Txernobylgo sei haur ari dira uda Debagoienean pasatzen

Sara Lanz 2025ko uzt. 24a, 11:17

Debagoienean dauden sei haur ukrainarretatik lau, euren harrera-familiekin. S.L.

Chernobyl Elkartearen Atseden Programari esker, sei haur ukrainar ari dira uda pasatzen Debagoienean: horietako lau Bergarako harrera-familietan, eta bi Eskoriatzan. 

Uda bete-betean, Debagoieneko hainbat familia bihurtu dira elkartasunaren isla. Chernobyl Elkartearen Atseden Programari esker, sei dira Debagoienean uda pasatzen ari diren haur ukrainarrak –lau Bergaran eta bi Eskoriatzan–.  Bergarako harrera-familia den Saioa Bardezik, hirugarren aldiz hartu du parte ekimenean, "lehenengo urtea gogorra izan zen, baina orain badugu konfiantza. Euskaraz ere moldatzen da". Aurtengo bidaia, ordea, neketsua izan dela nabarmendu du: "Atzerapenekin heldu ziren eta gaueko 23:30ean iritsi ziren nekatuta". Gainera, haur eta familien lehenengo kontaktua egun-argiz izatea egokiagoa dela nabarmendu du Berdezik.

Lehen aldiz ari da parte hartzen Andoni Rodriguez bergararrak egokitzapen prozesuan daudela azaldu du: "Oraindik egokitzen ari gara, baina haurra oso pozik dago. Hondartza eta igerilekua maite ditu. Bere poztasunak asko ematen digu". Rodriguezek bi mezu nabarmendu ditu: "Boluntarioek lan handia egiten dute, eta jende gehiago behar da. Ume batzuk ezin izan dira etorri harrera-familia faltagatik".

Beste familia berri bat ere ari da parte hartzen Bergaran: Lusi Mari Santamariarena, eta komunikatzeko zailtasunak nabarmendu ditu: "Hasieran hizkuntza da zailena, baina mugikorreko itzultzailearekin moldatzen gara. Pixkanaka doa dena. Kultura oso desberdina da, eta gure seme-alabak ere ikasten ari dira". Hala ere, esperientzia guztiz aberasgarria dela gaineratu du.

Atseden hartuz

Haurrak uda pasatzen ari dira Euskal Herriko giro lasaiago batean. Eguneroko bizitzan murgilduta, hondartzara, mendira eta inguruko aisialdi ekintzetara joaten dira. Bergarako familiek adierazi dute haurrak "gustura" sentitzen direla, eta egokitzapena "naturaltasunez" doala. Esperientziaren balioa argi dute harrera-familiek: "Ez da beti erraza, baina merezi du", laburbildu du Rodriguezek.

Saharakoak ere bai

Bestalde, sei haur saharar ere ari dira uda Debagoienean pasatzen, Oporrak Bakean programaren bidez: bost Oñatin, bat Bergaran eta beste bat Aretxabaletan. Haiek ere, familia euskaldunen laguntzarekin, bestelako uda bat bizitzeko aukera dute.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak