Artiko dokumentala egin ostean, bigarren film laburra du, aurreko lanarekin alderatuz oso ezberdina; izan ere, dokumentala zen estreinakoa eta animaziozko lana da gaur, egubakoitza, Principe zinema-aretoan aurkeztuko duena.
Zinemaldiaren baitan hiru emanaldi egingo dituzte eta dagoeneko sarrera guztiak agortuta daude. "Oso pozik eta eskertuta gaude Donostia Zinemaldian lana aurkezteko eman diguten aukeragatik; ohorea da guretako halako zabalkundea ematea. Horrez gainera, Greenpeacek banatzen duen Lurra saria irabazteko izendapena jaso dugu", azaldu du Lazkanok.
3.000 fotograma
Chamonixeko Mer de Glace glaziarraren eraldaketa irudikatzen du eta lau urteko lan-prozesua izan du 22 minutu irauten duen film laburra ekoizteko. "Prozesu luzea izan da, gogorra, baina aberatsa, era berean. Fotogramaz fotograma margotu ditut, aurrez eginda nituen formatu handiko margo originaletan oinarrituta.
Hitz bakoa da. "Ez dago ahotsik edo elkarrizketarik, kartoi batean idatzitako mezu txiki batzuk soilik, baina soinuak eta, bereziki, musikak garrantzi handia du. Joseba Beristain musikariak sortu du espresuki lan horretarako musika, eta ikaragarria da egin duen lana!
Dibulitoon Studioko Ricardo Ramonek eta Art Frameko Josu Venerok ekoiztu dute. Zinemaldian aurkeztu ondoren, beste jaialdi batzuetara eroateko asmoa dugu".