Tourrean lanean dihardute laurek

Xabier Urtzelai 2025ko uzt. 11a, 14:30

Ezkerretik Ezkerretik hasita, Ibai Agirreurreta, Kepa Otxoa, Uxue Otxoa eta Ivan Velasco, egunotan ateratako argazkian. I.V.

Frantziako Tourreko lehenengo aste hau barrutik bizi ahal izan dute Kepa Otxoa, Uxue Otxoa eta Ivan Velasco arrasatearrek eta Ibai Agirreurreta gatzagarrak. Fisioterapeuta, produktu-arduradun, psikologo eta kirol-zuzendari lanetan dihardute.

Lau debagoiendar dabiltza egunotan, gatzagar bat eta hiru arrasatear, munduko lasterketa handienean lanean, Frantziako Tourrean. Joan den zapatuan hasi zuten lasterketa, eta hiru astez Frantzian barrena ibiliko den zirkuan ibiliko dira laurak. Denak ez dira, baina, hiru astez Frantzian egongo, sartu-irtenak egingo dituzte lasterketan, eta bakoitzak lan eta ardura ezberdinak ditu. Lau lagunetako hiru, Ivan Velasco, Uxue Otxoa eta Ibai Agirreurreta, Movistar Team etxeko langileak dira, eta Orbeako ordezkaria da Kepa Otxoa. Egun hauetan bizi dutenaz eta egitea egokitu zaien lanaz egin dute berba GOIENArekin.

Velasco, zuzendari lanetan

Lau lagunen artean, Ivan Velascok du ardura handien, Movistar Team taldeko zuzendaria da eta. Eguazteneko erlojupekoan taldeko bi txirrindulari hamar onenen artean sailkatu ostean –Ivan Romeo eta Pablo Castrillo– egin du berba GOIENArekin. Kontrara, sailkapen orokorre-rako duten hautagaiak, Enric Masek, 3.29 galdu zuen helmugan. Kirol emaitza puntualak nabarmendu beharrean, baina, eguneroko kontuez berba egiteko eskatu diegu protagonistei. Arrasatekoak dio aurtengo Tour hasiera ezohikoa izaten dabilela, eta duela 10-15 urteko lasterketak izaten zuen ibilbidea duela aurtengoak. "Garai bateko Tour hasiera izaten ari gara, etapa nahiko lauak baina gorabehera txikiekin, eta azken urteotako berorik ere ez dugu izan... Alde horretatik, ez dugu kexarik, ondo ari gara lanean".

Ivan Velasco: "Lan talde handiaz etorri gara Tourrera, eta horri esker bakoitzak lasaitasun handiagoz egin dezake bere lana, buru-belarri egon gauza batera".

Etxe barrura begira, Tourrerako Movistarrek baliabide aldetik egin duen aurrerapausoa nabarmendu du arrasatearrak: "Lantalde handia etorri gara, eta asko eskertzen da, bakoitza bere lanean egon daitekeelako buru-belarri". Hori horrela, staff-eko kide bakoitzak ez du garai baten moduan askotariko lanak egiten ibili behar. "Fisioterapeutek euren zereginetan dihardute, nutrizionistak ditugu, entrenatzaileak ziklisten datuak aztertzen dabiltza, prentsari dagokionez ere lantalde polita dugu lanean, Uxue ere etorri da egun batzuetan kirol psikologo lana egitera... Horri esker, zuzendariok ordu guztiak gure jardunera bideratu ditzakegu, eta eskertu egiten da, ez dugu askotariko lanak egiten ibili behar".

Arlo psikologikoa lantzen

Uxue Otxoa kirol-psikologoa da, eta Bedoñakoak ere Movistarren dihardu. "Aurten urte osoa nabil egiten taldearekin, baina berritasuna da zuzendariekin ere banabilela lanean. Tourreko lehenengo astean eta hirugarrenean izango naiz eurekin, taldekideek lasterketa zelan hasi duten eta zelan amaitu duten ikusteko. Esan moduan, hilabete hauetan zuzendariekin ibili gara, lidergoa lantzen; izan ere, txirrindularitzan ziklistek har-tzen dute protagonismoa, baina zuzendariak oso garrantzitsuak dira, eta euren lana ezkutuan geratzen da. Etapako estrategiak lasaitasunez diseinatzen dituzte, baina gero, lasterketan, erabakiak azkar batean hartu behar izaten dituzte, eta erabaki horiek ziklistei komunikatu. Askotan, gainera, informazio askorik barik hartu behar izaten dituzte erabaki horiek; telebistako irudiak ez direlako autora iristen, irratia ez dabilelako ondo... Estres momentuak izaten dira eta momentu horiek kudeatu egin behar dira. Hor zuzendari bakoitzaren izaera azaleratzen da, gehiago arriskatzeko prest dagoen, edo ez...".

Uxue Otxoa: "Ziklistengan egoten dala fokua baina zuzendariak ere oso garrantzitsuak dira, eta eurekin ere banabil lanean. Etapetan erabaki garrantzitsuak hartu behar izaten dituzte momentu batetik bestera".

Tourrean egiten den guztiak oihartzun askoz handiagoa izaten du: "Tentsio handiko egunak izaten dabiltza hasierako hauek, tropelean kokapen aldetik denek nahi dute aurrean joan eta eroriko asko izan dira. Zorionez, guk zortea izan dugu eta ez dugu halako arazorik izan. Gero, eguazteneko erlojupekoa [herenegun] azterketa psikologiko handia izango da ziklistendako, eta horrek estrategia aldaketak ekar ditzake talde ezberdinetan".

Fisioterapeuten lana

Ibai Agirreurreta gatzagarrak laugarren urtea du Movistarren, baina lehenengoa Tourrean. Laugarren etapa amaituta, ziklistei masajea eman ostean izan da GOIENArekin. "Kakotx artean esango dut Tourra nahiko lasai hasi dugula, gure ziklistek ez dituztelako erorikoak eta halakoak izan. Gainera, Tourra Grand Depart delakoan hasi denez eta hasierako etapak nahiko gertu egon direnez, egun dezente egin ditugu hotel berean, baina horrek ekarri du jendetza batzea irteera eta helmugetan, eta joan-etorriak egiteko pazientzia handiaz ari gara. Oraingoz, fresko eta indarrez gaude". Uxue Otxoak ere nabarmendu du hasierako aste honetan ez dituztela bidaia luzeak izan, eta hori ere eskertu dutela. "Hemendik aurrera, baina, etapak amaitutakoan joan-etorri luzeagoak egin beharko dituzte ziklistek, eta horrek ere eragingo du nekean eta estresean". Fisioterapeuten lana ez da etapa osteko masajean amaitzen, goizean goizetik hasten dira-eta lanean, anoa-postuetan ziklistek jango dutena prestatu, horiek lasterketan zehar banatu... Gainontzeko taldeki- deak bezala, batera eta bestera ibiltzen dira taldeko fisioterapeutak.

Ibai Agirreurreta: "Kakotx artean esango dut Tourra lasai hasi dugula, gure ziklistek ez dituzte erorikoak izan".

Orbea ordezkatzen

Uxue Otxoa psikologoaren anaia da Kepa Otxoa, eta hura ere Tourrean izan da, baina beste zeregin batzuk izan ditu. Lotto taldeak Orbea etxeko bizikletekin dihardu Tourra lehiatzen, eta Mallabiko enpresako errepideko bizikletako produktu-arduradun moduan izan da Kepa Otxoa Tourrean. "Lasterketa hasi baino egun batzuk lehenago joan ginen hara, eta domekan itzuli ginen etxera [bigarren etapan]. Azken batean, momentu egokia da taldearekin egoteko, materialaren gainean ziklisten feedback edo iritzia jasotzeko, materiala berrikusi eta dena ondo dagoela ikusteko...".

Kepa Otxoa. "Ziklistekin berba egitera etorri gara, gure materialaz zelan dabiltzan ikustera, feedback-a jasotzera"

Orbea etxeak, gainera, duela aste gutxi merkaturatu berri du gurpil modelo berria, OQUO LTD izenekoa, eta Tourra erakusleiho ezin hobea da. "Klasikoetan ere gurpil horiekin ibili dira ziklistak, eta lanak nahiko aurreratuta genituen. Baina bai, bereziki materialaz berba egin dugu asko. Bestalde, halako hitzordu batek jende askorekin egoteko aukera ematen du, mundu osoko jendea batzen da-eta lasterketa horren bueltan".

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak