'Harmailatik', urterik urte hutsik egiten ez duen kirol saioa

Itziar Larrañaga Sarasola 2025ko urr. 10a, 08:45

Azaroaren 9an egingo da 60. Behobia-Donostia. (Argazkia: Imanol Soriano)

Goiena telebistan ibilbide luzeenetakoa duen saioa da Harmailatik, astelehenetako kirol programa kuttuna (20:00 eta 22:00). Sasoiz sasoi herritarren kirol interesei erantzuteko egokitzen eta berrasmatzen da.

Garaian garaiko interesetara egokitzen jakin du; hala, azken urteotan mendi lasterketek protagonismo berezi hartu dute. Adibidez, Arrasate-Udalatx, Aloñako Igoera, Ikazkin Trail, Antzuolako 8 Miliak ala Elgetako Ahuntzen lasterketa. Bakoitzarekin "saio osoa egiteko erabakia" hartu zutela azaldu du Xabier Urtzelaik, saioko gidariak, eta interesa pizten dutela erakutsi dute emaitzek, "ikustaldi asko" izaten baitituzte.

Datozen hilabeteetan atletismoak jarraituko du bere lekua izaten, eta hor badaude aipatzeko hiru lasterketa: azaro hasieran etorriko den Antxintxika Krosa; Debagoieneko mugetatik kanpora jokatzen duten baina zale fidelak dituen Behobia-Donostia lasterketa; eta urteko azken egunean Bergaran egiten duten San Silvestre Trail mendi lasterketa. Erreportaje horietan, irabazleek euren espazioa dute, baina herri mailako kirolariek ere izango dute merezi duten protagonismoa.

Lasterketak ez ezik, urtean behin antolatzen dituzten bestelako kirol hitzorduak ere "mimoz" landuko direla aurreratu du Urtzelaik. Eta ez dira faltako asteroko partiduetako kronikak eta platoan bertan egindako elkarrizketak.

'Matx' podcasta

Urtea amaitu artean, Matx kirol-podcastaren hiru saio ikusteko aukera egongo da: urriaren 13an, Klara Olazabal piraguista; azaroaren 3an, Iñigo Llopis, igerilari paraolinpikoa; eta abenduaren 8an, Lide Erbina, errugbi jokalaria.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak