Berandu Baino Lehen taldearen disko berria

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2025ko urr. 21a, 11:09

Aretxabaletako Kuartelean entseatzen duen Berandu Baino Lehen hirukotea. Argazkia: Berandu baino lehen.

Euskarazko bederatzi kantu batzen dituen Musikaren doinua baino dirua nahiago bigarren lan luzea argitaratu du aretxabaletako hirukoteak, CD eta binilo formatuetan; Kale gorrian nahiago kantuaren bideoklipa sarean du ikusgai.

Mikel Arregi antzuolarrak –gitarra-jolea eta ahotsa–, Jokin Narbaiza bergararrak –bateria-jolea– eta Xabier Zugasti aretxabaletarrak –baxu-jolea– 2021ean sortu zuten taldea da Aretxabaletako Kuartelean en- tseatzen duen Berandu Baino Lehen. Utopian zein diskoa argitaratu zuten 2023an eta Musikaren doinua baino dirua nahiago izenekoa argitaratu dute orain.

CD eta binilo formatuetan eta Bandcamp plataforman dago eskuragarri.

Bederatzi kantu

"Gustura daude" Tolosako Bonberenea gaztetxeko estudio zaharrean Eguzki Azkaraterekin grabatu eta masterizatu duten lanarekin. "Esperientzia polita izan da, konfiantza osoa genuen Eguzkirekin eta pozik gaude emaitzarekin. Bederatzi kantu dira, euskaraz abestutakoak guztiak. Musika estiloari dagokionez, aurreko lanaren bidetik jarraitzen du; hau da, punk-rock azkarra da oinarrian, baina disko berriak ukitu rockerragoa duela esango nuke", kontatu du Mikel Arregik.

Kantuen hitzei erreparatuta, euren egunerokotasuna eta gi- zarte gaiak dituztela berbagai gaineratu du: "Gure amorruak eta frustrazioak daude hitzetan. Gure arazoen edo buruhausteen inguruan kantatzen dugu: etxebizitzaren arazoa, polizia... AEBetako Sydney Ducks taldearen bertsio bat ere sartu dugu, euskaraz abestuta hori ere. Diskoaz gainera, bideoklip bat ere argitaratu dugu; kantuak gai serioa duen arren, nahiko dibertigarria geratu dela esan digute".

Kontzertuak, lotuta

Arrasateko gaztetxean eta Gasteizko Ttipia tabernan izango dira dagoeneko, eta besteak beste, Antzuolan azaroaren 29an izango dira eta Bergaran ere badute jotzeko asmoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak