Puntua aldizkariaren 465. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Azken hamarkadako joerari jarraituz, inoiz baino turista gehiago jaso zituen 2024an Gipuzkoak, eta Debagoienak berak %13,1eko gorakada izan zuen. Sektoreak lurraldean bizi duen egoera eta dituen erronkak azaldu ditu Aldundiko Turismo zuzendariak.
Nolako bilakaera izan du turismoak Gipuzkoan azken urteetan? Nola baloratzen duzu bilakaera hori?
2024an maximo historikoak izan zituen Gipuzkoak, bertako hotel, nekazaritza-turismo eta aparthoteletan ostatu hartu zuten 1,7 milioi pertsona baino gehiagorekin. Begirada atzerago botata, ikusiko dugu azken hamarkadan %75-%80 igo direla bisitarien sarrerak lurraldean. Hori oso albiste ona da, esan nahi duelako Gipuzkoa oso polita eta erakargarria dela bai Estatuko eta baita nazioarteko turistentzat. Hori, bere horretan, ona da. Eta gure balorazioa oso ona da. Izan ere, turismoa sektore ekonomiko bat da; sektoreari berari esatea gustatzen zaion moduan, industria ekonomiko bat: Gipuzkoako Barne Produktu Gordinaren %8,4 da, metalaren sektoreak baino pisu handiagoarekin. 40.000 pertsona ingururi ematen dio lan turismoak, eta hor argi dugu itunak eta lan-baldintzak hobetzeko lan egin behar dugula. Alde horretatik, orain dauden itunak ez dira, akaso, idealenak, baina bai Estatuko onenak. Kontua da turismoak izan ditzakeen inpaktu ez hain onei aurre hartu behar diegula, horiek minimizatzeko; aldiz, inpaktu onak maximizatzen saiatu behar dugu. Horretarako, erakundeok, sektoreak, herritarrek... adi egon behar dugu.
Zeintzuk dira 2025eko udararako aurreikuspenak?
2025eko urtarriletik maiatzera izandako datuak iazko epe bereko datuekin alderatuta, datuak antzerakoak dira, eta, ondorioz, seguruenik, ez gara helduko iazko datuak gainditzera. Ulertu behar dugu duela bost urte pandemia bat izan genuela, eta horren ondoren mundu mailan naturarekin erlazionatutako turismora egiteko joera egon zela, hain saturatuta ez dauden tokiak bisitatzeko joera. Hori horrela, Gipuzkoara etorri diren bisitarien kopuruak sekulako gorakada izan zuen pandemiaren osteko bi urteetan. Sektoreko establezimenduekin kontrastatuta, erreserben datua iazko antzerakoa da, eta mantentzeko joera ikusten dugu, ez hainbeste igotzekoa. Gainera, hemen eguraldiaren menpe ere bagaude, eta azken orduko erabakietan ere eragiten du horrek
"GIPUZKOA HELMUGA SEGURUA DA, ETA HORI ASKO BALORATZEN DUTE NAZIOARTEKO TURISTEK"
Gipuzkoak jasotako bisitari kopurua zenbateraino da urtaroaren araberakoa?
Orain arte, akaso, egon da estazionaltasun handia, kostaldeko herriak eta Donostia bai izan direlako oporretarako tokiak: lehen, jendea udara osoa pasatzera etortzen zen, ez gaur egun moduan hiruzpalau egun pasatzera. Horrek ekarri izan du jarduera turistikoa uztailean eta abuztuan pilatzea. Gaur egun, asko aldatu da hori, aro turistikoa asko zabaldu delako: Aste Santuan hasten da eta turismoaren sektorean esaten da Behobia- Donostia lasterketara arte irauten duela. Urte erdian zehar jarduera turistiko handia egoten da, eta idealena izango litzateke jarduera hori desestazionalizatu eta urte osoan kopuru antzerakoak izatea.
Zeintzuk dira ikuspuntu turistikotik lurraldeak dituen indargune eta ahulguneak?
Indarguneetako batzuk aipatu ditut: naturarekin, mendi-ibilaldiekin... erlazionatutako helmuga turistikoa izatea, adibidez. Era berean, helmuga segurua da, eta hori asko baloratzen dute, batez ere, nazioarteko turistek. Gastronomia ere hor dago: mundu mailan jarri gaitu, proiekzio handia eman digu, eta Asiatik, Ameriketako Estatu Batuetatik... turista asko etortzen dira gure gastronomia dela eta. Zinemaldia, Jazzaldia... halako ekitaldiak ere hor daude. Eta sektorea oso bateratuta eta inplikatuta egotea ere bada beste indargune bat: urte asko daramagu turistak jasotzen, baina ez hainbeste helmuga izatea kudeatzen; horretan nahiko berriak gara. Sektoreen sektorea da turismoarena; merkatariak, gidak, hotelak, turismo aktiboko enpresak... batzen ditu. Aldunditik, esaterako, publiko-pribatua den eta sektoreko 30 kidek osatzen duten Turismo Mahaia jarri genuen martxan, eta hor igartzen dugu dagoen inplikazioa. Ahulguneen artean dago, edo bai, behintzat, arreta jarri beharreko puntuen artean, hemen ez gertatzea beste toki batzuetan gertatu dena; hau da, arrakastak itotzea. Gure ikuspuntutik, ez gaude puntu horretan.
"GUK ORAINDIK EZ DUGU MASIFIKAZIORAKO ARRISKURIK IKUSTEN"
Bartzelonan eta beste hiru batzuetan biztanle asko kexu dira turismoak hirian izan duen inpaktuarekin; gipuzkoarrak horrekin kezkatuta ikusten dituzue?
Denetarik dago, eta egongo da turismoak molestatzen duen jendea. Baina guk oraindik ez dugu masifikaziorako arriskurik ikusten. Ikusten duguna da une eta gune konkretu batzuetan pilaketaren bat egon daitekeela; baina hori ez da turismoarengatik bakarrik izaten. Dena turismoari leporatzeko joera dago, eta horretan pedagogia apur bat egin behar da: kanpotik datozen turistak; egun-pasa datozen txangolariak; batera eta bestera mugitzen garen eta udan denok hondartzan egon nahi dugun gipuzkoarrak... ezberdindu behar ditugu. Era berean, turismoarekin zerikusirik ez duten eta kalean ospatzen diren ekitaldiak ere pilatzen dira, espazio publikoa saturatuz... Dena den, sektore, elkarte eta ahots guztiak entzun behar dira, eta jendea zerk kezkatzen duen ulertu; baita turismoak sor dezakeen beldurra kudeatzen lagundu ere.
Eustat-en datuen arabera, Donostiak, hiriburuaren metropolialdeak eta kostaldeko eremuak, adibidez, hoteletako sarreren %91,8 hartu zituen iaz; hainbat eskualde, tartean Debagoiena, batzen dituen Gipuzkoako barnealdeak, aldiz, % 8,2. Ez dirudi turismo aldetik Gipuzkoa lurralde orekatua denik.
Orain aste gutxi, 2030erako Turismo Plan Estrategikoa aurkeztu genuen, eta hor aipatzen den erronketako bat da, lehen aipatutako desestazionalizazioarekin batera, turismoaren deszentralizazioa. Fluxu turistikoak lurralde osoan bideratu behar dira, bakoitzak dituen ahalmenetara egokituta. Izan ere, batetik, lurraldean dauden oheak daude; eta bestetik, bilatzen den lasaitasuna ere bilatzen da. Lurralde oreka erronka da eta ardatz nagusietako mugikortasun jasangarria bultzatzea da.
Debagoienak zer du eskaintzeko turismo aldetik?
Debagoienak gauza asko ditu eskaintzeko, eta gure ikuspuntutik oso ondo ari da lanean turismoaren alorrean. Eskualdeko datuak oso onak dira: iaz, aurreko urtean baino %13,1 bisitari gehiago jaso zituen. Barrualdean lan-jarduerekin lotutako turismorako joera egon da historikoki: industria-enpresa asko daude eta hotelak-eta bileretara edo lanera zetozen pertsonekin bete izan dira. Pandemiaren ostean bilerak-eta gehiago egin dira online, eta ikusten duguna da gauzak orekatzen ari direla: lanarekin lotutako gaualdiak apur bat jaisten dabiltza eta aisialdiarekin lotutakoak, aldiz, igotzen dabiltza. Azken horretarako arrazoia da Debagoienak eskaintza turistiko zoragarria duela: naturarekin erlazionatuta, adibidez, Hartzaren urratsa izeneko ibilbidea dago; turismo familiarra, jasangarria eta lasaia egiteko aukera zabala ematen du; silver turismo deitzen diogunarekin, hau da, oporrik izan ez eta urte osoan edozein momentutan bidaiatu dezaketenekin oso lerrokatuta duen eskaintza ere badago...
"GURE IKUSPUNTUTIK, DEBAGOIENA OSO ONDO ARI DA LANEAN TURISMOAREN ALORREAN"
Adostu berri da EAEn ezarri nahi den tasa turistikoa udalek kudeatzea; zer iritzi duzue horretaz?
Albiste ona da erakunde guztien adostasuna lortu izana. Foru aldundiek arautuko dute tasa turistikoa eta udalerriek kudeatuko dute. Inor ez da geratuko hona etorri gabe tasa bat dagoelako. Bidaiarientzat mundu mailan oso onartuta dagoen zerga bat da, eta udalentzat diru sarrera garrantzitsua izango da turismoaren jarduerak eragiten dituen zerbitzu publikoen karga finantzatu eta arintzeko.
Zeintzuk dira 2030erako Turismo Plan Estrategikoaren lan-ildo nagusiak?
Hiru dira helburu nagusiak. Batetik, pertsonak: hemen bizi garenak, datozenak eta sektorean lan egiten dutenak. Hiru talde horien ongizatea, bizikidetza, bermatzea da helburua; horixe da Turismo Mahaian gehien landu den gaia. Guztiok sentitu behar dugu ondo daukagun ekosistema turistikoarekin. Erronka garrantzitsua da guretzat eta turismoaren onurak ere azpimarratu nahi ditugu. Onurak ez dira zenbakiekin bakarrik lotutakoak, kanpotik datozenengandik ere ikasi dezakegu eta. Oso argi izan behar ditugu, era berean, guk zabaldu nahi ditugun balioak. Azken finean, norbait etxera gonbidatzea bezala da: datozenentzat guk etxea txukuna eta erosoa izatea nahi dugu; baina, era berean, espero dugu gonbidatuek gu begirunez tratatzea. Bigarren puntu garrantzitsua sektorea bera da; argi izan behar dugu sektore ekonomikoa dela. Eta hirugarrena lehen aipatu dugun lurralde oreka da: turismoa urte osoan sakabanatu behar dugu, eta baita lurralde osoan zehar ere.
Zenbat pisu edo etxebizitza turistiko daude Gipuzkoan eta zein da zuen jarrera horrelakoen aurrean?
Ez dugu datu zehatzik, baina gure estimazioa da 2.000 inguru direla; etxebizitza kopuru osoaren %0,7 inguru da hori. Bartzelonan, adibidez, ehuneko hori askoz ere handiagoa da. Eta esan behar da, era berean, Donostian, Zarautzen eta Hondarribian pilatzen direla etxebizitza turistikoen %80. Aldunditik Apartamentu Turistikoen Elkartearekin elkarlanean dihardugu eta lortu behar dena da, beste establezimendu guztiak bezala, erregulatuta egotea. Gipuzkoa lehena izan da apartamentu turistikoen hitzarmena hoteletakoarekin berdintzen. Arazoa pisu ilegalak dira; horiek dira ezin direnak kontrolatu eta neurtu eta horiek dira kontrolatu ezin den turismo bat erakartzen dutenak. Plan estrategikoan jasota dugu agentziekin bideratutako turismoa sustatzea; horiek beti joango dira legeztatutako tokietara.