Bailarako errekak garbitzera jaitsi dira herritarrak gaur goizean, Debagoienean Errekak Bizi Auzolanean egitasmoak antolauta. Aretxabaletan izan dira goiztiarrenak. 09:30ean elkartu dira plazan eta hiru taldetan banatuta erreka hiru zatitan garbitu dute. Gainerako herritan 10:00etatik aurrera egin dituzte hitzorduak.
Zabor txikienetik hasi eta objektu handiagokoak atera dituzte ibaietatik. Hala nola, robot xurgagailuak, supermerkatuko orgak, telebista, patineteak edota alfonbraren bat edo beste. Dena den, herri guztietan esan dutena izan da plastikozko hondakinak atera dituztela gehien. Bergaran nabarmendu dute Tavex eta Algodonerako tela zaharrak ere atera dituztela, gaurkoan Labegaraietatik Elorregirako tartea garbitzen aritu baitira. "Nik ez dakit zenbat urte pasa diren itxi zirenetik, baina 25 urte pasako ziren, eta oraindik ere tela mordoa zegoen", zioen Bergaran parte hartu duen Amaia Velez de Mendizabalek.
Gustura egunak emandakoarekin
Halaber, zenbait herritan nabaritu da aurreko urteetan egindako garbiketa, baina zaborrak erreketan pilatzen jarraitzen du. Arrasateko tarte batean arduraduna izan den Josu Peredak azaldu duenez, iazko antzeko kopurua atera dute. Nabarmendu du gaurko egunari Erreka garbiketa eguna deitzen zaiola, baina garrantzitsuena sentsibilizatzea eta kontzientziatzea dela. "Gaur bi ordu eta erdiko ekinaldia egin dugu eta ahal izan duguna atera dugu. Kaka pila bat geratu da atera barik".
Balorazio "polita" egin du: "Parte hartu duten gazteekin ikusi dugu kontzientziazio maila badutela, eta ikusten da eskolan ere gai hauek lantzen dituztela. Kutsadurarekiko badute kontzientzia, eta hori da ikusi duguna. Positiboa da hori, eta pozik gaude".