Palestinaren aldeko lanuzteekin bat egin dute Debagoienean ere

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko urr. 15a, 07:02

Gazako genozidioa salatzeko eta erakunde publikoei eta enpresei Israelekin duten harreman komertzial oro etetea eskatzeko, hiru orduko lanuzteak deitu dituzte gaurko LAB, CCOO, UGT, ESK, Steilas, CGT, Etxalde eta Hiru sindikatuek; ELAk ez du bat egin deialdi horrekin, baina lau orduko lanuzteak deitu ditu.

Palestinaren aldeko lanuzteen deialdiak eragina izango du Debagoienean gaur, bat egin baitute hainbat langilek. Udalei dagokienez, esate baterako, Antzuolan eta Elgetan itxita egongo dira udal zerbitzuak 11:00etatik 14:00etara, eta Aramaion berriz, 15:00ak arte, gutxieneko zerbitzuak egongo diren arren.

Herri handiagoetan, berriz: Arrasaten, Udal Bilblioteka eta Musakola, Iturripe eta Uarkape kiroldegiak itxita egongo dira 11:00etatik 15:00etara eta 19:00etatik 22:00etara, eta etenak egon daitezke Biztanleen Arreta Zerbitzuan ere; garraio zerbitzua, hala ere, martxan egongo da %30eko murrizketarekin.

Bergarako udal langileek ere lanuzteak egingo dituzte 03:00etatik 06:00etara, 11:00etatik 15:00etara eta 19:00etatik 22:00etara; horrek, horrenbestez, eragina izango du udal zerbitzuetan.

Aretxabaletan itxi egingo dute udaletxea 11:00etatik 14:00etara bitartean eta ez dute zerbitzurik emango, ezta epaitegian ere. Ibarra kiroldegiko langileek ere bat egingo dute lanuztearekin ordutegi horretan eta Udal liburutegiak ateak itxiko ditu 11:30etik 13:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.

Oñatiko daturik, gaur-gaurkoz, ez dago.

Hezkuntzan egun osoko greba deia

Ikastetxeetan egun osoko greba deialdia dago egina, eta honako hau da Debagoienean izango duen jarraipena: Antzuola Herri Eskolan, irakasleen %13ak egingo du greba eta gainontzekoak lanera joango dira; Aretxabaletan, Kurtzebarri LHn ez dute greba egingo; Arrasaten, Arizmendi ikastolako langileek bat egin dute –baita Almenekoek ere, Eskoriatzan–, eta, zerbitzu minimoez gain, ez da ohiko eskola saiorik egongo; Bergaran, Ipintza institutuko 62 irakaslek lanuztea egingo dute, baina 11:00etatik 15:00etara artatuta egongo dira ikasleak, eta Aranzadi ikastolak, berriz, greba egingo du; Elgetan, hiru ordukoa izango da lanuztea, 11:00etatik 14:00etara; Eskoriatzan, grebarekin bat egin dute Luis Ezeiza Herri Eskolako irakasleen %85ak, eta greba egingo dute; Oñatin, Txantxiku ikastolan eta Urgainen egun osokoa izango da greba, zerbitzu minimoekin, eta baita Oñati institutuan ere, %63ak baiezkoa bozkatuta eta %33ak ezezkoa.

Aretxabaletako Kurtzebarri DBHko daturik, gaur-gaurkoz, ez dago; ezta Bergarako Mariaren Lagundia ikastolako eta San Martin Agirre Herri Eskolakorik ere. Aramaioko San Martin eskolan eta Elgeta Herri Eskolan grebak izango duen jarraipena ere ez da jakinekoa.

Lanuzteak enpresa eta unibertsitateetan 

Enpresetan ere lanuzteak daude deituta, eta bozketan baiezkoa atera da, besteak beste: Antzuolan, Oerlikon-Balzers eta Goizperren; Aretxabaletan, Copreci eta Leintz Udal Euskaltegian; Arrasaten, Fagor Arrasate, Fagor Automation eta Goiena Komunikazio Taldean; Bergaran, Lazpiur, Jean y Chamount eta Arcelorren; Eskoriatzan, Ederlanen; eta Oñatin, Garay eta Natran. Badira, ordea, bozketarik egin ez arren, lanuzteak era autonomoan egingo dituztenak; esaterako, Alecop, Elay, Dikar, Ekide, Betik, Chinchurreta, Torunsa, eta Debagoieneko ospitalea eta herrietako osasun etxeak, erabakia pertsonala denez, gaur ikusiko baita zein den grebaren eragina.

Horrez gain, honako hauek, besteak beste, ez dira lanuzteetara batu: Laboral Kutxa zentrala, Ikerlan –bazkide batzuek greba egin dezaketen arren–, Nemesio Zubia eta Bergarako Eroski. Eta bada deialdirik egin ez den konpainiaren bat ere; adibidez, Soraluce, TTT eta Laibe.

Unibertsitateei dagokienez, Mondragon Unibertsitatean: Enpresagintza Fakultatean eta Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean lanuztea egingo dute; Goi Eskola Politeknikoan, berriz, ez da bozketarik egin, baina era autonomoan egin dezakete bat mobilizazioekin.

Mobilizazioak eguerdian eta iluntzean

Mobilizazio nagusiak hiriburuetan egingo dituzte baina Debagoienean ere hainbat izango dira. Eguerdian, 12:00etan, Oñatiko Foruen plazatik abiatuta, manifestazioa egingo dute Genozidioarekin negoziorik ez leloarekin, Oñati Palestinarekin taldeak deituta.

Ikamak, ostera, Arrasateko plazan elkartzera deitu du, 12:00etan, Genozidioa gelditu. Ikasleok Palestinarekin leloarekin.

Eta Aramaion, kazerolada egingo dute 11:30ean, plazatik abiatuta.

Iluntzean Debagoieneko herri gehienetan izango dira mobilizazioak, 19:30ean, Gernika Palestina herri ekimenak deituta: Arrasaten eta Bergaran manifestazioak egingo dituzte; Antzuolan eta Aramaion, elkarretaratzeak; eta Oñatin, Aretxabaletan eta Eskoriatzan burrunbadak. Guztiak izango dira udaletxeen aurrean –Aretxabaletan izan ezik, Mitarte kalean egingo dute–.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak