Debagoiena da Gipuzkoan klima aldaketarekiko kalteberatasun handiena duen eskualdea Aldundiaren arabera

Koldo Zubia Salas 2025eko azaroaren 13a

Gipuzkoako eskualdeek klima aldaketarekiko duten kalteberatasuna erakusten duen Aldundiaren mapa.

Klima aldaketara egokitzeko lehen lurralde eta udal plana onartu du Gipuzkoako Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak. Bertan, klima aldaketarekiko kalteberatasun handieneko eremu bezala izendatu dute Debagoiena, eta, batez ere, Aizkorri-Aratz parke naturaleko ingurua. Bestetik, arrisku ertaina ere ezarri diote eskualdeari, amezti eta pago baso azidofiloen presentziagatik.

Klima aldaketarekiko kalteberatasun handiena duen Gipuzkoako eskualdea da Debagoiena. Hala jaso zuten atzo, Jose Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatuak eta Monica Pedreirak trantsizio ekologikoko zuzendariak, klima aldaketara egokitzeko lurralde eta udal planaren aurkezpenean.

Batez ere, Aizkorri-Aratz parke naturala da arrisku maila handiena duen gunea, baso eta nekazaritza sektoreetan, muturreko tenperaturek, lehorteek eta suteek izan dezaketen eraginarengatik. Horrez gain, arrisku ertaina duen eskualde bakarra ere bada Debagoiena, amezti eta pago baso azidofiloen presentziagatik, eta hauek tenperatura aldaketekiko eta urarekiko duten sentiberatasunagatik.

Larrialdi klimatikoari erantzutea helburu

EAEn aitzindaria den programak, 23 neurri jasotzen ditu "landa ingurunea eta natura ondarea babesteko", eta 2025-2030 aldia hartzen du. Klima larrialdiko testuinguruan datorren plana da, eta, besteak beste, hiri babesleku klimatikoak sortzea, gizarte eta  osasun zerbitzuen sarea egonkortzea, nekazaritza dibertsifikazioa eta suteen aurkako prebentziozko basogintza planak jasotzen ditu bere baitan. "Larrialdi klimatiko batean, Gipuzkoak jarduten du. Berriz ere aitzindariak gara, klima aldaketara egokitzea ingurumen betebeharra dela ulertzen dugulako. Baina baita pertsonen bizitzarekiko, osasunarekiko eta duintasunarekiko betebeharra da", adierazi du Asensiok, Jasangarritasuneko foru diputatuak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak