Puntua aldizkariaren 470. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Iñaki Etxabe arrasatearraren eta German Agirre bergararraren –Arrasaten bizi zen– hilketak ez ziren gertaera isolatuak izan; herri honetako historiako garai ilun hartan kateatuta egon ziren gertaeretako bi izan ziren. "1975eko udazken hura oso intentsua izan zen Euskal Herri osoan. Franco hiltzear zegoen, eta irailaren 27an Txiki-ren eta Otaegiren fusilamentuen ondorioz tentsioz betetako hamabost egun izan ziren. Ordurako, estatuaren segurtasun indarrak adi-adi zeuden, bazekiten Txiki eta Otaegi fusilatu izanak erantzuna ekarriko zuela ETAren partetik, eta garai hartan herritarrak izutzeko lan handia egiten zuten guardia zibilek eta bestelako poliziek: kontrolak jartzen zituzten nonahi, tabernetara sartzen ziren bronka muntatzera, atxiloketak egiten zituzten, jipoiak eman... Oso giro nahasia zegoen", adierazi dio PUNTUAri Iñaki bota daue (Erein) liburua idatzi duen Pako Aristik.
Hain zuzen, fusilamendu haietatik abiatuta, Aristik liburuan jaso ditu ondorengo asteetan bereziki Debagoienean izandako gertaerak. Ustez elkarren artean harremana izan zuten indarkeria ekintzak lotzeko ariketa egin du. Eta lan hori Gure Bazterrak Elkarteko kide Ander Lizarralderen laguntzarekin egin du: "Informazioa eta testigantzak batzeko ezinbestekoa izan da".
Frankismoko azken fusilamenduak
Juan Paredes Txiki eta Angel Otaegi izan ziren, FRAPeko –Fronte Iraultzaile Antifaxista eta Patriota– hiru kiderekin batera, frankismoko azken fusilamenduak. Hurrengo egunetan Espainiako Gobernuaren kontra protesta handiak izan ziren, bereziki Euskal Herrian eta nazioartean. ETAren erantzuna, baina, astebetera etorri zen, eta ez zen nolanahikoa izan. "Erakunde armatuak bi urte lehenago jarri zuen lehenengoz urrutiko aginte bidezko lehergailu bat, Carreroren kontra, Madrilen, eta Arantzazuko atentatuan metodo berbera erabili zuten. Garaiko prentsak dio atentatu basatia izan zela; txikitu egin zituzten", dio Aristik.
Arantzazuko atentatua
Urriaren 5a domeka zen, Errosaixo Eguna Oñatin, eta bost guardia zibilekin zihoan Land Rover autoa bete-betean harrapatu zuen eztandak, Gomiztegi ondoko harrobitik gertu. Guardia zibilak jendez lepo zegoen Arantzazutik bueltan zetozen; norbaitek jarritako ikurrin bat kentzera bidali zituzten hara. Eta han erori ziren ETAren segadan. Eztandaren ondorioz, Land Rover hura txatarrerako geratu zen, eta hiru agente hil eta bi larri zauritu zituzten. Esteban Maldonado Llorente, Jesus Pascual Martin eta Juan Moreno Chamorro izan ziren Arantzazuko errepidean bizia galdu zuten agenteak; 20 eta 25 urte arteko guardia zibilak ziren. "Eta hor kokatzen da jarraian etorri zen Iñaki Etxaberen hilketa. Izan ere, agente haien arduradunek erantzun bat eman nahi izan zioten Arantzazuko ekintza hari".
PAKO ARISTI: "HILTZAILEEI IZEN ETA ABIZENAK JARRI DIZKIEGU, IKERKETA LANA EGINDA"
Mendekua hartzeko ez zuten askorik itxaron. Liburuan Pako Aristik zenbait hipotesi plazaratzen ditu, eta horietako bat da Iñaki Etxabe hiltzera Kanpanzarrera joan aurretik ezezagun haiek –edo beste batzuk– Juan Zelaia enpresari oñatiarraren bila joan zirela, Marietara. Baina baserrian domeka hartan jende asko zegoelako atzerako bidea egin zuten, ez ziren atrebitu, eta ordurako helburu errazagoa zuten begiz jota: etxabetarren bila joan ziren. Juan Jose eta Joakin Etxabe, Iñakiren anaiak, ezin zituzten harrapatu, ordurako Iparraldean zeudelako errefuxiatuta –Juan Jose Haundixe ETAko buruzagi garrantzitsua izan zen–, baina Arrasateko familia hura begiz jota zuten aspaldi; izan ere, Kanpanzarko ostatuko horma tirokatu izan zuten lehenago, eta baita su ematen saiatu ere. Hala, urriaren 5 hartan, 23:00 aldera, tabernara sartu ziren hainbat ezezagun, metrailetekin. Iñakiren anaia, Luis Etxabe, mostradorean zegoen lanean, eta Iñaki sukaldean, afaltzen. Lehenengoak biltegira iristea lortu zuen eta atea itxi zuen barrutik, baina Iñaki sukaldetik irten berritan tirokatu zuten –gertaera haren ostean, Luisek Mexikora egin zuen ihes–.
Hilketa hark, eta ordu batzuk lehenago Arantzazun izandako atentatuak, astindua eragin zuen bailaran. "Oñatin bi astez herritarrek miaketak, atxiloketak eta galdeketa bortitzak sufritu behar izan zituzten guardia zibilen partetik. Kontrolak jartzen zituzten nonahi, eta izua zabaldu zen Debagoienean", dio Aristik. Arrasaten, berriz, urriaren 6an jendetza batu zen Iñaki Etxaberen hileta-elizkizunean.
Hurrengo hilketa, astebetera
German Agirre taxi-gidaria zen, jaiotzez bergararra baina Arrasatera ezkonduta zegoena, Iñaki Etxabe hil eta justu astebetera hil zuten, urriaren 12an, Pilar Ama Birjinaren egunean, Legutioko guardia zibilen kuarteletik 300 metrora. Etxaberen hilketaren motibazioa garbi dago, baina Aristik eta Lizarraldek ez dute aurkitu Agirre hiltzeko motibaziorik. Eta erailketa bera gutxi ez, eta Agirre txibatoa izan zitekeelako zurrumurrua zabaldu zen herrian, eta ETAk hil zuela. "German Agirre zergatik hil zuten ez dakigu zehazki. Halakoetan joera dago erantzunak emateko. Baina bila aritu eta gero ez denean erantzunik argitzen, zuzenagoa iruditzen zait erantzunik ez dagoela esatea. ETA ez zela izan nahiko frogatuta geratu da, argumentuak pilatu ditugu hori baieztatzeko", dio Lizarraldek
ANDER LIZARRALDE: "AGIRI HORREKIN FROGATUTA GERATU DA ETA-K EZ ZUELA GERMAN AGIRRE HIL"
"Gertatzen dena da guardia zibilek panfletoak zabaldu zituztela bertsio hori pizteko. Eta Espainiako komunikabideek ere bai". Eta hori gezurtatzeko, familiaren eskutik jasotako ETAren agiria da froga nabarmenena. "Germanen anaiak eta haren emazteak etxean gordeta eduki dute gutuna 50 urtez. Batzuetan, Euskal Herrian izan diren kasu ilunak argitzeko moduak sinpleak izan dira; protagonistekin berba egiten hasi eta ordu erdira hor dator argumentu handia dena: 'Guk etxien ETAk firmautako dokumentu bat daukou'. Dokumentua gorde izana ausarta da. Halako zenbat erreko ote ziren!".
Dokumentu hori Fagor-eko erosketa buru Sabin Arrieta arrasatearrak lortu zuen, orduko ETAko buruzagien eskutik. German Agirreren laguna zen Arrieta, taxian askotan eramaten zuen hara eta hona. Eta herrian zebilen zurrumurrua ikusita eta familiari ze kalte egiten zion jakinda, Iparraldera joan zen, erakundeko buruzagiei eurak izan ote ziren edo ez argitzeko eskatzera. Ustez Peixoto-k idatzitakoa den agiriarekin itzuli zen handik. "Eta guardia zibilek hil zutela esateko ere nahikoa argumentu badaude. Baina zergatik hil zuten zehazki? Hori ezin izan dugu argitu", dio German Agirreren senitarteko apurrekin berba egin ahal izan duen Lizarraldek. Izan ere, bost hamarkada hauetan etxekoek ez dute adierazpenik egin nahi izan: "Gertaera hark familiari ze sufrimendu ekarri dion, hori eurek bakarrik dakite. Pentsa, ezin azaldu zergatik hil zioten senarra, zergatik hil zioten aita, aitajauna... 50 urte hauetan beste bertsio bat nagusitu da Debagoienean. Taxi-gidariak Iñakiren hiltzaileak ikusi zituela Kanpanzarren. Guk hori ikertu dugu, eta ez da sostengatzen bertsio moduan. Uste dugu guardia zibilen susmoa zela Germanek ETAri laguntzen ziola. Horregatik garbitu zutela. Baina zergatik ez zuten atxilotu eta galdeketa egin, adibidez? Puntu hau ezin izan dugu argitu".
Usteko hiltzaileak, izen eta abizenekin
Etxaberen hiltzaileei liburuan izen eta abizenak jarri badizkie ere, Pako Aristik dio ez dutela anonimoen partetik mezu edo mehatxurik jaso. "Ez dugu halako feedbackik jaso, ez. Irunberriko arroila espainolera itzuli genuenean, Interneten etorri ziren irainak eta halakoak, baina hemen ez. Dena dela, izenak eta abizenak jartzea garrantzitsua da, halako ekintzak ez direlako ezerezetik sortzen, norbaitek agintzen ditu".
Urriaren 14an aurkeztuko dute liburua, Arrasaten, 18:00etan, Kulturaten; eta 15ean Oñatin, 18:00etan, kultur etxean.
Olatz eta Ainhoa Etxabe: "Umetan ez nuen ulertzen, eta ulertu barik jarraitzen dut"

Olatz eta Ainhoa Etxabe, joan den astean Kanpanzarko jatetxeko eraikinaren parean.
"Umetan pentsatzen nuen nagusia nintzenean ulertuko nuela aitari gertatutakoa. 50 urte pasa dira, eta oraindik ez dut ulertzen". Ainhoa Etxabek (Arrasate, 1971) 4 urte baino ez zituen 1975eko urriaren 5eko gau hartan talde parapolizialetako hiru kide Kanpanzarko tabernara sartu eta aita, Iñaki Etxabe, barraren barruan tiroka hil zutenean. Ahizpa nagusiak, Olatzek (Arrasate, 1965), ordurako 10 urte zituen, eta gogoan ditu gau hartako gertaerak. "Egia esan, horrenbeste urte pasa dira, batzuetan ez dakizu norbaitek kontatu dizkizulako dituzun buruan edo bizitako gauzak diren".
Kanpanzarrera etorri gara argazkiak egitera, eta badakit urte askoan ez zinetela bertatik pasa; zer sentitzen duzue?
Olatz Etxabe: Ez dut askorik pentsatu nahi izaten, egia esan. Eta bertatik pasatzen banaiz, ez dut askorik begiratzen.
Ainhoa Etxabe: Ez, nik ere nahiago izaten dut ez etorri. Anai-arrebon artean Aitorrek bai, hark bai izan duela beti Kanpanzarko jatetxeari ostera ere buelta emateko ametsa. Urte batzuetan, gainera, lehengusuekin batera jatetxea hartu zuen, baina besteok...
O.E.: Ez; amak ere ez du hona etorri nahi izaten.
Badira hiru hilabete Iñaki bota daue liburuak argia ikusi zuela; zer esan dizue jendeak?
O.E.: Esango nuke liburuak harrera ona izan duela, jendeak esan diguna da gustura irakurri duela, eta liburuko pasarte batzuk sorpresaz irakurri dituela.
A.E.: Etxean urte haietan kontatu zizkietenak paperean irakurri ahal izan dituztela.
Eta zuek gustura geratu zarete?
A.E.: Nik ez dut liburua irakurri, badakidalako gau horretan ez dudala lorik egingo. Baina gure familiaren historia kontatzen duen liburua da, eta baita beste familia batzuena ere. Horrekin batera, Euskal Herriko historiaren zati bat ere bada.
O.E.: Bai; garai hartako giroaren berri ematen du, bailara honetan zelan bizi ginen orduan.
Hain zuzen, Pako Aristik nabarmentzen du garai hartan izandako gertaeren errelatoa ezin dela Estatuaren eskuetan utzi.
A.E.: Izan ere, Estatuaren errelatoa badaukagu, baina euren errelatoa da. Eta esaten duten guztia ez da egia. Alde horretatik, ados nago guk gure errelatoa egin behar dugula, guk ere gertatu ziren gauzekiko egia ezagutu nahi dugulako.
Liburua idazteko atzera begiratzeak zauriak irekitzen ditu ostera ere ala sendagarria ere bada?
O.E.: Memoria ariketa egiteak beti astintzen ditu barruak, baina lehenengoz idatzita geratu da istorio hau, eta garrantzitsua zen lan hori egitea.
A.E.: Eta ez dela gure familiaren historia jasota geratu den bakarra. Liburu honetan herriko jende askok hartu du parte, zerbait zekien jendea gurekin harremanetan jarri da eta bere ekarpenak egin ditu. Eta esandako moduan, beste familia batzuen istorioak ere jasota geratu dira.
Olatz, 2017an PUNTUA aldizkarian egindako elkarrizketan zera zenion: "Herritarren babesa izan dugu beti, Estatuaren legezko aitortzarik ez izan arren". Estatuak ez, baina Jaurlaritzak 2023an aitortu zizuen biktima izaera. Aldaketarik ekarri du horrek?
O.E.: Ekarri ditu aldaketak, bai, baina ez guk gurako genukeen beste. Izan ere, gutxienez erakunde batek, kasu honetan Jaurlaritzak, onartu gaitu biktima moduan. Baina duela 50 urte gertatu zenaren egia falta zaigu, ez da ikerketarik egin, inork ez digu azalpenik eman –familiak Iñaki Etxaberen autopsia ordaindu behar izan zuen, baina inoiz ez zioten autopsiaren emaitzaren berri eman–. Biktima zarela aitortzen dizute, baina hor geratzen da kontua.
A.E.: Azken batean, gu ez gara motibazio politikoko biktimak soilik, denak dira motibazio politikoko biktimak. Baina gu Estatuko indarkeriaren biktimak gara, edo polizia indarren biktimak, eta Estatuaren partetik hori ez du inork aitortu. Eta hori da falta zaiguna, Estatuak onartzea baietz, eurak izan zirela, edo iluminatu talde baten ekintza izan zela… Baina ikerketa bat egotea eta norbaitek gertatutakoa azaltzea. Konta dezatela orduan gertatu zenaren egia.
Eusko Legebiltzarreko ekitaldi hartan nabarmendu zuten gerra zikinak eta torturek herri honetako memoriaren liburuan beren kapitulua izan behar dutela; liburuak egiten du ekarpenik alde horretatik?
O.E.: Nik uste dut baietz. Sasoi hartako gizarteari argazki bat ateratzen dio; gainera, oso gertaera gogorrak izan ziren aste gutxian. Franco azkenetan zegoen, baina frankismoa oraindik hor zegoen, Txiki-ren eta Otaegiren fusilamentuak izan ziren egun batzuk lehenago… Garai gogorrak izan ziren haiek, eta kalean ere halakoxe giroa zegoen.
A.E.: Eta sasoi hartan batzuek zuten inpunitatea ere erakusten du liburuak.