Gaikako bilketa: datu onenetakoak Gipuzkoan

Larraitz Zeberio Lekuona 2025ko uzt. 24a, 15:00

2024ko emaitzak eman ditu Foru Aldundiak. Gipuzkoako batezbestekoa %57,17 da eta Debagoienekoa, %70,99. Desorekak daude lurraldeko zortzi mankomunitateen artean, eta "geldialdi-adierazleei" aurre egiteko premia azpimarratu du foru diputatuak.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun diputatu Jose Ignacio Asensiok hiri-hondakinen kudeaketarekin lotutako 2024ko behin-behineko datuak eman ditu. Lurraldearen birziklatze-tasa %52,77 da eta gaikako bilketa, %57,17. Hondakinen sorrera %8 murriztu da 2010etik.

Foru diputatuak esan du Gipuzkoak birziklatze-tasa "altua" duela eta herritarren kontzientziazio mailak "oso handia" izaten jarraitzen duela: "Emaitzek erakusten dute Gipuzkoako ereduak funtzionatzen duela". Mankomunitateen arteko "bilakaera desberdinak" eta zenbait adierazletan antzematen den "gelditzea" nabarmendu ditu, ordea. "Beharrezkoa da mankomunitate guztiek erritmo berean aurrera egitea hobetzen jarraitzeko", esan du.

Bilakaera desberdinak

Zortzi mankomunitate arduratzen dira hiri-hondakinen kudeaketaz Gipuzkoan, eta atentzioa ematen du zer-nolako aldeak dauden batzuen eta besteen artean. Gaikako bilketako datu onenak dituen mankomunitatea Sasieta da (%76,08). Debagoienak du bigarren datu onena (%70,99) eta Tolosaldeak osatzen du po-diuma (%67,64). Datu eskasenekin eta Gipuzkoaren batezbestekoaren azpitik daude Txingudi (%52,24), Debabarrena (%50,94) eta San Marko (%49,68). Hiru mankomunitate horietan ez dira Hondakinen Legeak 2025erako ezarritako gaikako bilketaren gutxieneko kopurura –%55– heltzen.

Horrekin lotuta, Eguzki talde ekologistak nabarmendu du populazio handieneko Gipuzkoako lau udalerri hartzen dituzten mankomunitateak direla: Donostia, Errenteria, Irun eta Eibar. "Gipuzkoako biztanleriaren erdia baino pixka bat gutxiago bizi da %55eko gutxienekoa betetzen ez duten udalerrietan. Gipuzkoa eredugarria da, baina ez Donostiari eta legea betetzen ez duten gainerakoei esker". Gehiago diote Eguzki talde ekologistakoek: "Gipuzkoako herriek, orokorrean, 2020an lortu zuten Hondakinen Legeak 2025erako ezarritako helburua, eta ezin da begi-bistatik galdu 2030erako gutxieneko kopuru berria aurreikusten dela: %60. 2030 ez dago hain urrun".

Geldialdi-adierazleak

Bere agerraldian Asensio diputatuak "geldialdi adierazleei" buruz ere egin du berba: "Begi-bistakoa da geldialdi batera iristen ari garela". Eta adierazi du bi frontetan indartu behar direla politika publikoak: "Alde batetik, herritarren kontzientziazioa areagotuz aldatzen ez diren eremuetan; eta, bestetik, portaera jasangarrienak saritzen dituzten tarifa-politiken aldeko apustua eginez. Hobetzen jarraitzeko, anbizio handiagoko neurriak beharko ditugu".

Debagoieneko datuak

Debagoieneko datuak onak dira, baina beti dago zer hobetu, eta badago horretarako tartea. Herriz herriko kopuruei erreparatuta, Antzuolak ditu gaikako bilketako datu onenak (%76,38). Ondotik datoz Leintz Gatzaga (%74,86), eta Oñati (%74,64). Debagoieneko batezbestekoaren azpitik daude Elgeta (%71,65), Arrasate (%70,08) eta Eskoriatza (%68,77).

Mankomunitateak 2025eko urtarriletik maiatzera arteko datuek ere eman ditu argitara. Ekitaldi berrian ere Antzuolak (%77,65), Leintz Gatzagak (%76,13) eta Oñatik (%74,81) dituzte gaikako bilketako datu onenak; txarrenak, aldiz, Elgetak (%69,94), Eskoriatzak (%69,67) eta Arrasatek (%69,56).

Eta herriz herriko bilketa datuetara etorrita, badaude bestelako berezitasunak: Leintz Gatzagan, esaterako, biztanleko 136,25 kilo konpost jaso zituzten iaz, eta Elgetan, 30,63 kilo. Debagoieneko batezbestekoa 9,31 da. Paper eta kartoi bilketan Elgetan 81,59 kilo jaso zituzten iaz biztanleko, eta Debagoieneko batezbestekoa 50,19 da. Ontzi arinen kasuan, batezbestekoa 38,15 kilo da, eta Aretxabaletan 51,28 kilo jaso zituzten. Errefusari dagokionez, Antzuola da iaz biztanleko kopuru txikiena sortu zuena: 80,62 kilo. Arrasaten 121,37 kilo izan ziren, eta Elgetan, 130,29. Debagoieneko batezbestekoa 109,86 izan zen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak