2025eko Rikardo Arregi Kazetaritza Sariek badituzte finalistak. Kazetaritza saria eta komunikazio saria emango dira, eta bakoitzerako lau finalista daude; lehenengo kategoria horretan dago Txomin Madinak aurkezten duen Datuetatik Tiraka saioa hain zuzen. GOIENAko lantalde zabalak parte hartzen du saioa egiten, hala nola, alde teknikoaren eta grafikoaren ardura duen Monika Monterok, erreportajeaz arduratzen den Goiatz Aranak eta datuen bilaketan eta xehatzean aritzen diren Itziar Larrañaga, Josu Bilbao eta Amaia Ramirez de Okariz.
"Oso pozik gaude finalista izatea lortu izanarekin. Erronka bat da programa bakoitzerako interesgarriak izan daitezkeen gaiak eta gai horren bueltan gure bailarako errealitatea hobeto ezagutzeko lagungarriak izan daitezkeen datuak bilatzea, baita horiek janzteko testigantza eta istorioak bilatzea ere. Baina ikusten dugu egindako esfortzuak balio izan duela, eta aitortzak aurrera egiteko indarra ematen digu", azaldu dute lantaldetik.
Saioak, gai zehatz baten inguruko datuetan oinarritutako atalak sortzen ditu, kalean jasotako herritarren iritziek, gaiaren bueltako istorio pertsonalek eta datuen analisia egiten laguntzen duten adituen esanek osatuta. "Askotan hotz eta urruneko jotzen ditugun datuak gertutasunez eta giza-beroz janzten ditu emanaldi bakoitzak. Saio honen bitartez, geroz eta konplexuagoa eta datifikatuagoa den gizarte honek kazetaritzari egiten dion erronka itzelari erantzuten dio Goienak, errealitate konplexua gerturatu eta interpretatzen eta hobeto ulertzen laguntzeko bitartekaritza funtzioa beteaz" aitortu du epaimahaiak.
Sari-banaketa azaroaren 26an
Miren Berasategi, Eneko Bidegain, Itxaro Borda, Angel Erro, Pantxika Maitia, Libe Mimenza, Marta Lasa eta Arantza Aguadok osatutako epaimahaiak kazetaritza sarietarako aukeratutako beste hautagaiak hauek dira:
- Mendez mende dabilen lanbidea garai berrietara egokitu nahian, Argia hedabiderako Jenofa Berrokoirigoinek sorturiko erreportajea.
- Ur handitan. Palestina, gatazka amaigabea, Baleukok ETBrentzat ekoitzitako ikus-entzunezkoa.
- Boiseko Jaialdiari buruz Nagore Arinek Berria hedabiderako sorturiko dokumentala eta kronikak.
Horrez gain, komunikazio saria ere banatuko dute honako finalista hauekin:
- Zurrunbilo, Elhuyarrek gazteen osasun mentalari buruz sorturiko proiektua.
- ULUA, Ulu Mediak gazteentzat sortutako hedabide digitala.
- Erdalduntze makina, GUKA Euskaltzaleen mugimenduak Bilbon eginiko kanpaina.
- ON.EUS ataria.
Sari-banaketa ekitaldia azaroaren 26an izango da, Andoainen, Bastero Kulturgunean. Ekitaldian zehar Jakoba Errekondo Saltsamendi agronomoari ohorezko mugarria ere entregatuko zaio.