Arnasgunerik ez, eta oxigenoa gero eta gutxiago

Jokin Bereziartua Lizarazu 2025ko ira. 18a, 14:25

Arrasateko zenbait familia elkarren artean berbetan, Seber Altube plazan. Irudia: Goiena.

Joerak aldatu ezean euskarak duen etorkizun zaila erakustera dator UEMAk Siadecori enkargatutako Norantz doa euskara? Hego Euskal Herria 2036 proiekzio demolinguistikoa lana. Euskalgintzarekin eta Debagoienarekin lotura duten sei lagun batu ditu PUNTUAk, proiekzio ezkorraren bueltan jardun dezaten. 

Puntua aldizkariaren 467. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) Siadecori eskatutako ikerlana da Norantz doa euskara? Hego Euskal Herria 2036 proiekzio demolinguistikoa. 290 orriko txostenetik, motz-motzean, bi ondorio nagusi atera daitezke: 2036an erdara izango da nagusi eta ez da arnasgunerik izango Euskal Herrian. Bergara, Oñati, Antzuola, Elgeta eta Aramaio dira UEMAko kide Debagoienean, eta bailaran egun ez dago arnasgunerik. Hau da, 2021eko datuen arabera, bailaran ez dago etxean euskararen erabilera %60 baino handiagoa duen herririk. 1991n, Oñatin, Elgetan, Antzuolan, Aramaion eta Leintz Gatzagan etxeko erabilera %60tik gorakoa zen; gaur egun, %50 eta %60 artean dago. Bailarako beste herrietan ere behera egin du etxeko erabilerak azken 30 urteotan. Euskarak, beraz, ez du etorkizun onik; gauzak asko aldatzen ez badira, behintzat.

JON SARASUA: "AKZIO-ERREAKZIO EREDUAREKIN EZ GARA URRUN JOANGO, EZ DU EMAITZARIK EMATEN"

Ikerketaren gainean jarduteko, euskalgintzarekin eta Debagoienarekin lotura handia duten sei lagunekin egon da PUNTUA: Mondragon Unibertsitateko (MU) irakasle eta Euskaltzaindiko Euskararen Gogoetagunearen koordinatzaile Jon Sarasua Maritxalar, 1997a ezkero Bergaran bizi den Emuneko koordinatzaile orokor Amaia Balda Etxarte, Arrasate Euskaldun Dezagun (AED) elkarteko kide Karmele Perez Lizarralde, 1990etik 2025era Bergarako Udaleko Euskara teknikari izan den Estepan Plazaola Otadui, Alfabetatze- Euskalduntze Koordinakundeko (AEK) irakasle Oskar Elizburu Egiazu eta Euskal Herrian Euskaraz (EHE) taldeko Ainhoa Pardina Arenaza.

Egungo migrazio ereduaren eragina aurreikusten saiatzea

Jon Sarasuak (Aretxabaleta, 1966) uste du jende askok ez duela ulertu zein zen ikerketaren helburua: "Bereziki kezka bat zuten jomugan: egungo migrazio-ereduak eta espero diren etorkinen kopuruak zein inpaktu izango zuen euskararen bizi-indarrean eta, oro har, hizkuntzaren etorkizunean. Lanaren ibilbidea apur bat ezagutu dut, eta kezka nagusia zen migrazioaren faktoreak nola eragingo zuen ikustea eta erakustea. Gertatzen dena da gai hori ez dela politikoki korrektoa, gai bihurria dela; markaketa handia dago, beldurra, eta kazetari gehienek titular nagusitik kendu dute ikerketaren asmo nagusia zena". Hori argituta, "kezkatik eta erreakzio-egitura antolatzeko arduratik" baloratzen ditu Sarasuak emaitzak: "Joera kezkagarri batzuk berrestera etorri da, datuekin, eta ondo egindako proiekzio-lan batekin". Eta badaude Sarasua bereziki kezkatzen duten ondorio bi: "2036an etxetik euskaldunak izango diren haurren portzentajeak izango duen jaitsiera handiak eta euskara naturalki indartsua den guneak ahultzeak. Oso gauza serioak dira".

EUSKARAREN ERABILERA KALEAN 
Herria 2021 2016 2011
Arrasate %26,3 %27,4 -
Oñati %71,5 %65,7 %64
Bergara %47,4 %52,1 (2015eko datua) %41
Aretxabaleta %41,2 %45,5 %49
Eskoriatza %29,2 %37,5 %34,4
Antzuola %60,5 %65,5 %65,4
Aramaio - %63,4 %64,4
Elgeta %57,9 %61,8 (2017ko datua) -
Leintz Gatzaga - - -
Debagoiena %42,4 %41,9 %47

Emuneko Amaia Baldaren (Donostia, 1970) arabera, "esperotako emaitzak" izan arren "kolpe hotza" izan dira: "Hipotesiak betez gero, ia arnasgunerik ez, hiztunak zaharragoak, lehen hizkuntza euskara duten herritar gutxiago, euskaraz etxe gutxiagotan egingo da... Aurre egin behar zaio datorrenari; frankismoan eta industrializazioan euskarak atzeraldi sakona izan zuen, arnasgune ziren herri asko erdaldundu egin ziren, baina erreakzio bat izan zen gizarte eta erakunde mailan. Orain ere erreakzionatu beharrean gaude". Ondorioei dagokienez, Interneten eragina aipatzen du Baldak: "Sekulakoa da Internetek duen inpaktua gure bizitzetan, gure pentsaeran, kulturan eta hizkuntzan ere bai. Horren aurrean nola kokatu ezin asmatu gabiltza".

AMAIA BALDA: "SEKTORE GUZTIETAN ESKU HARTU EZEAN, ERDARAREN ALDEKOA DA SISTEMA OSOA"

Kezka berezia dute arnasguneen bueltan

AEDko Karmele Perezen (Arrasate, 1966) ustez, lehendik ere bazeuden kezkak eta inpresioak indartzera etorri dira emaitzak: "Proiekzio ezkorrak gaurko egoeraren aurrean ere jarri gaitu, egungo hainbat galera azpimarratu dizkigu: hizkuntzarekiko atxikimendua galduz doa, euskara etxe gutxiagotan da hizkuntza nagusia, euskaraz gaztelaniaz baino erosoago moldatzen diren euskal hiztunen pisua gero eta txikiagoa da... Lana berritzeko beste dei bat izan da". Hori zehaztuta, hiru alderdik kezkatzen dute Perez, bereziki: "Lehenik, arnasguneen galera albiste oso txarra da. Izan ere, hizkuntza batek, iraungo badu eta garatuko bada, espazioak behar ditu zeintzuetan lasai, trabarik eta jazarpenik gabe, hiztunen artean sendo, osasuntsu eta normal biziko den, lehen hizkuntza aberats moduan transmitituko den eta aukerak izango dituen bizi izateko. Eta hizkuntzarekin batera hiztunak izango ditu ezaugarri horiek. Arnasguneek hori bermatzen dute. Bigarrenik, haurren eta gazteen artean aipatzen den euskara-gaitasunaren galerak kezkatzen nau. Hezkuntza arautuko emaitzak, familia-transmisioa eta etxeko erabilera behera egiten ari diren neurrian, hamarkadetako lorpen handienetakoa kolokan egon daiteke. Hirugarrenik, gero eta gehiago dira atzerrietatik etortzen ari diren pertsonak, eta haien seme-alabak eskolan euskalduntzen dira. Baina nola erakarri euskarara gero eta gehiago lanera datozen helduak, eskolatik pasatzen ez direnak? Ahalegin gehigarria da euskara ikastea, eta euskararen onurak ez dira agerikoak haientzat. Guztietan eragin beharra daukagu, euskararen prestigioa, ikaskuntza eta erabilera soziala sustatzeko".

Bergarako Udaleko Euskara teknikari ohi Estepan Plazaolaren (Arrasate, 1961) iritziz, "oso kezkagarriak" dira proiekzioak utzi dituen emaitzak: "Zerbait sendoa egiten ez bada, euskararen etorkizuna zalantzan egongo da oso. Ikerketak dio hizkuntza baten bilakaeraren ikuspegitik funtsezkoak diren aldagaietan atzera egingo dela, baldin eta euskarari lehentasun nabarmena ematen ez bazaio".

KARMELE PEREZ: "PROIEKZIOAK HAINBAT GALERA AZPIMARRATU DIZKIGU; BESTE DEI BAT DA LANA BERRITZEKO"

AEK-ko Oskar Elizburuk (Soraluze, 1961) ez du sorpresa handirik hartu: "Susmoa bagenuen aspaldian bilakaera eskasaren inguruan. Asko harritu egiten dira ezagutzan gora eginda erabileran atzerapausoak eman direlako. Hori, baina, logikoa da, euskaraz eroso bizitzeko baldintzarik ez da bermatzen; eta, okerrena, egungo hizkuntza politikekin ez da bermatzerik egongo". Arnasguneei aurreikusten zaien bilakaerak kezkatzen du Elizburu, batez ere: "Euskaraz egiteko inguru bat behar dugu euskaldunok, ingurukoek jakitea eta erabiltzeko gogoa izatea. Hori da arnasgunea. Izan liteke herri, auzo edo komunitate txikiago bat, baina baldintzak bete behar dira; bestela, erosotasuna berehala galtzen da eta erabilerarako aukerak jaitsi egiten dira. Hau da, jendeak euskara benetan ezagutu behar du, euskaraz lasai eta eroso komunikatzeko beste. Eta erabiltzeko gogoa ere landu egin behar da, euskaldun sentitzen ez denak ez duelako euskaraz egingo. Nola erakarri jendea euskararen mundura? Horren inguruan lan handia egin beharra dago".

EHEko Ainhoa Pardinak (Bergara, 1997) dio ikerketak utzi dituen "datu oso kezkagarriek" honako hau iradokitzera datozela, besteak beste: "Erakuts lezake kontzientzia soziolinguistikoaren galera eta hizkuntza hegemonikoen aldeko arau soziala are gehiago indartu izana". Etorkizunerako giltza direnez, gazteengan jarri du arreta Pardinak: "Gazteei gero eta gutxiago inporta zaie euskara. Nork bereari begiratzen dio, elkar ulertu eta lagundu beharrean. Uste dut horrek eragina duela euskararen borrokan dagoen gazteen presentzia faltan. Hori oso kezkagarria da, kontzientzia soziolinguistikoa garrantzitsua delako, batez ere, arnasguneetatik kanpo. Euskararen borrokan gazterik egon ezean, galduta gaude".

ESTEPAN PLAZAOLA: "ALDAKETA SAKONA BEHAR DUGU, EUSKARA ERDIGUNERA ETA LEHEN LERRORA EKARRI"

Demografia, migrazioa eta hizkuntza sistema zein politika "ahulak"

Txostenean demografiak "pisu berezia" hartzen duen arren, Baldak ez du uste arreta nagusia demografian eta etorkinengan jarri behar denik: "Horrek inpaktu bat izango du, nola ez. Kontua da nola harrapatzen gaituen horrek hizkuntzari dagokionez. Ikerketaren arabera, 16 urtez gorakoetan, euskaraz errazago egiten dutenak %8 dira, eta, aldiz, erdaraz hobeto moldatzen direnak %83,4. Hizkuntza sistema eta hizkuntza politika ahulduta dauzkagu; hartutako neurriak garai jakin baterako baliagarriak izan ziren, baina orain ez dira aski. Beraz, prestatzea dagokigu. Hori badago gure esku. Etorriko diren horiek euskaraz ikasteko eta egiteko zein testuinguru izango dute? Zer entzun eta adituko dute kalean, eskolan, lanean eta administrazioan? Zer-nolako mezuak jasoko dituzte bizilagunen, herrikideen eta erakundeen partetik? Errealitate horri erreparatu behar diogu, horren erantzule gu baikara; etorri berria, oro har, aurkitzen duen errealitate horretara egokituko da eta".

Migrazioarena "konplexutasun handiko" gaia dela dio Sarasuak: "Parte hartzen dudan guneetan ez dugu finkatu posiziorik migrazioaren inpaktu linguistikoaren gaian. Konplexutasun handiko gaia da, eta angelu desberdinetatik eragin beharko zaio".

Joerari buelta emateko baldintza zailak, baina ez ezinezkoak

Egoerari buelta emateko baldintzak "zailak" izan arren, Sarasuak uste du badagoela zer egin: "Ez da gutxi izango gure lehentasunak non dauden asmatzen badugu. Herri moduan nahi genukeen eredu sozioekonomikoa eta migrazio-eredua marrazten baditugu, guk karta guztiak eskuan ez izan arren. Hemen diren etorri berriei harrera linguistikoa egiteko moduak sistematizatzen baditugu, denok aberasteko moduan. Eta, batez ere, euskararen biziberritze prozesuan ardatz-sistema sendoa martxan jartzen badugu. Horrek eskatuko du esnatze bat, piztualdi bat euskal hiztunen aldetik. Baldintzak zailak dira. Bestelako aroan sartzen da euskal herrigintza. Pieza berriak ere beharko dira taulan".

OSKAR ELIZBURU: "EGUNGO POLITIKEKIN EZINGO DA BERMATU EUSKARAZ EROSO BIZI AHAL IZATEA"

Sarasuak uste du inpaktua Euskal Herriko beste lekuetan bezala etorriko dela Debagoienera ere, baina aukera ikusten du aurreko hamarkadetan tokiko euskalgintza antolatuak izan zuen ekimena berriro esnatzeko, eta komunitatea barrutik indartzeko.

Baldak ere atzera begiratzea proposatzen du, iraganetik ikasteko: "1950eko eta 1970eko hamarkadetan ere etorri zen jende andana, eta egiturak sortu gabe genituen. Beste baldintza batzuk ziren, baina: zer ez genuen egin eta egin behar genuen garai hartan? Zer ikasi dugu prozesu hartatik? Zer ez dugu errepikatu behar? Indarguneak zeintzuk izan ziren?". Aurrera begira jarrita, hizkuntza politika ausartagoak behar direla dio Emuneko koordinatzaile orokorrak: "Hezkuntzan apustu sendoa egin zen joan den mendean, baina gainerako sektoreetan ez zen egin. Uste genuen hezkuntzak denok euskaldunduko gintuela eta euskaldun horiek eremu guztiak euskaldunduko zituztela. Usteak, erdi ustel. Gaur egun, badakigu sektore guztietan esku hartu ezean sistema osoak erdararen alde egiten duela: enpresa berriak erdaretan sortzen dira, negozio berriak ere bai, dendak, enpresa jardunaldiak, jaialdiak, hedabideak, helduen heziketa, Lanbide Heziketa, masterrak, berrikuntza, digitalizazioa eta beste mila". Eta hirugarrenik, euskarazko testuinguruak eraikitzen jarraitzea proposatzen du Baldak: "Egunerokoan euskara aisialdian eta testuinguru informaletan indartzeko erronka dugu. Euskara hizkuntza instituzionala bihurtzen ari da herri populatuenetan, eta lortu behar dugu hizkuntza bizia eta egunerokoa izatea". Gainera, Debagoienean bertan badago eredu den herri bat, Baldaren arabera: "Aztertu beharko genuke zergatik Oñatik, herri ertain eta industriala izanda, udalerri euskaldun izaten jarraitzen duen, gakoak zein diren. Ondarroa eta Azpeitia ere aztertzekoak dira. Euskararen bizi-indarra handia den herriak ditugu, eta sozialki horretarako dauden arrazoiak arakatzekoak dira. Kasu on horietatik ikasi behar dugu".

POPULAZIOAREN BILAKAERA ETA EUSKARAREN ERABILERA ETXEAN
Herria 2021 2016 2011 2006 2001 1996 1991
Arrasate 20.934 (4.716) 20.848 (5.284)  20.731 (5.081)  20.853 (5.223) 22.225 (5.726) 23.690 (6.342)  24.445 (6.273)
Bergara 14.295 (4.984)  14.099 (5.494)  13.929 (5.332)  13.909 (5.567) 14.202 (5.941)  14.700 (5.628) 14.925 (6.231)
Oñati 10.926 (4.755)  10.562 (5.191) 10.327 (4.866)  10.066 (5.030) 10.174 (5.821) 10.106 (5.815)  10.216 (5.758)
Aretxabaleta 6.833 (2.185)  6.580 (2.308)  6.354 (2.283)  6.117 (2.284) 5.863 (2.245) 6.685 (2.182 5.878 (2.230)
Eskoriatza 4.008 (1.048) 3.884 (1.120) 3.821 (1.186) 3.669 (1.249)  3.698 (1.289)  3.862 (1.375 3.728 (1.346
Antzuola 2.079 (1.053) 2.040 (1.091 1.996 (1.082)  1.965 (952)  1.814 (1.083)  1.865 (1.075)  1.969 (1.175)
Aramaio 1.442 (717)  1.453 (831)  1.438 (805)  1.437 (594)  1.384 (889) 1.282 (917) 1.251 (843)
Elgeta 1.053 (538)  1.032 (573) 1.038 (589)  956 (500)  939 (639 939 (665)  962 (741)
Gatzaga 223 (112) 232 (112) 246 (116) 2 234 (111) 227 (111)  239 (131) 229 (123
Debagoiena 60.351 (19.392) 59.277 (21.173) 58.442 (20.535) 57.769 (20.926)  59.142 (22.855)  61.086 (23.213)  62.352 (23.967

Plazaolak "nazio mailako planteamendu sakona" proposatu du aldaketari ekiteko: "Euskara erdigunera ekarri behar dute maila guztietako erakundeek, enpresek, gizarte- eragileek eta herritarrek. 1960ko eta 1970eko hamarkadetan hutsaren hurrengoa zen euskararen erabilera umeengan eta gazteengan, eta euskara, oro har, galbidean zegoen. Baina biziberritze bat etorri zen hainbat faktoreri esker –ikastolak, euskarazko irakaskuntza, alfabetatzea, etxeko transmisioa, gizarte mugimendu sendoa, geroago erakundeen bultzada...–, eta horrek ekarri zuen, esaterako, praktikan ume eta gazte guztiek euskaraz gutxieneko maila bat izatea eta erabilera handitzea, euskarak ordura arte ez zituen eremuak hartzeraino. Posible da halako indarberritze bat berriz abian jartzea? Asko aldatu da gizartea, mundu konplexuagoa dugu, kanpoko eragina askoz handiagoa da eta datu demolinguistikoak orduan baino ahulagoak dira... Baina, zergatik ez?".

AINHOA PARDINA: "GAZTEEI GERO ETA GUTXIAGO INPORTA ZAIE EUSKARA; HORI OSO KEZKAGARRIA DA"

Elizburuk dio "baliabide askoz gehiago" behar direla transmisioari, euskarazko hezkuntzari, euskal alfabetatzeari eta euskarazko kulturgintzari begira: "Hizkuntza politikarako norabidea aspaldi markatuta dago, baina helburu zehatzetan, inplementazioan eta abiaduran ez da asmatzen ari. Indar politikoen eta gizarte eragileen adostasun eta konpromiso zabala behar dira, eta Euskal Herri osoan horri begirako hizkuntza politika ezarri. Kontseiluak bultzatu du horretarako ekimena, eta horri heltzea ezinbestekoa izango da".

Eskema zaharrez harago, etxeko-lan mordoa dago

Azkenik, euskararen kontrako epaien bueltan honako irakurketa hau egin du Sarasuak: "Pena dut epaitegien gaiak gaitasuna duelako gure indarrak desbideratzeko. Babes juridiko ziurragoa behar du euskarak, gauden estatuetan gaude, eta gauza asko esan litezke epaileez, legeez, hobeto egin litezkeenez eta abar. Baina betiko akzio-erreakzio ereduarekin ez gara urrun joango. Eskema zahar gehiegi dago euskalgintzan instalatuta. Ikusi dugu ez dutela emaitza sendorik ematen eskema horiek, eta aurrerantzean gero eta gutxiago. Horrek ez du esan nahi txarra denik pankartako erantzun-gihar bat egotea. Baina hortik jai daukagu estatu-indarren aurrean. Etxeko lan mordoa daukagu egiteko, kultura politiko desberdinen artean adostasunak lantzeko, hizkuntza politikaren ardatz-sistema sendoa jartzeko eta euskararen mugimendu-dimentsioa berrasmatzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak