24. Korrikak Atharratzetik Bilborako bidea egingo du martxoaren 19tik 29ra

Koldo Zubia Salas 2025eko azaroaren 13a

AEKk, korrikaren 24. edizioaren aurkezpen-ekitaldia egin du gaur, eguena, Gasteizko Izaskun Arrue Kulturgunean. Datorren urteko martxoaren 19tik 29ra Atharratzetik Bilborainoko bidea egingo du Euskara Gara lelopean, eta, omendua, Errigora ekimen herritarra izango da. 

Atharratzen hasiko da korrikaren 24. edizioa martxoaren 19an, eta hamar gau eta hamaika egunen buruan, Bilbon amaituko da martxoaren 29an. Hala aurreratu du AEKk Gasteizko Izaskun Arrue Kulturgunean egindako aurkezpen-ekitaldian. Hasteko, AEKren Nazio Kontseiluko kide Maialen Begiristain Gradok eta Lurdes Etxezarreta Artabek hartu dute hitza.

Begiristainek, Korrikaren 24. edizioak herritar guztientzat "aterpe ireki eta erosoa" dela nabarmendu du, eta, Etxezarretak berriz, euskara ardatz duen komunitatean eroso eta aske bizitzeko nahia erakutsi du.

'Euskara Gara' leloa

Edizio honetako leloa, jendartea helburu duen Euskara Gara izango da. “Euskarak denok bil gaitzake, euskara ez baita muga, arnasa baizik. Euskara zubi gisa landu behar da. Euskal herritar guztion hizkuntza komuna izan dadin nahi dugun heinean, kohesio sozialerako tresna ere izango da”, azaldu du leloaren harira Ane Elordik, Korrikako arduradunak.

Errigora omenduko dute

Bestetik, Errigora ekimen herritarra omenduko du Korrikak "euskaratik, euskararentzat eta euskaraz lanean egiten ari den ahaleginarengatik". Elordik azaldu duenez, "Nafarroan, euskara ofiziala ez den eremuetan euskalduntzean egiten duen esfortzua aintzatzeko era da, baita etorkizunerako hauspoa emateko ere". 

Azkenik, Korrika doako aplikazio berritua ere gaurtik aurrera, Android eta IOS sistema operatiboentzat eskuragarri egongo dela ere adierazi dute. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak