Puntua aldizkariaren 466. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Arrasate-Udalatx mendi lasterketa egin baino hiru egun lehenago, Mondraitzeko lagunak Bizkaiko Foru Aldundiaren izenean posta elektroniko bat jaso zuten, eta zur eta lur geratu ziren. "Susto ederra hartu genuen. Mezuak argi esaten zuen lasterketa bertan behera utzi beharko genuela; debeku berba erabiltzen zuten, ibilbidea Udalatxeko tarte batzuetan, eta Besaide aldean, Bizkaiko lurretatik pasatzen zelako. Eta sai zuria ugaltze garaian zegoenez ezin genuela inguruotan halako ezer antolatu", dio Mondraitzeko kide Ganix Lasak. Hurrengo 24 orduak ez ziren errazak izan. "Pentsa horrek zer dakarren; bereziki, lasterketa antolatzeko lan guztiak eginda genituen, gastu guztiak bideratuta zeuden... Arrasateko Udaleko Ingurumen teknikariekin harremanetan jarri ginen, eta, Bizkaiko Foru Aldundiko teknikariekin berba eginda, lasterketa egitea lortu genuen, baina ibilbidea aldatzeko eskatu ziguten; ez ginen Bizkaian sartu".
Egun gutxira, egutegian jarraian zetorren Buetraitzeko kilometro bertikala ez egiteko "gomendioa" jaso zuten Aloñako Igoerako antolatzaileek; orduan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren partetik. Oñatiko lasterketaren kasuan, Aldundiak ez zuen debeku berba erabili. "Baina garbi ikusi genuen kilometro bertikala lekuz aldatu behar genuela. Aldundikoek garbi azaldu ziguten zeintzuk ziren motiboak: Buetraitz inguruan sai zuriak zebiltzan, eta, gainera, lasterketa gauez izanda, kaltea handiagoa izan zitekeen. Aloñako Igoera antolatu dugun bakoitzean beti ibili izan bagara esaten mendiak zaindu egin behar ditugula, ezin genuen beste alde batera begiratu. Hala, Arranoaitzen egin genuen kilometro bertikala, hura ez da-eta parke naturala", dio antolaketa taldeko kide Pablo Arejolaleibak.
Itsaraz proiektua, bertan behera

Norvegiako Statkraft enpresak Eskoriatzan eta Aramaion egin behar zuen Itsaraz parke eolikoaren proiektua bertan behera utzi zuen Espainiako Gobernuak, urtarrilaren 16an; izan ere, proiektu horrek ez zuen lortu aldeko ingurumen- inpaktu adierazpena. Espainiako instituzioaren arabera, parke eolikoak "inpaktu negatibo esanguratsuak" eragin zitzakeen babestutako hegazti faunan eta Natura 2000 Sarean. Besteak beste, sai zuria (Neophron percnopterus) eta sai arrea (Gyps fulvus) aipatzen zituen txostenean. Proiektuaren arabera, haize-errota bakoitzak 201 metroko altuera izango luke eta parkeak 782 hektareako azalera hartuko luke. Azken urteetan Statkraften proiektuak ezinegon handia sortu du Aramaion.
Kontua ez da berria, baina orain hasi da oihartzuna hartzen. Besaide mendi elkarteko presidente Olatz Igartuak gogoan du duela urte batzuk Aiba! mendi martxa ere motibo berberengatik egokitu behar izan zutela. "Duela lauzpabost urteko kontua da; orduan, Ipizte [Aramaio, Zabalaundi ondoan] inguruan sai zurien habia bat zegoela jakinarazi ziguten, eta orduan Aiba! udaberrian egiten zen. Adierazi ziguten halako martxa bat ezin genuela modu horretara egin, eta gogoan dut orduan ere Hiru Handiak mendi lasterketa ere motibo beragatik dataz aldatu behar izan zutela. Aurten, berriz, Arrasateko Udaleko Ingurumen teknikariak esan zigun Mondranbikeko ibilbidea aldatu egin beharko genuela, eta, horrekin batera, bertako basozainak eskatu zigun ibilbideko track-a pasatzeko, badaezpada, arriskuan egon gabe ere bestelako hegazti batzuen habien ondotik pasako ote ginen ikusteko. Hori berrikusita, bizikleta irteera lasai egin ahal izan genuen", dio Igartuak.
GANIX LASA: "SAI ZURIARI TRABARIK EZ EGITEKO, DATAZ ALDATUKO DUGU LASTERKETA"
"Kontzientzia hartzea dagokigu"
Abisu horiek azken orduan jasotzeak eragiten duen ezinegonetik harago, kirol hitzordu horietako antolatzaileek garbi dute naturan eragiten duten inpaktua kontuan hartu behar dutela, eta ahalik eta gehien neurtu. "2026ko Arrasate-Udalatx otsailean egingo dugu, sai zuriaren ugalketa sasoitik kanpo, eta ez apirilean. Inguruko beste mendi lasterketa batzuetako antolatzaileekin berba egin dugu, egutegian elkar ez zapaltzeko. Garbi dago guri dagokigula halako neurriak hartzea, denon ardura da-eta desagertze arriskuan dagoen hegazti bat babestea. Gainera, ez dugu aurtengoaren moduko ezuste gehiagorik nahi", dio Lasak.
Mendiaren 'port aventurismo'-a
Nerea Pagaldai biologo arrasatearrari asko gustatu zaio esamolde hori, eta dio ondo laburtzen duela azken hamarkadan mendian gertatu dena; alegia, masifikazioa gertatu da, eta dio geroago eta kirol jarduera gehiago egiten direla mendian. "Horiek antolatzen dituztenek ez dute inongo fede txarrik. Are gehiago, esango nuke jendeak baduela naturarekiko sentiberatasuna, baina informazioa falta zaie. Esaterako, Besaideko, Mondraitzeko eta Aloñako Igoerako antolatzaileek ez zuten zalantzarik izan probak egokitu behar zituztela esan zietenean; askotan, eskalatzaileei esker jakiten dugu habia berriak non dauden... Baina, sarritan, antolatzaile horiei informazioa falta zaie, eta horregatik igartzen dut faltan Gipuzkoan araudi bat: mendian zer egin dezaketen eta zer ez zehaztuko duen gidalerro bat. Bizkaian eta Araban badute, eta mendian egin daitezkeenak eta ezin daitezkeenak ondo zehaztuta dituzte".
OLATZ IGARTUA: "NORBANAKO ETA MENDI ELKARTE MODUAN, NATURA ZAINTZEA DAGOKIGU"
Gainera, askotan, lasterketetako parte hartzaileek baino kalte handiagoa eragin dezake publikoak. "Kirol hitzorduetan lehenetsi izan da mendietan jendetza izatea korrikalariak animatzera, eta normala ere bada, giro polita sortzen delako. Nik ere baditut mendi lasterketak egiten dituzten lagunak. Baina gaur egun astebururo ditugu halako probak, eta naturan eragiten dugun presioa oso handia da. Ulertu behar dugu gune naturaletan ehunka lagun batzeak ondorioak dituela, eta uste dut badaudela erdibideak. Bai, onartu behar dut Zegama-Aizkorri mendi lasterketan, esaterako, tontorrean eta Sancti Spiritun ze jendetza batzen den ikusteak min egiten didala; nahiago izaten dut irudiok ez ikusi".
Ondo aplikatu beharreko legeak
Aramaion bizi den Jon Ugarte oñatiarra Gipuzkoako Foru Aldundiko langilea da. 20 urte daramatza basozain lanetan, eta, bereziki, Debagoieneko zonan egiten du lan. Aitortu du pandemia aurretik ere geroago eta jende gehiago zebilela mendian, eta pandemia ostean gorakada are handiagoa izan zen: "Esango nuke egonkortu egin dela berriro. Gertatzen da jendeak jarduera berriak egiten dituela mendian. Esaterako, drone erabiltzaile asko dago, eta mendiko bizikleten kasua ere deigarria da: batetik, bizikleta elektrikoek ekarri dute gorakada, baina, bestetik, bizikleta martxetan jada ez dira garai bateko baso-bideak erabiltzen; jendeak bidetxur berriak nahi ditu, eta, askotan, baso edota pinudi horietan hegaztien habiak egoten dira: desagertzeko arriskuan dagoen Miru gorria (Milvus milvus), Arrano sugezalea (Circaetus gallicus)... egon daitezke pinudi horietan. Eta egia da administrazioa jarduera berri horietara egokitu egin behar dela; eta ahalik eta azkarren, gainera. Baina zer gertatzen da? Bada, administrazioa bera ere muga gaindituta dagoela, horretarako bitarteko asko behar direlako".
AHTaren lanetan etenak, sai zuriengatik

AHTaren lanetan ere zenbait eten egin behar izan dituzte azken urteotan, sai zurien eta babespean dauden bestelako hegazti eta animaliengatik – bisonteak eta Kobaundiko saguzarrak–. Adifen esanetan, sai zuriak eragin ditu eten gehien, Udalatx inguruan sai zuri bikote bat zebilelako. Hala, hegaztien ugalketa errespetatzeko, 2019 eta 2021. urte artean gutxienez hiru eten egin zituzten Arrasate-Bergara- Elorrio lotuneko obretan, Adifek hala aginduta. Dragados SA, TECSA eta Amenabar SA enpresek eten horiek agindu izanagatik trukean "konpentsazio ekonomikoa" eskatu zuten, baina euren errekurtsoa gaitzetsi egin zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak.
Izan ere, gauza bat da legedi falta izatea –ez da kasua–, eta beste gauza bat da legedi hori aplikatzen asmatzea. "Hegazti nekrofagoen plana 2014koa da, eta, horrekin batera, Natura ondarearen kontserbazioaren gaineko legedia (9/2021) ere badugu. Lege horiek berdinak dira EAEko hiru lurraldeendako, baina gero, diputazio bakoitzak bere modura aplikatzen ditu. Esaterako, 9/2021 deritzon legeak flora eta fauna babesten ditu modu zorrotzean, baina gero ez da denean berdin aplikatzen. Ez dago nahikoa teknikari mendian egiten diren jarduera guztiak kontrolatzeko, jarduera horrek zein eragin izan dezakeen neurtzeko...".
PABLO AREJOLALEIBA: "LASTERKETA LEKUZ ALDATZEA ERABAKI GENUEN, ZALANTZARIK GABE"
Borondate onarekin, posible da elkar ulertzea
Ugartek duela 30 urte eskaladarekin egindako lanketa hartzen du eredu: "Eskaladaren booma etorri baino apur bat lehenago oso lanketa ona egin zen Federazioarekin batera. Oso hartu-eman ona egon zen eta arau batzuk ezarri ziren, eskalatzaileek hegaztiak babesteko kontzientzia hartu zuten eta horrek fruituak eman ditu gero ere. Mendi lasterkariekin edota hazkunde handia izan duten bestelako jarduerak egiten dituztenekin berandu gabiltza lanketa hori egiteko, baina jarrera da inportantea, eta mendizaleen kolektiboan jarrera positiboa dago. Borondate onarekin posible da elkar ulertzea, besteak beste, jendeak baduelako naturarekiko sentiberatasun hori".
Ugarteren ustez, posible da kirol-hitzordu horiek antolatzea naturari kalte txikiagoa eraginda: "Esaterako, Zegama-Aizkorriko kilometro bertikala pasatzen den toki ondoan geranio mota berezi bat hazten da, eta lasterketa egunean zona hori babestu egiten dugu, jendeak zapaldu ez dezan. Kontrara, Zegama-Aizkorri lasterketan jendetza batzen da, eta, esaterako, San Adrianen eta, bereziki, Sancti Spiritu inguruan sai arre kolonia inportantea dago, belatza, sai zuria lehen han umatzen zen –orain ez–, saguzarrak daude, belatxingak, tximeletak, flora... Halakoetan, Anoetara edo Azkoagainera animatzera joaten garen moduan joaten gara mendira: autoz ahalik eta goren, musika eramanez, denak oihuka, etxafuegoak botatzen... Eta horrek ondorioak ditu animaliengan eta landareengan. Hala ere, badaude irtenbideak, esaterako; leku zaurgarrietan publiko kopurua mugatzea. Korrikalariek ez dute apenas kalterik egiten; haiek, normalean, banan-banan pasatzen dira eta ez dute zaratarik egiten".
JON UGARTE: "MENDIZALEEN KOLEKTIBOAN NATURA ZAINTZEKO BORONDATEA DAGO"
Sai zuria: hamar bikote kumaldian
Gipuzkoa osoan EAEko sai zuriaren populazioaren gaineko lehen ikerketa 1985ean egin zuten, eta orduan hogei bikote zenbatu zituzten. 2008an lortutako emaitzek –45 eta 48 bikote artean– erakusten zuten populazioa hiru lurraldeetan igo egin zela, eta gaur egun Gipuzkoan hamasei kumaldi zenbatu dituzte, eta horietan hamar bikotek kumaldia hasi dute. "Bost urtean behin ematen ditugu datuak. Bizkaian beste 26 bikote aurkitu dituzte. Hemen egoera hobea da, baina munduan sai zuriaren gaineko datuak ez dira onak".
Nerea Pagaldai (Arrasate, 1993) biologoak Gipuzkoako parketxe sarean egiten du lan; Aizkorri- Aratz eremuan, zehatzak izateko. Aranzadin egiten diharduen doktoretza Urubi urbanoen –hontz espezie bat da– gainekoa bada ere, ondo baino hobeto ezagutzen du sai zuria (Neophron percnopterus).
Zein berezitasun du sai zuriak?
Sai zuria hegazti sarraskijalea da. Helduek lumadi zuria dute, hegoetan hegaki beltzekin. Esango nuke burua nahiko deigarria daukatela, aurpegiaren azala horia eta lumarik gabea da eztarriraino. Negua Sahel inguruan pasatzen dute [Sahara basamortuaren hegoaldeko mugan], eta martxo edo apiril inguruan etortzen dira hona, hogei bat eguneko bidaia egin eta gero. Hala, umatze garaia martxoaren 1etik irailaren 1era bitartean izaten dute, eta, bereziki, hilabete horiek dira ondo zaindu beharrekoak.
Zergatik da horren berezia sai zuria?
Sai zuria Natura Kontserbatzeko Nazioarteko Batasuna (IUCN) erakundearen zerrenda gorrian dago; alegia, desagertzeko arriskuan dagoen espezieen artean dago. Egia da gurean egoera hobea dela; hau da, EAEn hegazti horren egoera kaltebera moduan sailkatuta dago. Eta beste bitxikeria bat: EAEn umatzen diren hegaztietatik, mundu mailan arriskuan dagoen bakarra da sai zuria.
Hegazti hori beti egon da gurean?
Bai. Gertatzen dena da bereziki pandemiatik hona mendien masifikazioa gertatu dela. Hegazti nekrofagoen plana 2014koa da, ez da berria, neurriak ez dira orain zorroztu, baina azken urteotan gizakia gehiagotan gerturatu da hegaztiak dauden mugetara, eta horregatik aktibatu dira gehiagotan babes neurri horiek.
Non egoten dira hegazti horiek, zehazki?
Esan moduan, ugatza (Gypaetus barbatus), sai arrea (Gyps fulvus) eta sai zuria intereseko hegazti nekrofagoak kudeatzeko planaren barruan daude. Eta plan horretan sartzen dira Urkiolako eta Aizkorri-Aratzeko parke naturalak eta baita Udalatx ere, bai Gipuzkoako aldea eta baita Bizkaikoa ere. Hala, gure inguruan sai zuriak umatzeko kareharrizko mendiak aukeratzen ditu, baina hortik harago ezin dut informazio gehiagorik eman; ez da komeni jendartean zabaltzea hegazti horien umalekuak non dauden. Lasaitasuna behar dute.
Zergatik zaindu behar da umatze garaia?
Sai zuria giza jarduerekiko oso hegazti sentibera da, eta ikusten badu orain arte egon den lekuak seguru izateari utzi diola, ez da gehiago bueltatuko. Populazioa errekuperatzeko denbora asko behar duen hegaztia da, gainera. Ugal-garai luzea dute; horrenbestez, denbora askoan behar dute lasaitasuna. Mendi lasterketetan publikoak sortzen duen zarata, habietatik gertu eskalatzea, parapentean dabiltzanak, inguruetako obrak, helikopteroak, droneak... Halakoek txiten abandonua ekar dezakete.
Bizkaiko eta Arabako foru aldundiak zorrotzagoak dira mendiko jarduerak baimentzeko orduan?
Baietz esango nuke. Lurralde horietan lege bat dute zehazki mendian egiten diren erabilera publikoak arautzeko, eta Gipuzkoan halako baten beharra dugu. Lasterketetako antolatzaileendako ere lagungarri izango litzateke