Euskal Estatistika Erakundeak (Eustat) emandako datuen arabera, Gipuzkoak 28.820.064 mila euroko ekarpena egin zion 2022an Euskal Autonomia Erkidegoko barne produktu garbiari (BPG); guztizkoaren %33,3. Gipuzkoan, hiriburuak, Donostiak, biltzen du sortutako BPGaren bolumen handiena, 8.256.021 mila eurorekin; lurralde historikoko jarduera ekonomikoaren %28,6.
Zortzi udalerri nagusiak
Ikerketa horretan ondorioztatu dute Gipuzkoako zortzi udalerrik lurraldearen aberastasunaren erdia baino gehiago sortzen dutela, eta tartean daude Debagoieneko Arrasate eta Bergara. Donostiaren eta Irunen atzetik, hirugarren postuan dago Arrasate, 1.099.454 mila euroko ekarpenarekin, lurralde historikoko jarduera ekonomikoaren %3,8rekin. Eta Hernaniren eta Beasainen ostean dago Bergara, 664.527 euroko ekarpenarekin, %2,3rekin. Tolosa eta Azpeitia izango lirateke zerrendan hurrengoak. Gipuzkoaren kasuan, Bizkaian ez bezala, BPGrik handiena sortzen duten udalerriak ez dira hiriburuaren inguruan biltzen; lurralde historikoko eskualdeen artean banatuta daude.
Sektoreen banaketa
EAEko antzeko egitura du Gipuzkoak sektoreen banaketari dagokionez. Zerbitzuen sektoreak balio erantsiaren %66,2 hartzen du, Autonomia Erkidegoko batez bestekoa –%69,5– baino zertxobait gutxiago. Aldiz, industriak hartzen du pisu handiagoa, Gipuzkoan egindako jarduera guztien %27,5, eta, beraz, Autonomia Erkidegokoa baino 3,3 puntu handiagoa da.