Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak hilaren 17an jarri zuen jendaurrean Basalgo parke eolikorako aurkeztutako aurretiazko administrazio-baimen eskaera eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazio prozedura arruntaren hasiera, baita hari lotutako azpiegiturena ere, Bergarako eta Elgetako EH Bilduk jakinarazi dutenez. Haien hitzetan, proiektua Jaurlaritzaren eskumenekoa da, ez da udalen erabaki-esparruan kokatzen, eta hari dagokio informazioa ematea eta proiektuaren inguruko erabakiak hartzea. Hala ere, salatu du "energia-sorkuntzaren alorrean planifikazio estrategikoaren gabezia" dagoela Jaurlaritzan: "Uste dugu ezin direla energia proiektuak ikuspegi tekniko edo ekonomikotik bakarrik landu", eta, horrenbestez, ereduaren inguruko eztabaida publikoa, gardentasuna eta herritarren parte-hartzea "ezinbestekoak" direla ohartarazi dute.
2024ko maiatzean egin zuen Arena Power Solar 10 SLU enpresak eskaria, eta Elgeta –pasabidea izango da– eta Bergara ez ezik, Eibar eta Soraluze ere hartzen ditu lurrez; gaur-gaurkoz, ordea, EH Bilduk adierazi du ez dagoela behin betiko baimenik, ezta egikaritze faserik eta proiektuaren inguruko erabakirik hartuta ere. "Prozedura administratibo baten lehen fasean gaude, eta oraindik ez da zehaztu proiektua aurrera eramango den ala ez". Alegazioak aurkezteko epea egunotan ireki da, eta EH Bilduk gobernatzen dituen udalek proiektuaren eta izan dezakeen eraginari buruzko alegazioak aurkeztuko dituzte, "egoki" ikusten dituztenak, "eta baita biodibertsitate zein faunaren ikuspegiari" loturikoak ere.
Printzipio batzuei erantzun beharra
EH Bilduren esanetan, era honetako proiektuak trantsizio energetikoaren testuinguruan kokatu behar dira, "ikuspegi sozial eta iraunkorrak" aintzat hartuta; bada, bide horretan kokatzen dute Argitzen prozesu deliberatiboa. Horrez gain, azpimarratu du Basalgoko proiektuak aurrera eginez gero, honako printzipio hauei erantzun beharko liokeela: tokiko enpresa, erakunde eta komunitate energetikoei proiektuaren jabetzan parte hartzeko erraztasunak eman behar zaizkie; sortzen den energia gehiengoa lurraldeko enpresa, administrazio publiko edo komunitate energetikoen eskuetan prezio justu batean uzteko konpromisoa izan behar dute proiektuaren sustatzaileek; azpiegituren kokapenaren inguruko herritarren zein tokiko administrazioaren ekarpenak jaso behar dira, balio handieneko parajeak ekidinez, izan bertako basoetako ekosistema baliotsuak, izan nekazal lur estrategikoa, izan beste balio bereziak izan ditzaketen eremuak; eta, azkenik, klima-energia legeek ezarritakoez gain, proiektuen sustatzaileek konpentsazio neurri sorta bat negoziatu beharko dute tokiko erakunde zein herritarrekin, izen biodibertsitatearen onurarako neurriak txertatuz, izan lur zaintzailetza proiektuekin, eta abar.
 
                                    
