Belaunaldi gazteen hizkuntza ohituretan eragitea asmo izanik, gaur hasiko da Euskarabentura Atharratzen (Zuberoa), eta parte-hartzaileek Euskal Herria zeharkatuko dute, Getxora (Bizkaia) iristen diren arte, hilaren 31n. Hala, antolatzaileek helburu dute euskara oinarri izango duten harreman berriak eraikitzea, "pausoz pauso Euskal Herria alderik alde gurutzatzen eta egunerokoan gorabeherak bizitzen, txoko zein eduki berriak ezagutzen dituzten bitartean".
Zehazki, 126 gaztek –edo jzioquitarrek, espedizioko hiztegia gogoan izanda– hartuko dute parte aurtengo edizioan, "errealitate linguistiko, sozial, ekonomiko eta kultural anitzekoak". Horietatik gehienak Bizkaikoak dira –zehazki, 43–, eta hurrenez hurren daude: Gipuzkoakoak (26), Nafarroakoak (24), Arabakoak (13), Lapurdikoak (13), Nafarroa Beherekoak (5) eta Zuberoakoak (2). Horrez gain, parte-hartzaileekin batera beste 28 lagunek osatuko dute lantaldea: bi koordinatzailek, hamabi begiralek –edo xerpak–, bi begirale laguntzailek, bi begirale buruk, bi medikuk, hiru erizainek, bi gidarik eta komunikazio lantaldeko hiru kidek. Dena den, ohartarazi dute osasun lantaldea osatzeko dagoela, eta norbaitek interesa izanez gero, elkartearekin jar daitekeela harremanetan.
Ibilbidea, 27 herritan
27 herritatik pasatuko da espedizioa aurten, Atharratzen hasita: Maule, Pagola, Larzabale, Donibane Garazi, Auritz, Abaurregaina, Iruña, Añana, Argantzun, Gasteiz, Izarra, Elosu, Araia, Zerain, Tolosa, Lesaka, Urdazubi, Baiona, Urruña, Donostia, Zarautz, Lekeitio, Aulesti, Gernika, Bermeo, Bilbo eta Getxo. Edonola ere, antolatzaileek ohartarazi dute "horiek eta beste hainbeste herri zeharkatuko dituela marea laranjak", Debagoienetik igaroko ez den arren.
Ikus-entzunezkoa, lau saiotan
Primeran plataformak, Euskarabenturarekin elkarlanean, lau saio estreinatuko ditu, eta Debagoieneko Abao Komunikazio Agentzia arduratuko da, hain zuzen ere, gazteen bizipenak ardatz izango dituen saioen ekoizpenaz: "Hasi aurreko sentimenduak, espedizioko egunerokoa, lagun berriak egitea... Horrela, espediziotik kanpo dauden gazteengana heldu eta euskaldunean sareak elikatzen jarraitzea da asmoa".
Lehen bi saioak uztailaren 10ean eta 24an estreinatuko dira Primeran-en, eta hirugarrena, berriz, abuztuan izango da; azkenekoa, irailean.