Eñaut Izagirre: "Glaziarrekin beste hainbat mendikatetan gertatu daitekeenaren adierazle dira Pirinioak"

Txomin Madina Milikua 2025ko ira. 30a, 14:30

Eñaut Izagirre glaziologoa. Irudia: Txomin Madina Milikua.

Mendiarekiko zaletasuna tarteko, umetatik ezagutu ditu Eñaut Izagirrek (Elgoibar, 1990) glaziarrak, eta ikerketa-gai ere baditu egun. EHUn Geografia ikasi ostean, Txileko Magallanes Unibertsitatean Glaziologian espezializatu zen. Doktore-tesia egin bitartean, Pirinioetako Ekologia Institutuko (IPE-CSIC) langilea da.

Puntua aldizkariaren 469. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Oñatiko Mendi Martxak antolatuta, galtzear dauden Pirinioetako glaziarren inguruko hitzaldia egin berri du Eñaut Izagirrek Oñatin. Galera hori, baina, ez da Aneton eta inguruetako mendietan bakarrik gertatzen ari.

Glaziarrek kontatzen digutenari egin zenion erreferentzia Oñatin; zer kontatzen digute, bada?

Lur planetan bai lurrazalean eta baita itsasoaren gainean izoztuta dagoen ur guztiaren, hau da, kriosferaren, elementu ezagunenetako bat dira glaziarrak, planetaren eta sistema klimatikoaren osagai nagusienetako bat. Kontuan hartu behar dugu planetako ur gezaren ia %75 glaziarretan dagoela gordeta, batez ere Antartikako eta Groenlandiako sistema oso handietan, eta baita mendiko glaziarretan ere. Mendiko glaziar horiek garrantzitsuak dira oso Lurrarentzat, ur gezaren erreserbak direlako, ur emaria erregulatzen dutelako, ekosistema askoren parte direlako... Era berean, balio natural eta kulturala ere badute, eta arrisku naturalen sortzaileak ere izan daitezke. Horretaz gain, iraganeko klima aldaketak ere adierazten dizkigute, eta egungo klima aldaketaren abiaduraren erakusle ere badira. Glaziarrak elementu geografiko ikonikoak dira, gure planetan hozkailu-efektua ere eragiten dutenak.

Glaziarren Babeserako Nazioarteko Urtea da 2025a, eta, babestu beharra badago, arriskuan dauden seinale izango da; arriskuan, zenbateraino?

Azken hamarkadetan azkartu egin dira glaziarren atzera-egitea eta urtze-tasak; orain arte oso gutxi ikusitako abiaduran ari dira gertatzen horiek. Gauzak horrela, mendikate askotan ikusi dugu izotz bolumen eta masa handiak ari direla galtzen. Pirinioetan hori dabil gertatzen, baina baita askoz glaziar handiagoak eta garrantzitsuagoak dauden eremuetan ere: Alaskan, Islandian, Asiako goi mendietan eta Patagonian, adibidez.

"GLAZIARREK ELEMENTU GEOGRAFIKO IKONIKOAK DIRA, GURE PLANETAN HOZKAILU-EFEKTUA ERAGITEN DUTENA"

Umetatik ezagutu dituzu glaziarrak, eta urteak daramatzazu horiek aztertzen; zure begiekin igarri duzu bilakaera hori?

Txikitatik izan dut Pirinioetako glaziarrak ezagutzeko zortea, eta buruan dut goi-mendiaren ezaugarri diren glaziarren eta iraunkorrak diren elur-geruzen ikuspegia. Orain, abuztuan edo irailean bagoaz Pirinioetara, oso zaila da horiek ikustea; gero eta gutxiago dira, eta gune zokoratu eta ezkutuetan daude. Galera emozional bat dakar horrek guztiak. Patagonian ere urte ugari pasatu ditut, bertan egin nuelako masterra eta doktore-tesia ere bertan nabilelako egiten, eta hango glaziarrak askoz ere abiadura azkarragoan eta bolumen galera handiagoarekin ari dira galtzen. Urtetik urtera ari da hori gertatzen: 2013an joan nintzen lehen aldiz Patagoniara, eta ordutik glaziar asko izugarri aldatu dira; nire tesian aztertutako glaziar batek lau urtean kilometro bat egin du atzera.

Zerk eragindakoa da glaziarren desagertzea?

Glaziarrak gure kontu korronteekin alderatzen ditut, non sarrerak eta galerak dauden. Sistema itxi bat dira: sarrerak elur pilaketak dira; galerak, urtzeak edo lakuetan eta fiordoetan gertatzen diren izotz-erorketak. Elur pilaketak galerak baino handiagoak badira, glaziarra osasuntsu dagoela esan dezakegu, handitu egingo litzateke. Orain, baina, oso ohikoa da kontrakoa gertatzea: neguan erortzen den elurrak ez du udan irauten eta, ondorioz, urtetik urtera gero eta gutxiago dugu, eta izotza galdu egiten da. Masa-balantze negatibo hori mendikate askotan ari gara ikusten. Horrekin lotuta, 2022ko eta 2023ko Europako uden ezaugarria izan zen bero bolada bortitzak izan genituela, eta horrek eragin zuzena izan zuen Pirinioetako eta Alpeetako glaziarretan: Alpeetan, urte bakarrean, glaziarren izotz bolumenaren %6 galdu zen. Tasa horiek orain arte oso gutxi gertatu dira. Zer gertatu den? Glaziarren sistemaren funtzionamenduak klimaren eraginari erantzuten dio; batez ere, tenperatua eta prezipitazio aldaketei. Prezipitazioetan ez dugu aldaketa nabarmenik ikusi, baina tenperaturetan badago oso markatua den joera: planetaren batez besteko tenperatura 1,2 gradu igo da industrializazioa hasi zenetik, eta hori askoz nabarmenagoa izan da Alpeetako eta Pirinioetako mendikateetan, non tenperaturaren batez besteko igoerak, hurrenez hurren, 2,5 eta 2 gradukoak izan diren. Klima aldaketaren testuinguru globalean, Artikoa ere bada eskualde beroago bat sortzen ari den puntu konkretu bat.

EITBren Glaziarrak agurtzen proiektu transmedian parte hartu zenuen, eta Pirinioetako glaziarrei desagertze- data bat ere jartzen zaie bertan: 2050. urtea.

Pirinioetako azken glaziarrak ezagutzera emateko eta gertatzen ari denaren bozgorailu moduan egin genuen programa. Gure ikerketak jarraituz, bertan esaten genuen glaziar horiek 2040eko edo 2050eko hamarkadetara arte iraun zezaketela. Gertatu dena da, lehen esan bezala, 2022a eta 2023a oso urte beroak izan zirela, eta aurtengo udak ere eragina izan duela glaziarrak desagertzeko orduan. Horrek panorama guztia aldatu du, gure ikerketak berritu egin ditugu eta ikusten duguna da horrelako urteak gehiagotan errepikatzen badira hamarkada bakarrean desagertuko liratekeela glaziar horiek; hau da, 2034. urterako ia guztiz desagertu daitezkeela. Glaziarrekin beste hainbat mendikatetan gertatu daitekeenaren itsasargi edo adierazle bat dira Pirinioak. 2025a Glaziarren Babeserako Nazioarteko Urtea izendatu izanak badu gertatzen ari denaren gainean arreta jartzeko nahia. Aurrerantzean, martxoaren 21a Glaziarren Munduko Eguna izango da, eta 2025-2034ko hamarkada Zientzia Kriosferikoak sustatzeko hamarkada izendatu zuen Unescok. Badakigu klima aldaketa hor dagoela, eta, akaso, gure egunerokoan ez du hainbesteko eraginik; baina badaude beste hainbat gatazka, ur-gatazkak, adibidez, kontu horrekin lotuta egon daitezkeenak.

"MUNDUKO HAINBAT TOKITAN BIZTANLERIAREN LAURDEN BAT GLAZIARREN URETATIK BIZI DA"

Glaziarren galera munduko eremu guztietan eta maila berean ari da gertatzen?

Badaude salbuespenak, zeintzuetan galera orain arte ez den hain nabarmena eta, zenbait kasutan, irabaziak ere gertatu diren. Pamir inguruan, Karakorumen... egon dira eremu batzuk non glaziarrak masa irabazten aritu diren. Azken urteetan, baina, atzean utzi dugu hori; glaziar horiek ere, inertziaz, klimaren beraren joera hartu dute. Mendiko glaziarrak 280.000 inguru dira, gutxi gorabehera, mundu osoan, eta horien %95 galerak ari dira erakusten. Patagoniako eta munduko glaziarrik ezagunenetakoa den Perito Moreno, adibidez, orain arte nahikoa egonkor mantendu izan da, baina azken urteetan atzera egin du eta aurreikuspena da datozen urteetan atzera-egite hori asko azkartuko dela.

Zein ondorio dakartza glaziarrak desagertzeak?

Pirinioen kasuan, ondorioa galera emozional, natural eta kulturala izango da, nagusiki. Egun, hango glaziarrek ez dute apenas bolumenik, ez dute urik ematen Ebroren edo Garonaren arroetan; hortaz, ur-emarietan ez dute eraginik izango. Perun eta Himalaian, aldiz, badira glaziarretatik datozen uren menpekoak diren komunitate asko: nekazaritzarako erabiltzen dute, energia sortzeko... Munduko hainbat tokitan biztanleriaren laurden bat glaziarren uretatik bizi da; batez ere, urte idorretan. Glaziarrak galtzearekin edo txikitzearekin, munduko hainbat tokitan ur gezaren iturri galera bat gertatuko litzateke; ekosistema nagusi batzuetako ur-emaria aldatzeak ekosistema horietan ere aldaketak ekarriko lituzke: itsas mailaren igoeran lotura zuzena izango luke; arrisku naturalak ugaritu egin daitezke...

Badago egoerari buelta ematerik?

Sistema naturala jartzen dugu jokoan. Tenperaturak orekatu eta udako beroek ez badute neguko elurra pilatzerik eragozten, glaziarrak mantentzeko aukera bat egon daiteke. Hori gertatzen ez bada, eta azken urteotan ez dugu halakorik ikusten ez Pirinioetan, ez Alpeetan, ez beste hainbat mendikatetan, glaziarren galera egungo tasetan, edo azkarrago, mantendu egingo da eta etorkizunean arazo handiagoak izango dira.

"DIBULGAZIOA EDO ZIENTZIAREN KOMUNIKAZIOA BETI IZAN DA NIRE OINARRIETAKO BAT"

Darwin mendilerroaren mapaketa zuzendu zenuen iaz; zenbat dugu ikasteko bizi garen mundu honetaz?

Paradoxikoa dirudi, baina itxura batean dena ezagutzen dugun mundu honetan, non Google Earth eta Google Maps aplikazioak ditugun eta etxetik bertatik munduko edozein txoko ikusi dezakegun, oraindik ere badira urrunekoak eta ezagutu gabekoak diren tokiak. Satelite eta aireko irudien bidez egin daitekeen lana oso ondo dago, baina bertaratzeak ematen dion balioa mantendu beharreko zerbait da. Nire tesian aukera izan nuen Darwin mendikateko, Suaren Lurraldeko lehenengo eta Hego Amerikako hirugarren izotz- eremu handieneko kartografia bat egiteko; batez ere, erliebe-formak identifikatu eta horiek zer kontatzen diguten jakiteko. Mendikate hartan zentratu gara, badagoelako zubi bat Hego Amerikan eta Antarktikan gertatzen dena lotzeko. 10.000 erliebe-forma baino gehiago kartografiatu genituen, Lur planetaren historiako azken 12.000 urteotan, Holozenoan, gertatu diren glaziarren aurrera-egite eta atzera-egiteak ulertzeko. Egindako mapaketa etorkizuneko ikerlarien lanerako oinarri bat izatea da helburua.

Hitzaldiak, dokumentalak… Zientzialari moduan, zein garrantzi ematen diozu dibulgazioari?

Nire iritziz, hori da garrantzitsuena: egiten dugun zientziari, askotan aldizkari zientifikoetan ulertezina den hizkuntzan azaltzen dugunari, zentzu bat ematea; hau da, publiko orokorrari ebidentzietan oinarrituta dagoen eta ulertu daitekeen mezu bat helaraztea. Dibulgazioa edo zientziaren komunikazioa beti izan da nire oinarrietako bat; pixkanaka landu eta oso pertsonal egin dudana. Hainbat aukera baliatu izan ditut horretarako; hasieran, adibidez, National Geographic-ek eman zidan; orain, EITBrekin ere izan dut aukera... Nire helburua da askotan oso laborategikoa den lana gizarteratzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak