Euskarazko plaza-taldeen abiapuntura

Hasier Larrea Herrero 2025ko ira. 23a, 14:26

Akelarre musika taldearen lehen argazkia, 1973an. Ezkerrean, jertse gorriarekin, Iñaki Arriaran.

Akelarre musika taldeak, Eganekin batera, euskarazko erromeriaren oinarriak jarri zituen duela 50 urte pasatxo. Taldeak ibilbide oparoa egin zuen, eta oso ezagun bihurtu ziren 80ko eta 90eko hamarkadetan. Baina, agian, ez da horren ezaguna Akelarre Bergarako eta Soraluzeko musikari batzuek sortu zutela.

Puntua aldizkariaren 468. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Urriaren 19an, Lekeitioko Euskal Zine Bilera jaialdian estreinatuko dute Akelarre. Marearen kontra dokumentala. 1972tik 2005era ehunka plazatan ibilitako musikarien testigantzak jasoko ditu ikus- entzunezkoak, baita jarraitzaile eta adituenak ere. Bideografik ekoiztetxeak ondu du ertz asko azaleratuko dituen dokumentala. "Saiatu gara aro bakoitzaren sintesi moduko bat egiten eta, batez ere, taldeak sortu zuen miresmena adierazten. Hainbat istorio indartsu kontatuko dira; adibidez, jarraitzaile batek uda bakarrean Akelarreren 50 kontzertu baino gehiago ikusi zituela", azaldu du ekoiztetxeko kide Carlos Iglesiasek.

Taldeak hainbat bereizgarri izan zituen, baina bakarra aipatzearren, "haren errepertorioa euskara hutsean aurkeztu zuen lehen plaza taldea" izan zela nabarmendu du. Francoren diktadura osteko urteetan kokatzen du efemeride hori, 1975-1980 urteen artean, iragan hurbilean gaztelerazko kantuak inposatu eta euskarazkoak jazarriak izan ziren garaian.

Kultur-egarri handia

Izan ere, 60ko eta 70eko hamarkadetan Ez Dok Amairuren gerizpean zeuden bakarlariez gain –Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Estitxu, Maite Idirin...–, oso urria zen euskarazko kantagintza. Irratia zen musika entzuteko medio hedatuena, eta zentsuraren filtroa ezartzen zen bertan. Hala ere, loratzen zebilen euskal kulturaren aldeko mugimendua; euskaraz bizi, abestu eta dantza egiteko egarri eta gose handia zegoen.

Testuinguru hartan jaio zen, 1966an, Bergarako Urretxindorrak taldea, bi gitarra-jolerekin eta bi abeslarirekin. Gotzon Bikuña zen taldekideetako bat, eta kontatzen du "kalean eta tabernetan kantuan egiteko ohitura handia" zegoela orduan. Urretxindorrak-ek zazpi urte egin zituen oholtza gainean, eta Ez Dok Amairuren jaialdietan ohiko talde bihurtu ziren. Hain ziren ezagunak, haien disko baten 10.000 kopia saldu ziren. "Loiola Herri Irratiko Jose Mari Iriondok esan zigun Euskal Herrian ez zeudela 10.000 disko-jogailu. Nik uste dut askok nostalgiagatik erosten zituztela diskoak, etxean gordetzeko", aipatu du.

Bergararrak, abangoardian

Kontzertu haietan herrikide batzuk ere izaten zituzten bidaide: Ameslariak taldekoak. Iñaki Arriaranen gitarra-soken soinuari ahotsa jartzen zioten Jose Luis Mendiak, Ramon Arbizuk, Justo Idigorasek eta Javier Arbizuk. Garai hartan jotzen zituzten kantuak euskal olerkietan oinarritutakoak ziren –Urretxindorrak-en Aitorren hizkuntz zaharra, esaterako–, eta gaztelerazko eta ingelesezko pop kantu ezagunak ere interpretatzen zituzten, euskarazko hitzak jarrita –adibidez, Ameslariak-en Berriro hasi Los Brincosen bertsio bat da–.

Ameslariak taldearen emanaldi bat; ezkerrean, gitarrarekin, Iñaki Arriaran.

Bai Arriaranek eta bai Bikuñak gogoan dute "jendez lepo" betetzen zirela haien emanaldiak, "frontoietan eta zinema-aretoetan" jotzen zutela, normalean, eta lehen lerroan "hutsik egiten ez zuen publikoa" egoten zela: "Polizia". Kontzertuak hasi aurretik egiten zuten elkarren arteko harremana: "Errepertorioa hartu, eta hamabost kantu bazeuden, bost bakarrik kantatzera behartzen gintuzten", aipatu du Gotzon Bikuñak.

Haien kantuak grabatu ahal izateko ere zentsura handia jasaten zutela dio Arriaranek, nahiz eta filtro hura sarritan ez zen zeharo eraginkorra izaten: "Kantuen hitzak Donostian zegoen Información y Turismo izeneko bulegoan aurkeztu behar genituen lehendabizi; bada, seitik bi atzera botatzen zizkiguten. Kontua da zentsuratzen zituzten kantuen hitzek sarritan ez zutela inolako mezurik, eta zentsuratzen ez zigutenek, bai; adibidez, presoei buruzko bat ez ziguten zentsuratu. Barre egiten genuen, argi geneukalako galbahea pasatzen zuenak ez zekiela euskaraz tutik ere".

Akelarreren hazia

Oztopo haiek saihesteko arazo handirik gabe, Ameslariak taldea desegin ostean bakarkako disko bat grabatu zuen, 1972an, Iñaki Arriaranek. Lau pop abesti kaleratu zituen haren izen-abizena daukan tituluarekin, eta Soraluzeko Los Mansos musika taldeko kideen –Ramon Aranzasti, Juan Luis Ibarzabal, Jose Cambronero, Jose Antonio Ruiz eta Ramon Pia– laguntzarekin eman zien forma musika-konposizioei. Kantu haiek –Badok plataforman daude entzungai– plazetan jotzeko deiak jasotzen hasi zen Arriaran, eta Los Mansos taldekoekin batera zuzenekoen dinamikan murgildu zen berriz: "Toki guztietatik deitzen gintuzten, bereziki udan, Egan eta gu baikinen plaza-talde bakarrenetakoak. Demagun haiei ezkontza baterako deitzen zietela baina ezin zirela joan, ba guri proposatzen ziguten; eta alderantziz".

Emari handiko taldea 



Akelarrek hamasei disko grabatu zituen, lehenengoa 1980an –Asfaltuko Lorea– eta azkena 2005ean, agur- kontzertuan. Hiru hamarkada baino gehiagoko ibilbidean, hogei musikari inguru pasa dira taldetik. Horien artean, ezagunak asko; adibidez, Anje Duhalde (Errobi) eta Jose Alberto Batiz (Gatibu, Tapia eta Leturia Band...).

Iñaki Arriaran & Los Mansos bezala aurkezten ziren plazetan, hasi eta urtebetera bilera bat egin zuten arte: "1973an, taldea serioago hartzeko moduan geundela pentsatu genuen. Izan ere, dantzalekuetan haize-tresnak sartzeko eskatzen ziguten, saxoa edota tronpeta, baina guk ez geneukan halakorik. Beraz, haize- musikari bat topatzekotan geratu ginen, eta eibartar bat etorri zen. Orduan, gure aukerak handitu egin zirenez, beste izen bat jartzeko unea iritsi zitzaigun. Bakoitzak bi izen proposatzekotan geratu ginen; batek Akelarre esan eta segituan gustatu zitzaigun. Horrela sortu zen Akelarre".

Arriaranen abenturak beste hiru urte iraun zuen Akelarren, "bizimodu gogorra" zekarrelako herririk herri gora eta behera ibiltzeak: "Bankuan egiten nuen lan Bergaran, eta astean hiruzpalau kontzertu ematen genituen Nafarroan zehar sasoi hartan. Goizaldeko ordu bietan kontzertuko materiala jaso, autoa gidatu, lokalean materiala deskargatu, lo gutxi egin, hurrengo goizean lan egiteko iratzarri... Nekagarria ez ezik, ikusi nuen arriskutsua ere bazela; errepidean bazterra jotzear egon nintzen behin baino gehiagotan! Egia da ondo kobratzen genuela, baina ez geneukan dirua gastatzeko astirik ere. Hortaz, erabaki nuen bizimodua beste modu batera hartzea, lasaiago".

Aldaketak taldekideetan

Akelarre utzi aurretik, ordezko abeslaria lortzeaz arduratu zen Arriaran, eta Xabier Madina azpeitiarrak hartu zion lekukoa. Dena den, musikari lotuta jarraitu zuen bergararrak ondorengo zortzi urteetan, Ariznoa dantzalekuan astebururo kontzertuak ematen. Dioenez, "askoz ere erosoagoa" zen herrian bertan musika jotzea, "ez zelako materialik mugitu behar". Gainera, dantzalekua bete egiten zen gehienetan, erromeriak bogan jarri baitziren.

Testuinguru hartan, Akelarrek plazarik plaza jarraitu zuen, Euskal Herri osora hedatzen eta urtean 150 kontzertutik gora jotzen. Arriaranek bezala, Los Mansosekoek ere utzi egin zuten pixkanaka, baina musikari berriek heldu zioten proiektuari; tartean, Markox Juaristi hendaiarrak. Azkoitian bizi zen taldean sartu zenean, lagun batek gonbidatuta. "Baxu-jotzailea behar zuten, eta nik gitarra jotzen nuen. Hala ere, onartu egin nuen gonbidapena. Banda amateur batekin egin nuen topo, baina urtetik urtera hobetzen joan ginen, eta sartzen ziren musikari berriek igo egiten zuten taldearen maila; 80ko hamarkadarako, dezente profesionalizatu zen taldea", azaldu du.

Akelarreren azken kontzertuetako bat; eskuinetik lehena, Markox Juaristi.

Juaristik, Pako Diaz bateria-jotzailearekin batera, Akelarrek 33 urteko ibilbidean argitaratu dituen disko guztietan hartu du parte. "Dokumentalean anekdota guztiak kontatuko banitu, serie bat egin beharko lukete!", adierazi du, umoretsu. Pare bat pasadizo kontatzera animatu da segituan: "Behin, guardia zibilez betetako ezkontza batean jotzera gonbidatu gintuzten, guk detaile txiki hori jakin gabe. Han geundela, esan genien kantu guztiak euskaraz jotzen genituela; ez zituztenez ulertzen, haiek ezagutzen zituzten kantu batzuk inprobisatu behar izan genituen. Aldiz, tokatu zaigu baita ere Eusko gudariak interpretatzea ezkontza batean, ezkongaiek tarta mozteko unean".

Ikuskizun berritzaileak

Akelarre hitz gutxitan deskribatzeko eskatuta, "talde kamaleonikoa" izan direla azpimarratu du: "Euskal folklorea, rock-and-rolla, heavya, bluesa… Guk sortutako abestiak oso desberdinak dira elkarren artean. Bestalde, bagenekien jendeari kalejira egitea gustatzen zitzaiola plazan, eta alderdi horri garrantzi handia ematen genion. Gainera, tarteka, Hotel California moduko hit-ak euskaratzen genituen, baina, oro har, modan zeuden joeren aurka gindoazen".

Horregatik, sarri gertatzen zitzaien zuzenekoetan ikusleak haiei begira geratzea, "hotz samar, kantuak ezagutzen ez zituztelako; izan ere, plaza-talde gehienek Espainiako edo Latinoamerikako taldeen bertsio ezagunak jotzen zituzten". Horren jakitun, aurrerakoiak izan ziren soinu eta argiztapen ekipoen kalitatea mimatzerakoan: "Inbertsio handia egin genuen ikuskizun indartsuak taularatzeko, eta hori ere izan da gure arrakastaren gakoetako bat. Jendeak, ez abestu arren, txundituta jarraitzen zituen gure ikuskizunak". Berritzaileak ez ezik, exijenteak ere bazirela aitortu du: "Gertatu izan zaigu plaza batera joan eta eszenatokia oso txikia zelako buelta erdi ematea, duintasuna ez galtzearren".

Oialumen agurra

Gaur egun, esan daiteke ez dagoela herrietako festa nagusirik erromeriarik ez badago. Gitarra soil baten laguntzarekin, ama- hizkuntzan kantuan egiten zuten haiek nekez imajinatuko zuten zabaltzen zebiltzan bidearen tamaina. Arriaranek hauxe gaineratu du: "Akelarre sortu genuenean, hiruzpalau urtetako iraungitze- data eman nion". Baina gauzak nola diren, haren eta beste hainbat musikariren ekarpenaren ondorioz, Akelarrek 33 urteko ibilbidea egin ahal izan du, eta inspirazio-iturri izan da euskaraz gerria mugitu zitekeela sinistu zuten ondorengo musika taldeentzako.

Arriaranek pista galdu zion taldeari –"kide izan nintzenean bizitakoaz konforme"–, harik eta 2005ean, Oialume dantzalekuko (Hernani) agur-kontzertuan parte hartzeko deitu zioten arte. "Bitxia dirudi, baina une hartan ezagutu nituen Akelarretik pasa diren musikari guztiak, eta betidanik elkar ezagutzen genuela iruditu zitzaidan. Oso egun polita izan zen, kantu bat abestera ere igo nintzen oholtzara, hainbeste urte pasa eta gero".

Iñaki Arriaran: "Apaizek euskaratutako kantak jotzen genituen"

Iñaki Arriaranek (Bergara, 1946) fresko gordetzen ditu gaztetako oroitzapenak. Musikarekin lotutakoak kontatzen ditu lerrootan, noizbehinka barre-algararen bat ateratzen zaiola.

Nola sortu zen zure musikarekiko harremana?

14 urterekin, fraide batek gitarra jotzen irakasten zigun domeketan, tuna estiloko kantuak. Nerabe batzuk batzen ginen harekin, baina nik uste dut bakarra izan nintzela zerbait ikasi zuena. Akordeak jotzeko jarrera batzuk ikasteko gai izan nintzen, behintzat.

Zeozertarako balio izan zizun...

Soldadutzatik bueltan Justo Idigoras etorri zitzaidan, talde bat egin gura zutela, ni gitarra-jotzaile eta Justo eta haren lagunak abeslari. Nahiko mugatua nintzen gitarrarekin, baina halaxe hasi ginen entseatzen. Ameslariak deitzen ginen, eta, bereziki, Ez Dok Amairuren kontzertuetan jotzen genuen.

Garai hartan ere apaizekin ondo moldatzen zinela aipatzen duzu.

Harreman ona izan nuen Angiozarko Letamendiarekin eta Uberako Azurmendirekin. Adibidez, Ameslariak taldekook Nuestro pequeño mundo taldea entzuten genuen irratian. Gustuko genuen abestiren bat edo beste Letamendiari pasatzen genion, hark euskaratu zezan, edo hitz propioak asmatu zitzan abestiaren gainean. Elkarlan haren fruitua izan zen, adibidez, O, gu hemen! kantua, Sinner Man kantuan oinarritu genuena.

Ingelesezko abestiak hartu eta euskarazko hitzekin kantatzea ohikoa al zen?

Eganek hori egin zuen Behin batian Loiolan-ekin, adibidez. Anekdota bezala, nik Bilintxen olerki hura erabili nuen bakarkako diskoan grabatu nuen neure gitarra-konposizio baterako –Jai-alai–, zazpi urte lehenago. Eta

Azurmendirekin txikiteoan batzen zinen, ezta?

Bai, bai... Behin, berriketan, poema bat ekarri zidala esan zidan, Gabon kanta kutsukoa. Segituan otu zitzaidan doinu bat. Eta hark Uberan grabagailu bat zeukanez, hara joan ginen, Seiscientos-ean. Iristear geundela, autoa gasolina barik geratu zitzaigun. Gitarra hartu, eta oinez joan ginen haren etxera. Kantua azkar batean grabatu ostean, txikiteora itzultzekotan ginen. Autostop egin, gasolineran gasolina-pote bat erosi, eta buelta autostopean Uberara. Han gasolina bota eta, azkenik, Bergarara txikiteora itzuli. Gabon kanta hartaz ez naiz ahaztu, behin mezan kantatzeko eskatu baitzidan Azurmendik. Meza erdian, Gabon kanta aurkeztu zuen hark, eta segidan denen aurrean jo nuen nik. 1971 inguruan izan zen; gogoan daukat, halako gauzak ez dira-eta egunero egiten.

Baduzu beste anekdotarik buruan?

Luis Larrañaga Kikio-rekin bizitako asko! Akelarre utzi eta handik urte gutxira, taldekoek eskatu zidaten haiekin joateko biran Parisera, nire kantu batzuk jotzeko. Kikio-ri esan nion etortzeko, hark txistua jotzen zuelako. Labegaraietan egiten zuen lan, eta esan zidan 20:00etan azaltzeko lantegian. Zain nengoela, korrika etorri zen, atzetik enkargatua zeukala, ea nora zihoan oihuka. Eta Kikio-k erantzun: "Parisera!". Askotan esaten den esamoldea da, baina kasu hartan egia zen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak