Ikasketetan jauzia eta aldaketak

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025ko urr. 14a, 09:39

Ikasleak Gasteizerako autobusera igotzeko prest, Eskoriatzako Eduardo Gorosarriko autobus-geltokian.

Iraila hastearekin batera dator ikasturte hasiera. Zenbaitendako lagunekin elkartzeko unea izaten da, baina beste batzuendako aro aldaketa izaten da, hainbat urtetako eraikina eta lagunak utzi eta haien etorkizuna markatu dezakeen etapan sartzen direlako: unibertsitatean edo Lanbide Heziketan. Esperientzia eta aldaketa nolakoa izan den kontatu digute ikasketak hasi berri dituzten Debagoieneko zortzi ikaslek.

Puntua aldizkariaren 471. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Udako opor luzeen ondoren, errutinara itzuli behar izan dute ikasleek. Errutina berria da, ordea, askorendako, unibertsitateko edo Lanbide Heziketako ikasketei ekin dietelako. Mondragon Unibertsitatean, esaterako, 7.450 ikasle matrikulatu dira, eta horietatik 2.421 dira ikasle berriak. Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU), berriz, 35.000 ikasle pasatxo matrikulatu dira, eta ia 9.000 dira berriak. EHUk emandako datuen arabera, 707 ikasle debagoiendar ari dira ikasten EHUn, eta horietatik 186 aurten hasi dira.

Lanbide Heziketari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, 65.710 plaza eskaini dituzte, eta 50.902 ikaslek hasi dute ikasturtea. Dena den, matrikula urriaren 17ra arte dago zabalik. Bailarako datuei dagokienez, Debagoieneko Garapen Agentziaren arabera, eskualdean Lanbide Heziketa eskaintzen duten zazpi zentro daude, eta 1.596 ikasle daude guztira; aurreko ikasturtean baino 43 gehiago. Eskualdean goi mailako zikloek dituzte ikasle gehien: 789. Jarraian datoz erdi mailako zikloak –622 ikasle–, oinarrizko Lanbide Heziketa –131 ikasle– eta espezializazio programak –54 ikasle–. 

Unibertsitateko eta Lanbide Heziketako eskaintza zabalaren artean, ordea, zein ikasketa aukeratu dituzte debagoiendarrek? Euskal Herrian geratu dira ala kanpora joan dira? Hemen geratu arren, pisua alokatu edo joan-etorria egiten dute? Zer-nolako esperientzia ari da izaten? Ikasketak hasi berri dituzten zortzi ikasle debagoiendarrekin egon gara, haien testigantzak jasotzeko.

"Hasieran, errealitate-kolpea jaso nuen"



IZARO ARMENDARIZ MEDIKUNTZA GRADUKO IKASLEA EHU-N.

Medikuntza hasi berri du EHUn, Leioako Campusean, Izaro Armendarizek (Aretxabaleta, 2007). Oso argi zeukan zer ikasi nahi zuen, eta "oso pozik" dago haren lehen aukeran sartu izanaz, "nahiko zaila" izaten delako.

Espero zenuena aurkitu duzu?
Egia da lehenengo egunean errealitate-kolpea jaso nuela. Pentsatzen nuen lehendabiziko hilabeteak lasaiagoak izango zirela. Egutegian ikusten duzu gauza handirik ez daukazula, baina lehendabiziko egunean 15 data zehaztu zizkiguten azterketen egutegian.

Kostatu egin zaizu erritmo berrira ohitzea?
Oraindik ez naiz guztiz egokitu, baina poliki-poliki ari naiz. Uste dut, ordea, kostatuko zaidala; azkenean, gauza berri asko dira. Jende berria ezagutu beharra, erresidentziako lagunak...

Erresidentzian bizitzea zelan daramazu?
Leioan bertan dago, eta oso gustura nago. Lagunak azkar egiten dituzu, eta lehenengo astean nobatada pila egin dizkigute, elkar ezagutzeko.

Pisuan bizitzea nahiago?
Ez dudanez pisuan bizitzea zer den ezagutu, erresidentziarekin geratzen naiz. Gainera, janaria eta dena eginda daukat. Zure gauzetara zaude; ikastera eta ondo pasatzera zatoz.

Astebururo itzuliko zara?
Printzipioz, bai. Familia eta lagunak herrian dauzkat, eta garrantzitsua da haiekin egotea. Helduko da astebururen bat hemen ikasten geratuko naizena, baina espero dut oraindik urrun egotea.

"Lehen eguna oso luzea egin zitzaidan"



EKHI LARRAÑAGA LEHEN HEZKUNTZAKO GRADUKO IKASLEA MU-N.

Bigarren aukera zena lehendabiziko bihurtu da Ekhi Larrañagarendako (Antzuola, 2007). Irailean hasi da Lehen Hezkuntzako gradua ikasten, Mondragon Unibertsitatean.

Zure lehen aukera zen Lehen Hezkuntzako gradua?
Ez; hasieran, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradua ikasi nahi nuen, baina ez nuen nota nahikorik lortu. Hala, bigarren aukera ziren Irakasle ikasketak lehen aukera bihurtu ziren. Honen ondoren, kiroletakoa egingo dut, ziurrenik.

Espero zenuena aurkitu duzu bertan?
Bai; jende berri asko eta leku askotakoak. Baita eraikina eta ikasteko modu berriak ere.

Nolakoa izan zen lehen eguna?
Oso luzea egin zitzaidan. Oraindik ez nuen jendea ezagutzen eta iritsi ginenetik bukaerara arte azalpenak eman zizkiguten.

Joan-etorriak nola egiten dituzu? Nekagarria da?
Elgetako ikaskide batek eramaten du autoa, eta harekin joaten naiz. Antzuolakoa izanda, nahiko ohituta gaude autobusean edo autoan joaten leku askotara; baina bai, bada nekagarria.

Probatu duzu eguen unibertsitarioa?
Oraindik ez [Barre].

Aldatu egin da zure bizitza soziala?
Dezente. Lagun batzuk kanpora joan dira ikastera, eta beste batzuek ez daukate kalera ateratzeko denborarik. Gainera, eskolak arratsaldez dauzkagu, eta horrek dena zailtzen du.

"Betiko lagunekin irteten jarraitzen dut"



JON CABELLO ELEKTROMEKANIKAKO IKASLEA ARETXABALETAKO ALE-N.

Elektromekanikako erdi mailako zikloko ikasketak ziren Jon Cabelloren (Eskoriatza, 2008) lehen aukera, autoak eta motorrak gustuko dituelako, eta pozik dago, Aretxabaletako Lanbide Eskolan plaza lortu duelako orain arteko ikasketei jarraipena emateko.

Hasi aurretik zer espero zenuen aurkitzea, eta zer aurkitu duzu?
Talde txikiagoa espero nuen, baina argi dago gure inguruan autoekiko zaletasuna nabarmena dela; beraz, gela handia gara.

Nolakoa izan zen zure lehenengo eguna?
Lasaia; taldean elkar ezagutu genuen eta ikastetxea bera ezagutu genuen. Ni aurretik ate irekietara etorrita nengoen, eta ezagutzen nuen.

Denbora igaro da hasi zinenetik; zelan joan dira aste hauek?
Ondo. Gainera, tailerrean sartzen hasi gara, eta hori dut gustuko.

Kostatu egin zaizu erritmo berrira ohitzea?
Ez; opor luzeak izan ditugu eta gustuko ditudan ikasketak egiten hasi naiz. Horrenbestez, pozik.

Eskoriatzatik Aretxabaletako joanetorriak nola egiten dituzu?
Autobusez, lagun batzuekin.

Aldatu egin da zure bizitza soziala?
Ez; betiko lagunekin irteten jarraitzen dut, nahiz eta aurten bakoitzak bere ibilbidea jarraitu.

Kuadrilla osatu duzu eskolako lagunekin?
Autobusean etortzen naizen bi lagunekin egoten naiz.

"Lehen eguna ez zen erraza izan"



NAHIA SANCHEZ ADMINISTRAZIO ETA FINANTZA IKASLEA MIGUEL ALTUNAN.

Nahia Sanchezek (Aramaio, 2007) unibertsitatera joateko asmoa bazuen ere, Administrazio eta Finantzetako goi mailako teknikari ikasketak hasi ditu Bergarako Miguel Altuna Lanbide Heziketan.

Zergatik aukeratu zenituen ikasketa horiek?
Unibertsitatera joatea pentsatuta nuen, baina batxilergoa ez zen batere erraza izan. Gainera, txirrindularitzan aritzen naiz eta denbora libre gutxi geratzen zait. Hortaz, erabaki nuen goi mailako ziklo bat egitea. Dena den, nire lehen aukera zen unibertsitatearen ondoren.

Aldaketa handia izan da?
Hasieran, bai. Ez zuen zerikusirik batxilergoarekin.

Lehenengo egunaren zer oroitzapen duzu?
Ez zen batere erraza izan. Ez nuen inor ezagutzen, eta pixka bat kostatu zitzaidan.

Lehen asteak pasata, hobeto?
Nahiko gustura, jende eta gauza berriak ezagutzen. Gutxinaka-gutxinaka errutinan sartzen ari naiz.

Bidaiak; nola eta norekin?
Guraso batekin, Bergaran lan egiten baitu; itzuli, egunaren arabera. Batzuetan, autobusean joan behar izaten dut Arrasatera, eta han Aramaiorako autobusa hartu; bestela, gurasoren batekin.

Bizitza sozialean aldaketarik?
Berdin jarraitzen du, betiko lagunekin.

Eskolako kuadrillarik baduzu?
Ezagunak ditut klasekoak, baina zentroan baditut lagunak beste ziklo batzuk egiten.

"Pisuko elkarbizitzatik asko ikasten da"



ALEX MURUA GIZARTE LANGINTZAKO GRADUKO IKASLEA EHU-N.

Psikologia graduan sartu nahi zuen Alex Muruak (Oñati, 2006), baina bigarren aukera zuen Gizarte Langintzako gradua hasi da ikasten, Gasteizen.

Zergatik aukeraketa hori?
Gustuko dudalako gizartea ulertzea eta baldintza txarretan dauden eta zaurgarriak diren gizarte taldeei laguntzea.

Nolakoa izan zen lehen eguna?
Espero nuena baino zailagoa. Uste nuen hasierako urduritasunik ez nuela edukiko, baina unibertsitatera iritsi eta urduritzen hasi nintzen. Oñatiko batzuk nirekin daude klasean, eta haiek inguruan izateak lagundu egin zidan eguna errazago gainditzen.

Gasteizen ala Oñatin bizi zara?
Gasteizen, baina asteburuan herrira itzultzen naiz.

Pisuan geratzearen alde onak?
Askatasun handiagoa daukazu unibertsitateko bizitza egiteko; ez dauzkazu gurasoak gainean. Eta jendea ezagutzen duzu. Pisuko elkarbizitzatik asko ikasten da.

Alde txarrik?
Oñatin etxean gurasoek egiten didaten dena hemen nik egin beharra daukadala, eta hori, batzuetan, neketsua izaten da.

Bizimodu soziala aldatu egin zaizu?
Oñatin familia giroa daukat, kuadrilla, eskubaloia... Gasteizen ikasketak ditut, eta duela hiru aste ezagutu dudan kuadrilla. Oñatiko eta Gasteizko bizimoduak guztiz ezberdinak dira. Bi bizitza edukitzea bezala da.

"Lehen egunean euskaldunak fitxatu nituen"



LIBE AGIRRE INTERNATIONAL BUSSINESS ECONOMICS GRADUKO IKASLEA.

Hasieratik zuen garbi unibertsitate gradua ingelesez egingo zuela Libe Agirrek (Aretxabaleta, 2007), eta International Bussiness Economics gradua ikasten ari da (Nazioarteko enpresaekonomia), Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitatean.

Zergatik ikasketa horiek?
Bidaiatzea eta herrialdeak ezagutzea gustuko dut, eta etorkizunean munduko herrialde ezberdinetan lan egitea eta bizitzea gustatuko litzaidake. Ekonomia ikasketak interesgarriak iruditzen zitzaizkidan, eta ingelesez egin nahi nituen.

Nola hasi zenuen ikasturtea?
Esperientzia ona izan nuen. Egoitza batean nago orain, eta nire graduko zazpi pertsona daude. Horregatik, lehen egunean ez nengoen bakarrik. Gero, badakizu... aurkezpenak eta unibertsitateko bisita.

Egoitzan zer moduz?
Lehen egunetik saiatu dira guztiok talde baten parte garela sentiarazten. Beti gaude elkarrekin jatorduetan edo gauean irteterakoan.

Eguen unibertsitarioa probatu duzu?
Bai. Nire ordutegia ez da oso ona horretarako, baina klaseko guztiok agertu gara aurpegi txarrekin; beraz, ez dit askorik axola [Barre].

Euskaldunen kuadrillarik baduzu?
Lehen egunean bertako euskaldunak ongi fitxatu nituen. Gainera, berriak garen euskaldunak hiru gara, eta zerbait egiteko elkartzen garenean euskaraz hitz egiten dugu; lagun on bihurtu gara.

"Errutina guztiz aldatu zait"



JUNE ARRONDO ARTE GRADUKO IKASLEA EHU-N.

Txikitatik izan du lotura artearekin, eta Arteko gradua ari da ikasten June Arrondo (Bergara, 2007), Leioako campusean.

Zure lehen aukera zen?
Ez; historia ere gustuko dut, eta Gasteizen Historia ikastea ere pentsatu nuen.

Aurkitzea espero zenuena topatu duzu?
Antzekoa. Ikasgai guztiak nituen begiratuta, eta banuen ideia bat eginda. Egia da Arte Ederrak direnez ikasgai guztiak oso praktikoak direla, eta beldurra sentitzen nuen, bizitza osoan izan ditudan ikasketak oso teorikoak izan direlako.

Kostatu egin zaizu erritmo berrira ohitzea?
Ez da zaila izan, baina errutina guztiz aldatu zait. Goizero autobus bat hartu behar dut Bilbotik. 40 minutuko bidaia da, eta guztiz nekatzen nau. Horretaz aparte, ondo.

Zer moduz pisuan?
Hiru pisukiderekin bizi naiz. Esperientzia ona ari da izaten, guztiz ezberdina delako gurasoekin bizitzearekin alderatuta. Nik kozinatzen dut, baina, gehienetan, etxetik tuperrak ekartzen ditut, erosketak murrizteko.

Pisukideekin ondo moldatzen zara?
Harreman oso ona dugu. Hiru horietatik bat lehenagotik dut laguna, baina oso ondo moldatzen gara laurok.

Astebururo itzultzen zara?
Oraingoz, bai; uste dut oso garrantzitsua dela Bergarara itzultzea lagunekin eta familiarekin egoteko. Nire logela ere faltan igartzen dut; asko gustatzen zait bertan egotea, leku segurua delako.

"Ondo nabil, eta gustura"



DANEL ARRILLAGA MEKATRONIKA INDUSTRIALEKO IKASLEA MU-KO GOI ESKOLA POLITEKNIKOAN.

Mekatronika ikasten hasi da Danel Arrillaga (Arrasate, 2004), aurreko ikasketetako praktiketako gomendioengatik.

Zergatik aukeratu zenituen Mekatronika ikasketak?
Aurreko ikasketak egin nituenean, praktikak egin nituen, eta bertako jendeak Mekatronika egitea gomendatu zidan, industria mailan ezagutza handiagoa izateko.

Espero zenuena aurkitu duzu bertan?
Bai. Banekien hainbat arlo izango nituela; adibidez, elektrizitatea eta pneumatika. Baina ez nekiena zen gustuko izango nituela arlo horiek.

Nolakoa izan zen eskolako lehenengo eguna?
Lagunak egin nituen eta irakasleek aurkezpenak egin zituzten.

Aste batzuk igaro dira hasi zinenetik; zelan daramazu?
Ondo nabil, eta gustura. Ikasten ari naizen arloak interesgarriak iruditzen zaizkit.

Kostatu egin zaizu erritmoa hartzea?
Egun gutxi daramatzagu, baina, edozelan ere, ez zait kostatu.

Nola egiten dituzu joanetorriak?
Egunaren arabera; autoan edo, bestela, lagunekin joaten naiz.

Aldatu egin da zure bizitza soziala?
Bai; lagun berriak ezagutu ditut klasean, baina aurreko harremanak ere mantentzen ditut.

Kuadrilla berria osatu duzu?
Talde ona osatu dugu. Lehenagotik ezagutzen nituenak eta pertsona berriak daude.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak