Bidegi auzia-n "irregulartasunik" ez zela egon ebatzi du Azpeitiko Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko 2 zenbakiko Epaitegiak, iazko otsailean EH Bilduk auzia artxibatzearen aurka jarri zuen errekurtsoa aintzat hartuta. Haren hitzetan, ezin da "frogatutzat" eman "diru publikoa bidegabe" erabili zenik, eta ezta dokumentuak "faltsutu" zirenik ere.
2014an jarri zuen EH Bilduk AP-1eko obren inguruko salaketa bat, Arrasate eta Eskoriatza arteko tarteari zegokiona, Bidegiko hainbat eraikuntza enpresetako arduradunei diru publikoa "bidegabe" erabili izana eta dokumentuak faltsutzea leporatuta. Iazko otsailean, ordea, Azpeitiko Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko epaileak kasua behin-behinean artxibatzea erabaki zuen, argudiatuta peritu txostenen artean zeuden "kontraesanek" ez zutela biderik ematen eginbideekin aurrera jarraitzeko; hala ere, errekurtsoa aurkeztu zuen EH Bilduk, eta hori da, hain zuzen ere, orain epaitegiek ebatzi dutena. Halere, azken erabaki horri helegitea jartzeko aukera dago oraindik, eta EH Bildu hori prestatzen dabil, zenbait hedabidek jakinarazi dutenez.
Mendoza, sentsazio "gazi-gozoarekin"
Epaitegiaren erabakia jakin berritan, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak aitortu du sentsazio "gazi-gozoa" duela: "Gozoa, batetik, bagenekielako justiziak hala esango zuela, hala aitortuko zigula, guk argi geneukalako egindako guztia garbia zela, eta ondo egin zela egin beharrekoa; bestetik, ordea, gazia, denbora asko daramagulako kontu honekin. 2014an jo zuen epaitegietara orduan gobernuan zegoen EH Bilduk, eta geroztik izan den sufrimendua ikaragarria izan da". Haren hitzetan, "bidegabekeria izugarria" izan da, eta honako eskaera hau egin dio EH Bilduri: "Epaitegiek behin eta berriro guri arrazoia eman eta gero, eskatuko nioke behingoz utz dezatela politika egiteko modu erasokor hau, eta zintzo has daitezela politikan eta herrigintzan, herri honek merezi duen bezala".