Leintz Eskola Kirolak "jendearen babesarekin" hasi du ikasturte berria

Xabier Urtzelai 2025ko urr. 11a, 10:53

Leintz Eskola Kirolak hasi du ikasturte berria. Atzo egin zuten urtea behar den moduan hasteko jaia, eta ikastetxe guztietako neska-mutikoak gonbidatu zituzten, eskola kirolean izena emanda egon ala ez. Eskola Kirolak derrigorrezkoa izateari utzi dion honetan, 700 neska-mutikoekin hasiko dute ikasturtea; antolatzaileek jendearen babesa nabarmendu dute.

Eskola Kirolaren bueltan iazko sententziak eragin handia izan du Gipuzkoako zenbait zonaldetan. Orain arteko ereduaz alderatuta, gaur gaurkoz neska-mutikoek ez dute eskola kirola derrigorrez egin behar, eta horrek orokorrean beheraka ekarri du parte-hartzaileen partetik, baina beherakada hori ez da denean berdina izan.

Ikasturte hasierako eskola kiroleko izenemateei erreparatuta, Leintz Eskola Kiroleko ordezkariek baikor egin zuten atzo berba, ikasturte hasierako jaian, eta familien, ikasleen, ikastetxeen eta bestelako eragileen partetik jasotako babesa nabarmendu zuten."Iazko sententziak urduritasuna ekarri zuen, ez genekielako horrek zer ekarriko zuen, eta ze aurreikuspen egin. Uste dugu familien partetik ideiak garbi geratu direla eta euren erantzuna ona izan dela, izan ere, Leintz Eskola Kirolean aurten 700 ikasletik gora egongo dira. Datu hauek ez dira behin-betikoak, jendea oraindik izena ematen dabilelako. Horrek esan nahi du %15-%18 bitarteko jaitsiera izango dugula iazko urteaz alderatuta, eta pozik gaude babesa jaso dugulako, ikusi dugulako jendeak sinisten duela proiektu honetan eta honek indarra ematen digu lanean jarraitzeko", adierazi zuen Julen Perales koordinatzaileak. 

Ekitaldian izan ziren, baita ere, Arrasateko Udaleko ordezkariak, kirol teknikariak, Athloneko ordezkariak eta baita Arizmendi Ikastolako eta Leintzeko zenbait herri eskoletako ordezkariak ere. Hala, Arrasateko kirol zinegotzi Mikel San Migelen, Arrasateko Herri Eskolako ikasketa buru Enkarni San Julianen eta Arizmendiko zuzendari Illart Azkarateren adierazpenak ere jaso zituen GOIENAk –bideoan–.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak