Euskara larrialdi linguistikoan dagoela adierazi eta urtebetera bere diagnostikoa berretsi du Euskalgintzaren Kontseiluak, eta ohartarazi du ezer aldatu ezean, "euskararen etorkizuna jokoan" dagoela. Hala ere, "larritzeko osagai guztiak" daudela aitortu arren, itxaropen mezu bat zabaldu nahi izan du: "Iazko Euskararen Egunean azaldu genuen Kontseiluak bere gain hartzen zuela larrialdi hori indarraldi bihurtzeko ahaleginaren konpromisoa. Horretan ari gara". Haren hitzetan, bide horretan aurkeztu zuten irailaren 26an Itun Soziopolitiko berrirako akordioa, baina arreta jarri nahi izan du "euskaltzaletasunaren giharra indartzean" ere: "Argi dago: euskaltzaleon garaia da. Biltzekoa. Elkarrekin arnasa hartzekoa". Hori dela eta, "euskaltzaletasunaren bilgune handi" bihurtu nahi du Bilbao Arena abenduaren 27an.
Euskalgintzaren Kontseiluaren hitzetan, "etorkizuna jokoan den honetan ezinbestekoa da guztiok dagokigun erantzukizuna geure egitea, euskararen normalizazio eta biziberritzearen aldeko indar berri bat sortzea", eta horretarako lehen gunea izango da ekitaldia: "Euskarak, hizkuntza guztiek bezala, etorkizunik izango badu unibertso bat behar du, zentzua emango dion irudi eta erreferentzia mundu bat. Eta unibertso hori kultura da, euskarazko kultura, zailtasun gehigarriak erantsiko dietela jakin arren, euskaraz sortzen duten kulturgileek eskaintzen diguten unibertsoa". Hala, jakinarazi du "kultur kutsukoa" izango dela ekitaldia, musikak eta musikagileek presentzia nabarmena izango dutela: "Euskararen soinu-bandak".
Sarrerak, 16tik aurrera
Ekitaldian parte hartzeko ezinbestekoa da sarrerak hartzea, 10 euroko ekarpena eginda: "Horrek artisten lana eta ekitaldiaren gastuen zati bat ordaintzen lagunduko digu, baina garrantzitsuena egun horretan Bilbao Arena euskaltzaleon bilgune handi bat bihurtzea izango da". Hala, urriaren 16tik aurrera izango dira salgai sarrerak pizkundea.eus webgunea.