2024ko errenta kanpainan bildu duena baino diru gehiago itzuli du Gipuzkoako Ogasunak, Itziar Agirrek, Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak, emandako datuen arabera: 391,3 milioi euro itzuli ditu, hain zuzen ere, eta 332,3 milioi euro bildu ditu; horrenbestez, 59,6 milioiko emaitza positiboa izan da, zergadunen alde. "Emaitza hori batez ere zor zaio Foru Ogasunak nazioarteko ziurgabetasun ekonomikoaren eta, ondorioz, prezioen inflazioaren aurrean familiak eta kolektibo zaurgarrienak babesteko azken urteotan aplikatu duen neurri sortari". Hala ere, erantsi du 2023ko kanpainan baino hamar milioi gutxiagokoa dela oraingo datua: orduko hartan, 69,9 milioi izan ziren zergadunen alde.
Emaitzekin "pozik" dagoela adierazi du Agirrek, bilakaera "positiboa" izan dela, eta "aurreikusitako eran" igaro dela. Hala, eskerrak eman dizkie zergadunei "kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzen jarraitzeko ekarpena egin izanarengatik", eta baita kanpainan zehar lanean aritu diren profesionalei ere: "Kanpaina honen arrakasta bermatzeko egindako ahaleginagatik eta aitorpena egin ahal izateko kanalak sortzeagatik, hala nola Errenta+ aplikazioa hobetzen eta egokitzen laguntzeagatik, bai eta herritarrentzako arretaren eraginkortasunagatik ere". Areago, positiboki baloratu du aurkeztutako aitorpenen kopuruak ere gora egin izana, "2024an Gipuzkoako ekonomiak izandako bilakaera positiboaren eta langabezia-tasa baxuaren (%5,7) ondorioz. Horrek zuzenean eragin du aurkeztu diren aitorpen kopuruan eta emaitzan".
Kopuru zehatzak
423.110 errenta aitorpen aurkeztu dituzte guztira kanpainan, iaz baino 10.255 gehiago, eta gehienek Internet erabili dute horretarako: 110.738k. Horrez gain, 234.527 aitorpen aurkeztu dituzte autolikidazio proposamenen bidez, eta errenta mekanizatuen edo aurrez aurrekoen kasuan, 77.745 izan dira. Horietatik 300.019 aitorpen itzuli behar izan ditu Ogasunak (%70,9), eta gainerakoak herritarrek ordaindu behar izan dituzte: %29,1. Zergadunek, hain zuzen ere, bataz beste 2.700 euro ordaindu dizkiote zerga administrazioari.