Musikazaleek musikazaleentzat egindako bideopodcasta da Sona, musikariak dituena protagonista. Jokin Bereziartuak, saioko aurkezleak, nabarmentzen duenez, gonbidatuak diren bezalakoak izatea dute helburu: "Iragazki barik, sentitzen dutena esaten eta abesten". Hori da, hain justu, estudioko attrezzoaren parte den karteletako batek dioena: Come as you are (Zatoz zaren moduan).
Ordu erdiko saioa da Sona, eta bi ataletan banatzen da: batetik, elkarrizketa, eta, bestetik, kontzertu akustikoa. Bi abesti jo ohi dituzte musikariek, eta horretan badago berezitasunik; izan ere, Sona-ra doan proiektua beste era batera ikus daiteke, beste edozein agertokitan ikusten ez den moduan.
Urriaren 16an, eguena, 20:00etan, estreinatuko du bigarren denboraldia Sona-k, eta Aretxabaletako Nhil taldea izango da lehen gonbidatua. Etxea diskoa aurkezten ari dira, eta Desio bat eta Lemak abestiak interpretatuko dituzte, ohiko estilotik oso ezberdin baina guztiz ederrean. Estreinaldiaren ostean, eguenero, 20:00etan eta 22:00etan ikusi ahalko da Sona, telebistan.
Danbaka Musika Lehiaketak bere edizio guztietan erakutsi duen moduan, Bereziartuak garbi dauka: "Pribilegiatuak gara Debagoienean dugun musika proiektuekin". Askotarikoak dira bailaran musika egiten duten talde, bakarlari eta bikoteak, eta horietako askok izango dute Sona-tik igarotzeko aukera. Nhilen ostean, besteak beste, Erromintxelak eta Neomak ikusteko aukera egongo da.
Erreportaje berezia, Malkorekin
Oñatiko Malko taldea izan zen Danbaka Musika Lehiaketako seigarren edizioko irabazlea, eta, podcast-gelatik irtenda, erreportaje berezi bat egingo da haiekin. Disko berria grabatzeko ezinbesteko laguntza eman die Danbakak, eta saio berezi horretan, sorkuntza eta grabaketa prozesuak barrutik erakutsi nahi dituzte. Taldekide guztiak agertuko dira kamera aurrean, baina baita diskoaren grabaketan zerikusi zuzena izan duten musika adituak ere. Ez da askorik itxaron beharko Malko taldearen erreportajea telebistan ikusteko, azaroan estreinatuko baita.