Bogside, Irlanda iparraldeko Derry hiriko auzo bat da, eta bere historia eta garrantzia politikoagatik ezaguna da, batez ere 60 eta 70ko hamarkadetan. Baina, batez ere, Bloody Sunday izeneko gertakari tragikoagatik da ezaguna –1972an han Erresuma Batuaren armadako soldaduek manifestari katoliko eta nazionalista batzuen kontra tiro egin zuten, eta horren ondorioz hamabi pertsona hil ziren. Gertaera honek Irlanda Iparraldeko gatazka (The Troubles) gogortu zuen eta mundu osoan arreta jarri zuen–. Hala, gertaera izan zen auzoari eginez, Bogside izeneko musika taldea sortu berri dute Leintz Bailarako bost gaztek, eta, egubakoitzean, Aretxabaletako San Migel jaietan joko dute estreinakoz kontzertua, 19:30ean.
2024ko udan sortu, baina 2025ean materializatzen joan den taldea dela dio Etxahun Iturriotz taldekideak. Leintz bailarako bost gaztek osatzen dute: eskoriatzar batek, hiru aretxabaletarrek, eta, arrasatear batek. Eskoriatzakoa Julen Lezeta (bateria-jolea) da, sokazko instrumentuak jotzen dituztenak aretxabaletarrak dira: Etxahun Iturriotz eta Jon Gonzalez (gitarra-joleak) eta Julen Cabero (baxu-jolea), eta Arrasateko Ethan Moral (abeslaria).
Talde hasiberria, garatzeko gogoz
Urtebetean proiektuak forma hartu duela diote taldekideek. Hasieran, Etxahun Iturriotzek eta Julen Caberok eman zituztela lehenengo urratsak adieraziz, gero, Julen Lezeta eta Jon Gonzalez batuz, eta, taldea guztiz borobiltzeko Ethan-en iritsierarekin. "Taldearen izena, Andramaixetan erabaki genuen. Bogside Irlandako auzo-askea deritzonari erreferentzia egin nahi genion eta hori da abiapuntua. Estiloari dagokionez, berriz, orain arte punk-rock musikan oinarritu gara, baina, hasierako helburua musika garatu bat eta landua egitea asmoa izanda, ikasketa prozesuan gaude", dio Etxahun Iturriotz taldekideak.
Zuzenekorako motibatuta
Euren lehenengo kontzerturako gogoz daudela ere azpimarratu nahi izan dute Bogside taldeko kideek: "Oso motibatuta gaude. Duela astebete egin genuen gure Instagram kontua, eta, gure proiektua publikora ireki genuenetik, uste baino zabalpen gehiago izaten ari gara. Herrian gure lana aurkezteko gogoa izan arren, arduraz ere hartuko dugu. Guk sortutako bi abesti eskainiko ditugu lehenengo kontzertuan, eta gainontzekoak bertsioak izango dira".
Euskara ardatz
Euskal taldeen bertsioak izango dira euren errepertorioko kantu gehienak, eta euskaraz izango dira gehienak, nahiz-eta euren set-list-ean euskaraz ez den kantaren bat egon. "Talde moduan jarrita dugun filosofia da sortuko ditugun kantu guztiak euskaraz izango direla. Argi dugu euskararen aldeko apustua egin behar dugula".