Aurkezpenean, gainera, azpimarratu dute bi emakumetik batek indarkeria jasan duela Euskadin, eta, beraz, erantzukizun soziala, komunitarioa eta instituzionala dela, indarkeria matxistaren biktimei arreta eta entzutea.
Gizarte osoa aktibatzeko eskaera
Azaroaren 25eko Emakumeen aurkako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren kanpainak gogorarazi nahi du emakumeen aurkako indarkeria ez dela emakumeen arazoa soilik, gizarte osoarena baizik eta indarkeria matxista jasaten duten emakumeen inguruan sarea eta komunitatea sortzeko deia egiten du. "Ez da zure arazoa bakarrik, gurea ere bada lelopean eta indarkeriaren biktima baten alboan dagoen pertsona talde baten irudiarekin, kanpainak dei egiten du gizarte osoa aktiba dadin indarkeria matxistaren normalizazioa saihesteko", adierazi du Miren Elgarrestak, Emakundeko zuzendariak.
Euskal Autonomia Erkidegoko 4.500 emakumeri egindako Emakumeen aurkako indarkeriari buruzko inkesta-ko datuen arabera, Euskadin bizi diren 16 eta 85 urte bitarteko emakumeen % 48,2k noizbait pairatu du indarkeria-motaren bat bikotearen barruan edo kanpoan. 2 emakumetik batek. Salaketak kasuen % 15era iristen ez diren arren, emakumeen % 80k dio indarkeria horren berri ematen diela lagunei, senideei, ingurune hurbilari. "Horregatik da hain garrantzitsua gizarte aktibo eta kontzientziatu bat izatea".
Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak nabarmendu duenez, "emakumeek ahal duten moduan kontatzen ari dira, nahiz eta zaila izan; beraz, pilota gizartearen teilatuan dago batez ere, eta gizarteak erantzun, lagundu, ulertu behar ditu, sentitu behar du ez dela emakume batzuen arazo pertsonala, arazo soziala baizik".