Euskal Udalekuak, 50 urtez umeak hezten, euskaraz eta auzolanean

Amaia Txintxurreta Guridi 2025ko uzt. 4a, 09:57

Abaigarko lehen txandako gaztetxoak, atzean etxea ikusten dela. (Argazkia: Abaigarko udalekua).

Euskal Udalekuetako Abaigar eta Bernedo etxeek mende erdia bete dute eta "bizirik" jarraitzen dute, ehunka gaztetxo hartuko dituzte-eta aurten ere. Dagoeneko lehen txandako haurrak bertan dira eta hasi dute euren udako abentura euskaraz.

Martxan dira, beste urte batez, haurrendako eta gazteendako aisialdia euskaraz eskaintzen dituzten Euskal Udalekuak. Duela 50 urte baino gehiago hasi ziren; Abaigarren 2024an bete zuten mende erdia eta aurten Bernedon igaro dute urteurren hori. Goñin ere badute udalekuetarako beste etxe bat.

Aisialdia baino "askoz gehiago"

Udan gaztetxoei euskarazko aisialdia eskaintzeko sortu zirela azaldu du Abaigarko etxean hezitzaile ibiltzen den eta komunikazio arloan ere jarduten duen Leire Zubia oñatiarrak. Baina gaineratu du hori baino gehiago direla: "Euskaraz gain, hezteko moduan beste balio batzuk ere badaude gure oinarrian: feminismoa, natura eta auzolana". Inma Martin oñatiarra, berriz, aurten zortzigarren urtez joango da Bernedoko etxera hezitzaile lanak egitera: "Euskal Udalekuen proiektuak asko eman dit eta asko ikasi dut. Borondatezko lana egiten da eta urte osoko lana dakar: etxearen mantentze-lanak, udalekuak planifikatzea, materialak berritzea, elkarren arteko harremanak zaintzea...". Gaineratu dute ez dutela soldatarik jasotzen eta proiektuan sinisten dutelako daudela bertan.

Etxeak, "bizirik"

Abaigarko etxearen kasuan, crowdfunding kanpaina egin zuten 2019an, dirua batu eta etxearen obrak finantzatzeko; beraz, eraikina berrituta dago. Hiru txandatan banatuta 7 eta 17 urte arteko 225 gaztetxo izango dira aurten, 55 hezitzaile, sukaldari eta bestelako lanak egiteko pertsonekin lagunduta.

Bernedoko etxea, berriz, hango Udalarena da, eta lagapen kontratua dute sinatuta. Lau txanda egingo dituzte aurten ere, eta 6 eta 14 urte arteko 400 gaztetxo inguru izango dira, guztira, 80 hezitzailerekin eta sukaldarirekin batera.

Ospakizunak egin dituzte

Abaigarko etxearen 50. urteurrena iazko urrian ospatu zuten, eta joan den ekainaren 14an izan zen Bernedokoarena. 50 urteotan hezitzaile eta sukaldari ibilitako pertsonak elkartu ziren, seme-alabekin, eta jaialdia "oso berezia eta polita" izan zela esan du Martinek. Jendeak proiektua "eusten" jarraitzen duela ikustea "pozgarria" dela diote.

Urteurrena ospatzeko Bernedoko etxean egindako jaialdia. (Argazkia: Bernedoko udalekua).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak