73. Donostia Zinemaldia

73. Donostia Zinemaldia, eskualdeko zinemagileen erakusleiho handia

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2025ko ira. 19a, 11:30

Aitor Arregi eta Asier Altuna 'Kixi', Donostian, eguaztenean, 'Maspalomas' filmaren kartela atzean dutela.

Sail Ofizialean dauden Maspalomas eta Karmele filmez gainera, Debagoienarekin lotura duten askotariko ikus-entzunezko ekoizpenak eta protagonista gehiago izango dira gaur, egubakoitza, hasiko den nazioarteko zinema jaialdi entzutetsuan.

Gaur hasi eta irailaren 27ra bitartean egingo dute 73. Donostia Zinemaldia eta 56 herrialdetako 254 film eskainiko dituzte guztira. Izen handiko zinemagile, antzezle, ekoizle eta gidoigile asko batuko ditu aurtengo aldiak ere; horien artean, Esther Garcia eta Jennifer Lawrence Donostia Sariez gainera, euren film berriak aurkeztuko dituzten Juliette Binoche, Matt Dillon, Colin Farrell eta Maria de Medeiros, besteak beste.

Aurtengo Zinemaldiko alfonbra gorriak, baina, Debagoieneko zapore nabarmena izango du; izan ere, Sail Ofizialean aurkeztuko dituzte Oñatiko Aitor Arregik zuzendu duen Maspalomas eta Asier Altuna Kixi bergararrak zuzendu duen Karmele filmak; lehiaketan izango da lehenengoa eta lehiaketatik kanpo bestea. Sail Ofizialaz harago, Debagoieneko sortzaile eta aktore gehiagok ere emango dute zeresan.

Moriartiren 'Maspalomas' filma

Homosexualitateaz eta zahartzaroaz hausnartzen du Aitor Arregi oñatiarra kide den Moriarti ekoiztetxearen azken pelikulak: Maspalomas. Jose mari Goenagarekin batera zuzendu du oñatiarrak, eta, besteak beste, Jose Ramon Soroiz, Nagore Aranburu eta Kandido Uranga dira protagonistak. Hala azaldu dute ekoiztetxetik filmaren kontakizuna: "Bikotekidearekin hautsi ondoren, 76 urte dituen Vicentek gustuko duen bizimodua darama Maspalomasen: eguzkia, parranda eta gozamena dira haren eguneroko jardunak, baina istripu batek Donostiara itzultzera behartuko du, eta han, aspaldi abandonatu zuen alabarekin elkartu beharko du. Zahar-etxe batean bizi beharko du Vicentek, eta armairura itzultzera bultzatua sentituko da, konpondutzat zuen bere buruaren alde bat ezkutatuz". Bihar hasita, filmaren bost emanaldi izango dira guztira Zinemaldian, eta etzi, domeka, Kursaalen 22:00etan egingo duten emanaldiaren aurretik izango da lantaldea alfonbra gorriaren gainean. Zinema-aretoetan irailaren 26an estreinatuko dute Maspalomas.

Aitor Arregi: "Zinemalditik filma oso indartuta ateratzea da gure helburu nagusia"

Eskarmentua du Arregiren lantaldeak Zinemaldian, laugarrenez izango dira aurten Sail Ofizialean, eta aurreko aldietako bizipenek lasaitasuna ematen dietela adierazi du oñatiarrak: "Oraingoz, nahiko lasai gaude, baina aurkezpenaren egunean urduriago jarriko garela uste dut, aurkezpenaz gain zeregin edo gauza asko ditugulako. Orokorrean, sentsazio onak ditugu, aurrez erakutsi dugulako, eta ikusten dugu jendeari heltzen ari zaiola istorioa; eta uste dugu zeresana emango duela filmak, dituen hainbat eszenagatik eta ukitzen duen gaiagatik, baina oso seguru sentitzen gara hori delako hasieratik nahi genuena. Saria helburu dugun? Bada, gezurra esango nuke behin sail ofizialean egonda hor egonda nahikoa dela esanez gero; izan ere, beti gura duzu filmak ahalik eta errekonozimendu handiena jasotzea. Hiru aldiz egon gara Donostiako jaialdiko sail nagusian, baten esku hutsik joan ginen eta beste bietan sari garrantzitsuekin. Ea, bada, zer gertatzen den aurten, hirutan egoteak ez du bermatzen laugarrenean saria jasotzeak. Helburuari dagokionez, nik nahiko nuke filma oso indartuta ateratzea Zinemalditik, ez dakit ze jantzirekin, baina indartuta ateratzea".

Arregi eta Altuna, Donostian, eguaztenean, 'Karmele' filmaren kartela atzean dutela. 

Altunaren 'Karmele'

Kirmen Uribe idazlearen Elkarrekin esnatzeko ordua liburu ezagunean oinarrituta dagoen Karmele filma aurkeztuko du Asier Altuna Kixi Bergarako zinemagileak, 1937ko Euskal Herrian kokatutakoa eta Karmele Urrestiren eta Txomin Letamendiren bizipenak batzen dituen drama historikoa dena. "Karmele eta haren familia Frantzian erbesteratu dira, gerraren ondorioz etxetik kanporatuak izan ondoren. Han, Karmelek erbesteko euskal enbaxada kulturalaren proposamena jaso du, dantza eta musika ikuskizunen bitartez gerraren kontra borrokatzeko. Txomin ezagutuko du orduan, tronpeta-jole profesional bat, eta harekin maiteminduko da. Denboraldi batean Venezuelan bizi ondoren, bikotea etxera bueltatutako da, kendu zieten guztia berreskuratzeko esperantzarekin", kontatu dute Txintxua Films ekoiztetxetik, filmaren istorioa hala laburbilduta. Jone Laspiur eta Eneko Sagardoy dira istorioko protagonista nagusiei bizitza ematen dietenak, baina euskal zinemako aurpegi ezagun gehiago daude Txintxua Films ekoiztetxearen filmeko lantalde artistikoan batuta: Nagore Aranburu eta Javier Barandiaran, horien artean.

Bost emanaldi izango ditu guztira Zinemaldian filmak, eta domekan Victoria Eugenia antzokian 19:30ean egingo dutenaren aurretik izango da lantaldea alfonbraren gainean; zinema-aretoetan, berriz, urriaren 10ean estreinatuko dute. "2024ko udaberrian grabatu genuen filma eta ia urte eta erdi pasatu da ordutik, nahiz eta postprodukzioa luzea izan zen eta pelikula udaberrirako genuen bukatuta. Bada, Zinemaldira ia lan guztiak eginda iritsi naiz eta gogotsu nago jendaurrean erakusteko".

Eneko Sagardoy eta Kepa Errasti, 'Kamele' filmean. Argazkia: Txintxua Films.

Kepa Errasti, bi filmetan

Aurrez aipatutako bi filmetan egin du lan Aretxabaletako Kepa Errasti aktoreak; hortaz, birritan izango da alfonbra gorriaren gainean. Ez du Zinemaldian lehenengo aldia; hala ere, aurtengoa berezia dela dio: "Aurrez zan naiz, baina ez halako presentziarekin. Bi lanak Sail Ofizialean egoteak poztasun handia ematen dizu eta Zinemaldia beste modu batean, orain arte baino barruragotik, bizitzeko ilusioa ere bai. Gogotsu nago!".

Bi filmetan parte hartzeko izan duen aukeragatik "pribilegiatua" sentitzen dela gaineratu du: "Esperientzia oso polita izan dut bietan, eta paper politak ere bai. Oso pribilegiatua sentitzen naiz; izan ere, urte berean grabatu ziren biak, euskal zinemagintzakoak biak eta euskaraz, gainera. Lagunartean grabatu dugun sentsazioa izan dut, beste behin, beste batzuetan lan egin dudan talde teknikoarekin eta gertuko aktoreekin".

Asier Altuna: "Zinemira saria Telmorekin batera jasotzea oso polita da niretzako"

Zinemira saria, Altunak

Donostia Zinemaldiak eta EPE- IBAIA ekoizle-elkarteak ematendute Ohorezko Saria, Zinemira izenekoa, eta euskal zinemagintzaren alorreko pertsona ospetsu baten ibilbidea aitortzen du. Aupa Etxebeste! filmaren 20. urteurrenean, Asier Altunak eta Telmo Esnalek jasoko dute, irailaren 23an egingo duten euskal zinemaren galaren baitan. "Jose Luis Rebordinosek deitu zidan Ohorezko Sariaren berri emateko, eta hasieran harrituta geratu nintzen, eta zera esan nion: 'Eskerrak pelikula bat daukadala aurten aurkezteko eta beste bat idazten ari naizela orain, bestela kezkatzen hasiko nintzateke omenaldiak jasotzen hasi naizelako dagoeneko'. Beste alde batetik, ilusioa egiten dit Telmorekin batera jasotzeak, polita da hori! Bestetik, uste dut sari hori ez dela guretzako bakarrik; izan ere, Aupa Etxebeste! 2005ean egin genuen, baina aurretik jende askok euskaraz egindako edo aurrez landutako prozesu baten ondorioa izan zela uste dut", gaineratu du Altunak.

'Aro berria' film luzea

Aimar Uribesalgo oñatiarra da Irati Gorostidik zuzendu eta New Directos sailean lehiatuko den filmeko protagonistetako bat; estreinakoz egin du lan aktore moduan. "Filmaren informazioa eta castingean parte hartzeko proposamena heldu zitzaidan. 70eko hamarkadako langile mugimenduaren eta komunitate baten inguruko istorioa da, eta, gustatu zitzaidanez, joan egin nintzen eta aukeratu egin ninduten. Sekulako esperientzia ona izan da".

Batzuk agortuta badaude ere, Zinemaldiko atarian eros daitezke sarrerak

Goikobalu ere Zinemaldian

Proiektu handien erakusleihoa izateaz gainera, bestelako ikus-entzunezkoak aurkezteko toki aproposa ere bada Zinemaldia. Bada, zerrenda horretan dago ETBn ikusgai izango den Euskal Herria hegan saioa; irailaren 21ean Belodromoan aurkeztuko dute, 18:00etan hasita, eta Arrasateko Goikobalu abesbatzak hartuko du parte aurkezpenean. "60 lagun izango gara kantuan; Goikobalurekin batera, Txorbela Otxoteko lagunak eta Arrasate Gazte Abesbatzako gazte batzuk ere gurekin izango dira, eta baita orkestra bat ere. Fernando Velazquezek konposatutako 45 minutu inguruko pieza bat da, Gipuzkoa kapituluarentzat egindako musika, hain justu. Entzuteko eta abesteko musika oso atsegina, euskal doinu asko oinarrian dituena", azaldu du Goikobaluko zuzendari Iñaki Maidaganek.

Goiena, Zinemaldian

Eskualdeko zinemagileen ekoizpenen jarraipena egiteko, Zinemaldian izango da Goienako lantalde bat aurten ere. Datorren astean Goiena telebistan eta Goiena.eus atarian izango dira han jasotakoekin egindako erreportajeak, elkarrizketak eta bestelako gehiago ikusgai.

 

 

 

 

 

Erlazionatuak

Jesus Mari Lazkanoren 'Natura fugit' animaziozko filma

Aitziber Aranburuzabala Juldain ira 19, 12:05 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak