Puntua aldizkariaren 476. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Esaldi bakar batek ez zuen aspaldian horrenbesteko zirrara eragin: Españoles, Franco ha muerto. Espainiako Gobernuko presidente Carlos Arias Navarroren ahots tristeak poza eragin zuen telebistaren beste aldean zeuden milaka eta milaka pertsonarengan. 36 urteko diktaduraren amaiera zen, trantsizio deitu zitzaion aro berri baten hasiera. Handik bi egunera, Juan Carlos I.a Borboikoa Espainiako errege izatera pasa zen, Francok sei urte lehenago haren ondorengo izendatutako pertsona. Diktadoreak esan bezala, "lotuta, ondo lotuta" utzi zuen Espainiaren etorkizuna. Esaterako, 36ko gerran Errepublikaren aurka matxinatutakoei eta erregimen frankistak egindako krimenei amnistia eman zitzaien 1977an, artean guztiz frankistak ziren Espainiako Armadako buruen mehatxupean. 1977ko Amnistia Lege hura indarrean dago oraindik, eta eragotzi egiten du frankismoaren biktimek egia osoa jakitea.
Hori horrela, Espainia da, munduko demokrazien artean, diktadura garaiko estatu-terrorismoa ikertu ez duen bakarra; gutxienez 88.000 gorpu daude hobi komunetan ehortzita; Gobernuaren datu ofizialen arabera, horietatik 8.941 gorpu atera dituzte hobietatik, eta 70 identifikatu; %1 baino gutxiago. Hain zuzen, elkarte memorialisten aldarrikapen nagusietako bat hori da, biktimen senideek euren aitona-amonekin zehazki zer gertatu zen jakiteko aukera izatea. Intxorta 1937 kultur elkarteak 1986tik dihardu gertuko eta ezkutuko iragan haren bazterrak arakatzen. Hasieratik da bertako kide Juan Ramon Garai. Dioenez, "udalek, alderdi politiko gehienek, historialariek, unibertsitateek… inork ez zuen ezer jakin nahi 36ko gerrako galtzaileekin gertatu zenari buruz".
Hortaz, garai ilun haren lekuko izan zirenak elkarrizketatzen eta artxibo historikoetako agiriak ikertzen lortu dute guda haren tamainaren ahalik eta argazki osatuena egitea. 1986koa da publikoki egin zuten lehenengo ekimena: "Erakusketa bat ireki genuen Arrasateko Monterron jauregian, eta zeharo arrakastatsua izan zen; lehen aldia zen frankismoaren gaia azaleratzen zela herrian".
Gaineratu du Intxorta 1937 moduko elkarteek egindako lanagatik izan ez balitz, matxinatuen aldekoek jasandako kalteak bakarrik geratuko liratekeela jasota: "Hau da, gerra bukatu zenean, Francoren aldekoen egia gailendu zen, baina Franco hil zenean, bazirudien aukera zabaldu zela justizia eta egia osoa jakiteko. Kontrara, 1977ko Amnistia Legea onartu zutenek –PSOE, PCE, EAJ...– euren aldeko gudariek eta zibilek jasan zutena ahaztearen aldeko hautua egin zuten".
"Kalitate txikiko demokrazia"
Halako erabaki politikoek talka egiten dute, Garairen esanetan, "trantsizio eredugarriak 50 urteko demokrazia" ekarri zuela moduko aipamenekin: "Baieztapen horrekin ez gaude batere ados. 50 urteko inpunitatea dela esaten dugu guk. Franco hil ondoren, boterea esku beretan mantendu zen, inolako depuraziorik egin barik, Armadan, Epailetzan, Administrazioan, segurtasun indarretan, egitura olitikoetan, legegintzaldietan, eta baita eguneroko hizkeran ere. Estatuko hiru botereek eraikitako zigorgabetasun sistemak gaur egun arte iraun du, funtsean. Botere legegileak 1977ko Amnistia Legea, Sekretu Ofizialen Legea eta Mozal Legea bezalako legeak mantentzen ditu".
Gogoratu duenez, oraindik ez dira onartu gizateriaren aurka egindako krimenen ikerketa judiziala exijituz aurkeztutako 115 kereila baino gehiago, Debagoienekoak barne, Arrasateko, Bergarako eta Elgetako udalek aurkeztutakoak: "Horregatik, esan beharrean gaude hemengoa kalitate txikiko demokrazia bat dela".
Sufrimendu amaigabea
Gerraren testuinguruaz baliatuta, zibilen aurkako hilketak dira krimen haien espresio gorena. Bando bien arteko liskar eta bonbardaketetan, gerran parte hartzen ez zebiltzan pertsonak ere hil ziren. Bestetik, matxinoek genero zigorrak aplikatu zizkieten emakume eta neskatilei, hala nola bortxaketen bidez, eta ilea motz-motz ebaki eta errizino-olioa hartzera behartuta.

"Apaizen esanetara zeuden
herriak, beldurtuta bizi
ginen zeharo"
Maria Luisa Mendizabal
Behin gerra bukatuta, dozenaka bidegabekeria sufritzen jarraitu behar izan zuten bando galtzailekoek: "Debagoieneko lantegietatik milaka langile kaleratu zituzten, maisu-maistrak eta udal langileak barne. Negozioak, lantegi txikiak, tabernak, dendak, estankoak... itxi egin zituzten. Askorentzat herritik ihesi joatea zen aukera bakarra, eta, itzuli zirenean, euren etxeak hutsik aurkitu zituzten hainbatek, josteko makina, altzari eta arropa faltan, irabazleen etxeetara eraman zituztelako. Bankuetako kontuak ixtearekin batera, isunak jartzen zizkieten, dohaintza bezala mozorrotuta".
97 urte dituen Maria Luisa Mendizabal antzuolarrak herrian apaizek agintzen zutela du gogoan. "Nahi beste lursail eta nekazaritzaproduktu konfiskatzeko eskubidea zuten, Domu Santu egunean eta halako data berezietan elizara opilak eta bestelako opariak eramatera behartuta geunden, eta, egin ezean, gai ziren zure etxera joateko, kontu eske. Debekatu egiten ziguten neskei mutilekin elkartzea... Beldurgarria zen, beldurra sartu ziguten barren-barreneraino".
36ko gerrako datuak
| Fusilatu eta desagertuak | Hildako erresistenteak | Gerrako ume erbesteratuak | Espainiako Estatuan preso | Frantziako Estatuan preso | |
| Antzuola | 1 | 2 | 10 | 16 | 1 |
| Aretxabaleta | 12 | 29 | 65 | 20 | 1 |
| Arrasate | 52 | 145 | 335 | 419 | 70 |
| Bergara | 19 | 75 | 174 | 225 | 38 |
| Elgeta | 7 | 39 | 2 | 71 | 3 |
| Eskoriatza | 7 | 4 | 16 | 12 | 2 |
| Leintz Gatzaga | 6 | 1 | 0 | 0 | 4 |
| Oñati | 22 | 30 | 35 | 137 | 15 |
| Debagoiena | 126 | 325 | 639 | 900 | 134 |
Gizarte ekimenak ugaritzen
60ko hamarkadara heltzerako, bazegoen belaunaldi berri bat hogei urteko lehortea atzean utzi eta ekintzara pasatzeko gogoa zuena. Francoren esanetara jarduten zuten udalak ez ziren gai edo ez zuten gura herrien benetako beharrei erantzun, eta gizarte zibila antolatzen hasia zen kultura, gizarte eta politika arloetan. Herri mugimenduen txinparta piztuta zegoen. Bergaran, esaterako, Manolo Cainzos historialariak Herri Mugimendua-Un movimiento ciudadano liburuan ekarri zuen testuinguru hura argitara.
Alkartunai eta Promocion Cultural Bergaresa elkarteetan gorpuztu zen gauzak aldatzeko grina hura Bergararen kasuan. Hala, gaur egun finkatuta dauden zerbitzu asko jarri zituzten martxan: Aranzadi Ikastola, Zientzia Museoa, zaharren egoitza, UNED, anbulatorioa, pintura tailerra, zinekluba... Orduan eskuratu zuten Bergarako lehen anbulantzia ere.
Alkateak ere, ekinean
Franco hil eta ondorengo urtean, alderdi politikoak oraindik legez kanpokoak zirela, lege berri batek baimena eman zien udaletako zinegotziei alkatea aukeratzeko. Udalbatzako kideen gehiengoak hala erabakita iritsi zen Bergarako alkatetzara Jose Luis Elkoro, eta Alkateen Mugimendua sustatu zuen 1976tik 1980ra, beste hainbat herritako alkateekin batera; tartean, Arrasateko Jose Antonio Altunarekin, Elgetako Patxi Basaurirekin eta Eskoriatzako Javier Errastirekin. Foruen abolizioaren 100. urteurrena mugarri hartuta, lege zaharren berreskurapena aldarrikatu eta ikurrinaren legalizazioa eskatu zuten Hego Euskal Herri osorako. Euskal presoen eta euskararen alde ere posizionatu ziren administrazio frankisten aurrean, eta saiakera egin zuten euskal indar politikoek bat egin zezaten.
Giza eskubideen ukazioa
Espainiaren batasun ideologikoaren izenean, Francoren erregimenak edozein disidentzia politiko, kultural edo sozial indargabetzea zuen helburu. Honako neurri hauek hartu ziren:
• Liburuetan, prentsan, irratian, zineman eta antzerkian zentsura.
• Katalanaren, euskararen eta galegoaren erabilera publikoaren debekua.
• Alderdi politiko eta sindikatu guztien debekua. Ideologia politiko liberal eta ez-kontserbadoreen debekua.
• Emakumeak legez diskriminatuak, adingabeekin edo gaitasun urrituak zituzten pertsonen pare.
• Emakumeek senarraren baimen beharra lan egiteko edo administraziokudeaketak egiteko.
• Emakumeen adulterioa espetxe-zigorrekin zigortuta.
• Emakumeek karrera diplomatikorako oposizioak egiteko debekua.
• Emakumeek 25 urte bete arte etxetik bakarrik irteteko debekua.
• Kaleko prostituzioaren debekua eta jazarpena.
• Homosexualen eta transexualen aurkako jazarpena.
• Inauterien debekua.
Zenbateraino gara kontziente?
Frankismoak ekarri zuenari eta haren hondarrek ekarri dutenari dagokienez, Garairen arabera, "ez gara erabat jabetzen" noraino heltzen diren Zuzenbide Estatua sostengatzen duten egiturak. Urriaren 12an Gasteizen Falangek deitutako kontzentrazioa jarri du argudio horren adibide: "Falangeren kontzentrazioa onartuta, faxistei babesa eman zion Eusko Jaurlaritzak. Horren aurrean, Euskal Herriko hamalau talde memorialistak adostu dugu salaketa bat aurkeztea Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen eta Biktimen Arretarako Zuzendaritzan, Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoaren Legean eta Memoria Demokratikoari buruzko Espainiako Legean jasotako arau-hauste administratiboak direlako. Era berean, Estatuko Gobernuari eskatu diogu Falangea legez kanpo uzteko".

"Gertatutakoaren transmisioa
egin ezean, arazoak izango ditugu"
Desadostasunak eduki arren, onartzen du erakundeek "jauzi kualitatibo" bat eman dutela, eta norabide horretan jarraitzea komeni dela: "Memoria kolektiboak indartzeko, artxiboetarako arrazoizko sarbidea bermatzeko, eta iraganean zer gertatu den jakitea sustatzeko garaian, bereziki. Izan ere, borondatez egiten dugun lana burokratizatu egiten dute. Egia da batzuetan lan hori diruz laguntzen dutela, baina erakundeei merke irteten zaie. Gure eskaerak entzun behar dituzte, eta euren gain hartu gaur egun egia, justizia eta erreparaziorako eskubidea eragozten duten pitzadurak".
Frankismoaren taupadak itzal daitezen, beharrezkoak jotzen ditu memoria kritikoa eta egiaren pedagogia publikoak: "Diskurtso batzuen zigorgabetasunari, eskubide batzuen desberdintasunari eta patriotismoz mozorrotutako nostalgiari aurre eginez bakarrik lortu ahal izango dugu benetan gizarte libre eta aske bat, bere buruaz jabetzen dena".
Iritzi berekoa da Hedoi Etxarte kazetari iruindarra. Irailaren 26a heltzen den bakoitzean egiten den ekitaldian –tropa frankistak Debagoienera sartu ziren eguna– hartu zuen parte, eta amama Pilar Berezibar arrasatearrari eskainitako gutuna irakurri zuen: "Zorionez, amamak gerrari buruz hitz egiten zigun. Gertatutakoaren transmisioa egin beharra dago, bestela, etorkizunean arazoak izango ditugu, halakoak ziklikoki gertatzen diren neurrian".
"Nahi baino traba gehiago aurkitu ditut parean"

Florentzia Olazagoitia Ceciagaren bilobak, Nati Roak (Arrasate, 1954), urteak daramatza amamaren gorpuzkiak identifikatu guran.
Nor zen zure amama Florentzia?
Emakume sozialista eta errepublikanoa zen, Tomas Roarekin ezkondua. 38 urte zituen, hiru seme-alaba txiki, eta bost hilabeteko haurdun zegoen atxilotu zutenean. Emakume langilea zen, ausarta, eta baserritik esnea jaisten zuen saltzeko. Baina norbaitek salatu egin zuen.
Zer gertatu zen 1936ko irailaren 26 hartan?
Egun hartan sartu ziren tropa nazionalak Arrasaten. Amama Udala auzotik jaisten ari zen, 10 urte besterik ez zuen nire aita Eduardorekin. Guardia Zibilak atxilotu egin zuen eta erreketeek haurra frontera eraman zuten. Hiru urte eta erdi eman behar izan zituen gerran; izugarria.
Non izan zuten atxilotuta amama?
Lehenengo, Arrasateko udaletxeko etxabean. Gero, dokumentu batzuen arabera, Ondarretako espetxera eraman zuten, baina ez dago zerrendan. Dakigun azken gauza da Oiartzungo neskatilen eskolan eman zituela bere azken egunak, beste hiru emakumerekin batera: Maria Areitio, Francisca Oyanguren eta Paula Mugica. 1936ko azaroaren 5etik 6rako gauean fusilatu zuten, 39 urte bete eta berehala.
"Kapitulu hau ixteko aukera izatea baino ez dugu eskatzen biktimen senideok"
Zer jakin zen haren semeaz, zure aitaz?
Egunkari frankistek, urte batzuk geroago, 11 urteko "boluntario" bat izan balitz bezala deskribatu zuten. Inork ezin dezake hori sinetsi. Behartu egin zuten. Burumakur itzuli zen, hitzik egin nahi gabe; beste bat zen. Etxean ez zen inoiz gertatutakoaz berba egin.
Noiz erabaki zenuen isiltasun hori haustea?
2011 eta 2014 artean. Gurasoen etxean kutxa gorri bat aurkitu nuen, gutunez eta agiriz beteta. Pandoraren kutxa deitu nion. Harrezkero nabil egia eta justizia eskatzen. Artxiboetarako eta espedienteetarako sarbidea eskatu nuen, baina ezin dugu nahi genukeen guztia kontsultatu. Erakundeek lagundu egin beharko ligukete, ez oztopatu.
Oiartzungo desobiratzean ere parte hartu zenuen, 2021eko irailean.
Uste nuen amamaren gorpuzkiak identifikatuko zirela, baina ez da horrela izan. Urteak daramatzagu emaitzen zain, eta Gogora eta Aranzadi oso gutxi komunikatzen dira gurekin. Pertsona bakarra identifikatu da, Hipolito Berasategi. Eta badakigu hobi horretan gutxienez bost emakume daudela.
Zer eskatzen duzu frankismoaren biktima baten senide gisa?
Errespetua. Entzun diezagutela, informatu gaitzatela. Senideei benetako arreta emateko bulego bat sortzea. Hobi bat ireki aurretik hitz egin dadila historia ezagutzen dutenekin. Beharrezko DNA probak egitea. Eta, batez ere, bizikapitulu hau ixteko aukera eman diezagutela.
Zer esango zenieke gaur Florentzia amamari eta Eduardo aitari?
Sentitzen dudala hitz egiten hainbeste berandutu izana. Ez ditugula ahazten. Eta amamari, espresuki, hemen jarraitzen dudala haren bila, justizia eskatzen, bai harengatik eta bai zigorgabetasunez lurperatu zituzten guztiengatik.
