Euskalgintzaren Kontseiluaren eskutik, hizkuntza-politiken arloko Itun Soziopolitiko berrirako eskaintza dokumentua aurkeztu dute gaur Miramongo Parke Teknologikoan, Donostian, "euskararen pizkunde berria" eragiteko asmoz. "Itun soziopolitiko berriak euskararen etorkizuna bermatzeko hizkuntza-politikaren giltzak proposatzen ditu. Ezagutza orokortzea, hau da, herritar orok euskara ezagutuko duen ortzimuga bat ezartzea da oinarrietako bat, eta normal erabiltzeko baldintzak eratzea. Paradigma aldaketa bat da, besteak beste, estatusaren auziari ere sendo helduko diona", adierazi du Idurre Eskisabelek, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak eta proiektuaren sustatzaileak.
2021ean aurkeztu zuten Euskal Herriko 113 gizarte eragilek sinatutako Batuz Aldatu: Hizkuntza politiketan eragiteko adostasun soziala dokumentua, eta hor du oinarria, hain zuzen ere, itun soziopolitikoak. Orduz geroztik, hainbat proposamen eta dinamika abiatu dituzte sinatzaileek hezkuntza-sistema, administrazioa, lan mundua eta ikus-entzunezkoak euskalduntzeko. Talde Eragilea, berriz, urtebeteko elkarrizketa prozesuan egon da murgilduta adostasun soziala itun soziopolitiko bilakatzeko proposamena garatzen, borondate "irmo" batekin: "Etorkizunean euskal gizarte hobe bat lortzea, non herritar denek euskara ezagutuko duten eta normaltasun erabatekoz erabiltzeko baldintzak izango dituzten".
Proposamenak, bost eremutan
Hizkuntza-politiken paradigma berriak lau ardatz nagusi jarraitu behar dituela adostu du Talde Eragileak: euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa, erabilera normalerako baldintzak bermatzea, ofizialtasun-estatus berdinzalea lortzea eta komunitate euskaldunaren ahalduntzea. Horrez gain, "printzipio sendoak" ezarri dituzte: "Lidergo partekatua, hizkuntza politikaren zeharkakotasuna, progresibotasuna, hizkuntza-aniztasunaren balioespena, adostasun sozial eta politiko zabalaren beharren eta herritarren eskubide osoen garapen integrala, edozein dela ere herritarren zonaldearen egoera soziolinguistikoa".
Bada, hori guztia aintzat hartuta, hizkuntza-politika berrirako proposamenak bost eremu nagusitan banatzeko erabakia hartu dute. Erakundeak eta eragile politikoak daude erantzukizunen lehen geruzan, instituzioen ardura azpimarratzeko helburuarekin: "Ezagutzaren unibertsalizazioa ekarriko duten politika publiko ausart eta anbiziotsuak proposatzen dira, hezkuntzan, helduen euskalduntze-alfabetatzean, kultura-politiketan eta harrera-politiketan jarriz ardatz nagusiak". Eremu ekonomikoa dago, berriz, bigarren geruzan: "Enpresek eta sindikatuek protagonismo berezia dute. Enpresei eskatzen zaie euskara balio estrategikotzat txertatzea eta euskara-planak garatzea, eta sindikatuei hizkuntza-eskubideak langileen eskubideen partetzat aitortu eta lan-hitzarmenetan jasotzea. Sektore prekario eta feminizatuetan diharduten langileei arreta berezia jartzea eskatzen zaie".
Horrez gain, beste hiru eremu zehaztu dituzte: batetik, gizarte-eragileei dagokienez, dokumentuak dio "beren erabaki eta balioek eragin zuzena dutela euskararen normalizazioan, eta justizia eta kohesio sozialaren ardatz bihurtzeko" deia egiten diete; bestetik, eremu akademiko eta kulturala ere aintzat hartu dute, "euskarazko ezagutza eta sorkuntza propioa bermatzeko" eskaria eginda; eta herritarrak daude, azkenik: "Haien konpromiso aktiboa da euskararen etorkizunaren berme nagusia. Euskararen normalizazioa erantzukizun zibikotzat aurkezten da, gizarte justuago eta kohesionatuago baten aldeko ekarpen gisa, eta euskaltzaletasun aktiboa ezinbesteko indar eragile gisa aldarrikatzen da".
Konpromisoak eta atxikimenduak
Eragile sinatzaileek lau konpromiso nagusi hartzen dituztela adierazi dute: dokumentuaren edukia gizarteratzea, proposamenak beren egitea, elkarrizketan eta elkarlanean jarraitzea, eta bere eremuan eragiteko gai den konpromiso gehigarriak hartzea. Oraindik bada itunari atxikimendua emateko aukera.
Euskalgintzaren Kontseiluak, gainera, gogorarazi du abenduaren 27rako Bilbao Arena "milaka euskaltzalez" beteko duen ekitaldi berezi bat prestatzen dabiltzala: "Euskaltzaleon komunitate sentimendua sendotu eta arnasa kolektibo bat izango da, pizkunde berri baten premia irudikatzeko momentu sinboliko bezain garrantzitsua".