Hamalaugarren edizioa izan du aurten Mondragon Unibertsitateak eta Mondragon Korporazioak antolatutako euskarazko gradu amaierako lanen sariketak, eta Iker Zurutuza Etxaidek eskuratu du lehen saria, 1.500 eurokoa, Eguzki-panelen ekoizpen-lerroetako programazioaren estandarizazioa izeneko lanarengatik. Hain zuzen ere, Industria Elektronikako Ingeniaritza graduko ikaslea da Zurutuza, eta Mondragon Assemblyn garatu du bere lana. Bigarren saria, berriz, Usue Casado Lozanorendako izan da, 500 eurokoa, Arrisku psikosozialen kudeaketa GSR S.COOP enpresan izeneko lanarengatik. Zehazki, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza graduko ikaslea izan da Casado, eta GSR enpresan gauzatu du bere ikerlana.
Emandako datuen arabera, 837 proiektu garatu dituzte Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultatean, Goi Eskola Politeknikoan eta Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean, eta horietatik 162 izan dira euskaraz: alegia, hamarretik bi baino apur bat gehiago –%22,3–. Horrez gain, Mondragoneko kooperatibetan 199 proiektu landu dira, eta horietatik 61 izan dira euskarazko lanak: zehazki, %32,7.
Epaimahaiaren osaera
Bederatzi kidek osatu dute epaimahaia –Eneko Bidegainek eta Asier Irizarrek, HUHEZItik; Rafael Altunak eta Mireia Uribetxebarriak, Enpresagintza Fakultatetik; Xabier Arrasatek eta Pedro Urteagak, Mondragon Goi Eskola Politeknikotik; Ander Etxeberriak, Mondragon korporaziotik; eta Abel Irizarrek eta Koldo Urrestarazuk, Emun-etik–, eta azaldu dute aurkeztutako proiektu guztiek "maila tekniko handia" dutela eta euskaraz "ongien idatzitakoak" saritu dituztela.