Basalgoko parke eolikorako aurkeztutako aldez aurreko administrazio-baimenaren eskaera jaso du Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak ostiral honetan iragarri duenez. Arena Power Solar da eskatzailea, egoitza Madrilen eta Sevillan duen enpresa. 39,6 megabatioko potentziadun sei aerosorgailu instalatzeko asmoa dauka Bergarako Basalgo auzoan, Eibar eta Elgeta arteko muga inguruetan.
Hala, gaur-gaurkoz Gipuzkoako lurretan eraiki asmo diren zazpi parke eolikoren proiektuak ditu esku artean Eusko Jaurlaritzak, fase administratibo desberdinetan. Basalgokoarekin batera, beste proiektu baten berri ere eman dute azken bi egunotan, kasu honetan Hernanin.
Debagoieneko hirugarrena
Aramaio eta Eskoriatza artean Itsaraz proiektua garatu gura du Statkraft enpresak, eta Antzuola eta Urretxu artean Trekutz izenekoa Cilda Energy SLUk. Hala, hiru enpresak dituzte orain bailaran parke eolikoak eraikitzeko administrazio-bideak irekita. Proiekturik handiena Statkraft-ek planteatzen duena izaten jarraitzen du, zortzi aerosorgailu eta 60,4 megabatioko potentziarekin.