EKE-Elkar literatura beka eskuratu du Eneko Bidegainek

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko uzt. 23a, 11:24

Eneko Bidegain Aire. Irudia: Lorentxa Saragueta.

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakaslea da egun Bidegain, eta 6.000 euroko dirulaguntza lortu du Iparretarrak erakundeko kideen 1986ko ihesaldia oinarri duen Hegal egiten lana ontzeko.

Ipar Euskal Herriko literatura sorkuntza sustatzeko asmoz, bi urtean behin antolatzen da EKE-Elkar literatura beka, Euskal Kultur Erakundeak eta Elkar Fundazioak bultzatuta, eta Eneko Bidegain Airek (Baiona, 1975) eskuratu du aurtengoa. 6.000 euroko dirulaguntza jasoko du Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakasleak eleberria idazteko, eta 2026ko udazkenean argitaratzea espero da.

Hegal egiten da, hain zuzen ere, Bidegainen eleberriaren izena, eta benetan gertatutako istorio batean du oinarria: Iparretarrak (IK) erakundeko bi kidek Paueko presondegitik egin zuten ihes 1986ko abenduaren 13an, dozena bat laguneko komando baten laguntzarekin, eta eleberriko protagonista nagusia ihes egin zuen Maddi Hegi izango da, zeina sei hilabete geroago hil baitzen, polizia hura atxilotzen saiatu zenean. "Militante baten ibilbidea eta ihesaldi berezia kontatuz Iparretarraken ikuspegitik irudikatutako euskal gatazkaren kontakizun bat da ere, borroka armatuan emazteek ukan duten lekua argitan emanez. Dokumentazio lan handi bati esker fikzioa eta errealitatea nahasiko dira".

Epaimahaiaren osaera

Elise Diletek, Maddi Ane Txoperenak eta Castillo Suarez Garciak osatu dute epaimahaia, eta azpimarratu dute "kalitatezko proposamen anitz" jaso dituztela; halere, Bidegainen lanaren alde egin dute, honako irizpide hauek oinarri hartuta: narrazioaren kalitatea, euskararen maila, gaiaren erakargarritasuna eta aurkezpen orokorra.

2021az geroztik antolatzen da EKE-Elkar literatur beka, eta orduko hartan Adur Larreak irabazi zuen Lurbinttoko ohoinak (Elkar, 2022) eleberri grafikoarekin; 2023an, berriz, Idoia Rodriguzek lortu zuen, Euri (Elkar, 2023) lanarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak