hari lotutako azpiegiturena. Egun hartatik aurrera, alegazioak aurkezteko hilabeteko epea zabaldu zuten, baina epea luzatu egin dute orain, eta alegazioak jarri gura dituztenek abenduaren 22ra arteko denbora-tartea izango dute.
Sei aerosorgailu izango lituzke parke eolikoak –hiru Bergaran, bi Eibarren eta bat Soraluzen–, eta Elgetan ere izango luke eragina azpiegiturak: proiektuak aurreikusten du bertako lurretatik igarotzea parke eolikora ailegatzeko bidea.
Bergarako eta Elgetako udal gobernuen izenean, Gorka Artola eta Ibon Unzetabarrenetxea alkateek adierazi zuten proiektua aztertzen eta beharrezko alegazioak lantzen ari direla, eta ez dutela baztertzen alegazioak azpiegiturak eragina izango duen gainontzeko herrietako udalekin batera aurkeztea. Era berean, Unzetabarrenetxeak jakinarazi zuen "proiektuaren tamaina dela-eta" alegazio-epea luzatzeko eskatu zutela.
Herri plataformak eratzen
Gaiak kezka sortu du Debagoiena eta Debabarrena eskualdeetan. Eibarren proiektuari aurre egiteko plataforma bat martxan jartzea erabaki dute; eta Soraluzen eta Bergaran ere bilera irekiak deitu dituzte –biharko, hilak 19, eta datorren asterako, hurrenez hurren–, informazioa partekatu eta plataformak sortzeko aukerak aztertzeko.
Joseba Zuzaetaren esanetan –bergararra eta Larramendiko Arnasa taldeko partaidea–, "asmoa da herri bakoitzean plataforma bat sortzea eta nork bere dinamika eramatea", eta, behin hori eginda, "koordinatuko" direla erantsi du. Bitartean, gaia adituekin lantzen ari direla aurreratu du, eta "proiektuak hainbat hutsune erakusten" dituela adierazi: "Ustiapenaren aldetik, parke honek ez du zentzurik, ez dago haizerik; are gehiago, datozen hilabeteetan onartuko den berriztagarrien lurraldeko plan sektorialean desegokitzat jotzen da eremu hori". Enpresaren "trikimailuei" ere egin die erreferentzia, "parke eoliko bakarra izan beharrean, seitan banatu" duelako, "erraztasun gehiago izateko Red Electrica Españolarekin konexioak lortzeko", eta "arnas luzeko lasterketa izango" dela esanez bukatu du: "Uste dut, informazioa izaterakoan, jendea mugituko dela. Honek luze joko du".