Eustatek, Euskal Estatistika Erakundeak, emandako datuen arabera, 81,7 urtekoa da hildako pertsonen batez besteko adina Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, iazko datuak oinarritzat hartuta. Azaldu duenez, hildako gizonen batez besteko adina 78,3 urtekoa izan zen 2024an eta 84,9 urtekoa emakumezkoena. Areago, zenbateko horrek 2,4 urteko igoera izan du hamar urteko epean, 79,3 urtekoa baitzen 2014an.
22.392 heriotza erregistratu ziren iaz, 2023an baino %0,4 gehiago, eta Bizkaian gertatu ziren gehienak: guztira, 12.041 heriotza; ondoren, Gipuzkoan (7.325) eta Araban (3.026). Hilabeteei dagokienez, berriz, uztaila nabarmendu zen.
Haurrak eta adinekoak
Haurren heriotza-tasaren berri ere eman du Eustatek, eta jakinarazi du urtebete baino gutxiagoko 26 pertsona hil zirela Araba, Bizkai eta Gipuzkoan iaz. Jaioberriei dagokienez, bizitzako lehen 28 egunei dagozkienak, hamasei izan ziren. Horrez gain, 100 urte edo gehiago zituzten herritarren 545 heriotza erregistratu ziren 2024an, eta hamarretik zortzi baino gehiago –%84,2 zehazki– emakumezkoak ziren.
Heriotzen kausa
Eustaten hitzetan, heriotzen kausa aldatu egiten da sexuaren arabera, baina datu orokorrak eman ditu: heriotzen %27,7 tumoreek eragin zituzten, %25,5 zirkulazio-sistemako gaixotasunek eta portaera-nahasmenduek, eta %8,3 arnas sistemako gaixotasunek.
Heriotzen kausak aldatu egiten dira adinaren arabera ere: 1-39 urte artekoei dagokienez, kanpoko arrazoiak dira heriotzen eragile nagusi, hala nola istripuak eta suizidioak; 40-79 urte artekoetan, tumoreak dira kausa nagusi; eta 80 urtetik gorakoetan, zirkulazio-sistemako gaixotasunak.