Berrehundik gora alkate eta ordezkarik Udal Legearen aurkako epaia salatu dute

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko uzt. 24a, 12:59

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrealdean gaur eginiko agerraldia. Irudia: Euskalgintzaren Kontseilua.

Udal Legearen aurkako epaia "euskal gizartearen eta euskal erakundeen gehiengo zabalaren aurkako eraso zuzena" dela adierazi dute udal ordezkariek, euskalgintzako kideekin; tartean, debagoiendarrek.

Espainiako Auzitegi Gorenak joan den astean ebatzi zuen Udal Legea garatzen duen dekretuaren hainbat atal baliogabetzea, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalei eta toki erakundeei herritarrekiko harremanetan euskararen erabilera lehenestea ahalbidetzen dien hainbat artikulu, euskararen normalizazioa helburu duten beste neurri batzuekin batera, Vox alderdi ultraeskuindarraren argudioak bere eginez. Bada, berrehundik gora alkate eta udal ordezkarik euskararen aurkako sententziaren aurrean erantzun bateratua eman dute, euskalgintzako ordezkariekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean, Bilbon.

Idurre Eskisabal Larrañagak, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak, irakurri du adierazpen bateratua, eta adierazi du "euskal gizartearen eta euskal erakundeen gehiengo zabalaren borondate demokratikoaren aurkako eraso zuzena" dela epaia, "azken hamarkadetako kontsentsuarekin hausten duena eta gure autogobernua nabarmen kaltetzen duena". Haren hitzetan, epaiaren ondorioz, udaletan ezingo da euskara lehenetsi, "ezta gaztelerarekin batera erabiltzen den uneetan ere: finean, administrazioan euskararen erabilera normalizatu nahi bada neurri zehatzak hartu behar dira euskara gazteleraren parera iritsi dadin, hori du asmo indarrean dugun araudiak".

Egoera "larria" da

Egoera "larria" dela azpimarratu du Eskisabelek, euskara hizkuntza gutxitua dela, "mendeetako debeku eta jazarpen politikoen ondorioz minorizatua", eta "larrialdi egoeran" dagoela adierazia duela euskalgintzak, Europako Hizkuntzen Berdintasunerako Sarearekin; are gehiago, haren esanetan, ikerketek "agerian utzi dute geldialdi eta atzeraldi baten arriskua" dagoela. Egoera hori izanik, hala ere, aitortu du euskal erakundeak eta eragile politikoak "ahalegin berezia" egiten dabiltzala azken hilabeteotan, "euskarak ofizialki lekua izan dezan Europar erakundeetan".

Joan den astean jakinarazitako epaia, ordea, ez da euskarak jaso duen eraso bakarra izan, beste hainbat izan baitira aurrez: "Hain zuzen ere, euskara minorizaziotik ateratzeko ekintza positiboak premiazkoen direnean biderkatu dira neurri hauen aurkako sententziak, bateragarriak ez direnak euskararen normalizazioarekin. Dela Lan Eskaintza Publikoak baliogabetuz, dela Eusko Legebiltzarrak adostasun zabalez onarturiko legeen aurka eginez, dagoeneko 30 inguru dira euskal erakundeen hizkuntza politika egiteko eskumena higatzen duten sententziak".

Erantzuna, "batasunetik"

Bilbon elkartutako askotariko ordezkarien ustez, "batasunetik" erantzun behar zaio egoerari, eta nabarmendu dute neurririk hartu ezean oztopoak ugaritu egingo direla euskaraz bizi nahi duten herritarrentzat. "Hizkuntza eskubideak bizitzako alor guztietan gauza daitezkeenean soilik bihurtzen direlako egiazko eskubide, ezin gara erasoei aurre egitera mugatu: aurrera egiteko garaia da. Indartu egin behar dugu segurtasun juridikoa, eta beharrezko lege aldaketarekin batera, euskal gizartearen jokaera proaktiboa sustatu behar dugu ahalik eta adostasun handiena eta zabalenarekin herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko eta euskararen erabilera normalizatzeko".

Euskara "behar dugu eta euskarak behar gaitu" izan da, hain zuzen ere, agerraldiko aldarri nagusienetako bat, "euskara baita gure hizkuntza, euskaldun egiten gaituena". Hori dela eta, honako hau azpimarratu dute: "Euskalgintzak eta udal ordezkariok bat eginik, euskararen erabilerak dagokion lekua behar duela berresten dugu, eta horretarako beharrezkoak diren neurriak sustatzeko konpromisoa hartzen dugu. Bada garaia harago joateko, hizkuntza politiketan jauzi bat emateko. Pizkunde berri baten aroari bide emateko".

Debagoieneko ordezkaritza

Bailarako hainbat herritako udal ordezkariak izan dira agerraldian; zehazki, honako hauek: Arrasatetik, Maider Morras alkatea eta Ander Garai, Joseba Ezpeleta eta Edurne Unamuno zinegotziak; Bergaratik, Gorka Artola alkatea eta Mikel Lete eta Markel Azkargorta zinegotziak; Oñatitik, Izaro Elorza alkatea eta Amaia Erostarbe, Iñaki Olalde eta Itziar Alonso zinegotziak; Elgetatik, Kepa de Vega zinegotzia; Antzuolatik, Olatz Lezeta alkatea; Eskoriatzatik, Edorta Zubizarreta alkatea; eta, azkenik, Aramaiotik, Asier Agirre alkatea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak