Debagoienean egiten diren kotxe-bidaien %75 bailara barruko joan-etorriak direla erakusten dute egindako azterketek Debagoieneko Mankomunitateko ordezkarien esanetan eta horregatik emisioak jaisteko ahaleginean herritarrek badutela zeresanik adierazi dute: "Debagoiendarrok eskura dugu emisioak nabarmen jaistea, bailara barruko gure ohiko desplazamenduetarako garraio publikoaren zein bizikletaren erabilera lehenetsita".
Horien erabilera bultzatzeko hainbat ekintza antolatu dituzte honako leloarekin: Bizikletaz mugitu, autobusa hartu, autoa baztertu, alferrik ez kutsatu.
Ikastaroak eta zozketak
Iragarritako kanpainaren eta antolatutako ekintzen berri honako atarian jaso dute: mugikortasuna.debagoiena.eus
Ekintzen artean nabarmendu gura izan dute Nola elektrifikatu nire bizikleta? izeneko ikastaro praktikoa. Debalde izango da eta bi ordutan irakatsiko dute bizikleta bat elektrifikatzen. Bi saio antolatu dituzte, biak irailaren 13rako: lehenengoa, 9:30etik 11:30etara, eta bigarrena, 12:00etatik 14:00etara. Saioak euskaraz izango dira, Mankomunitatearen egoitzan (Nafarroa etorbidea 17, Arrasate). Izena aldez aurretik eman behar da webgunean.
Autobusaren erabilera bultzatzeko, ostera, zozketa bat egingo dute. Mugi txartelean 20 euro kargatzeko 10 bonu
zozketatuko dituzte irailaren 22an. Kasu horretan ere aurrez eman behar da izena.
Horiez gain beste hainbat herritan izango dira ekintzak. Horiek ere webgunean jaso dituzte.