Klaudia Ugarte: "Herri txikietan asko dago egiteko; sexilioa, esaterako, arazo handia da"

Txomin Madina Milikua 2025ko eka. 28a, 09:30

Klaudia Ugarte, Gasteizen. Irudia: Txomin Madina.

1997an Gasteizen jaioa, haren esanetan berandu hasi zen LGTBIQ+ kolektiboan militatzen. Gasteizko zein Arabako LGTBfobiaren behatokia den Ikusguneko langilea da gaur egun, baita ziheterosexismoaren aurkako Lumagorri taldeko kidea eta mugimendu feministako militantea ere.

Puntua aldizkariaren 461. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Oñatin egiten ari diren LGTBIQ+ kolektiboaren diagnostikoaren harira, bestelako ekintza batzuk ere antolatu dituzte; tartean, kolektiboko kideen desirari, plazerari eta ikusgarritasunari buruz Mer Gomezekin eta Klaudia Ugarterekin egindako solasaldia.

Zein aldarterekin heldu zara aurten ekainaren 28ra?

Urtero bezala, aldarrikapenerako nahiarekin. Gure festa eguna da, bai, baina gogoratu behar dugu gure festak politikoa izan behar duela, helburu politikoa duela: zapaltzen gaituen arau zisheteroaren kontra egitea. Hori horrela, ondo pasatzeko gogoarekin joango naiz ekitaldietara, baina baita asmo borrokatzailearekin ere, eta beti mugimendu feministen eskutik.

Ikusgunen urtero zenbatzen dituzue LGTBIfobiaren bueltan jasotako salaketak, eta 2024an 24 izan ziren. Bilakaera, baina, zein da?

Uste dugu zenbakiarekin ez dugula larritu behar; azken lau urteetan gorabeherak izan diren arren betiere kopuru horren bueltan ibili garelako. Eta horrek, dugun inplantazioaz hitz egiteaz gain, erakusten du jendeak gugan baduela konfiantza. Intzidentzien berri ez izatea izango litzateke kezkagarria, badakigulako LGTBIfobia eta biolentzia matxistak gure gizartean dauden arazoak direla. Alde horretatik, zenbakiak testuinguru batean kokatu behar dira, eta zoriontzekoa da ikustea lurraldean badaudela erasoei aurre egiteko mekanismoak eta sareak. Datuei erreparatuz gero, datu orokorretan ez da gorakada handirik ikusten. Baina kasuak aztertzen jarrita, ikusten dugu gorroto diskurtsoen gorakada handia gertatu dela. Gorroto diskurtsoen arriskua azpimarratzen dugu guk: badirudi hitzak direnez ez dutela minik egiten. Baina hitzak eta diskurtsoak, azken finean, pertsonen giza eskubideen eta duintasunaren kontra egiteko tresna bihurtzen dira eta indarkeria mota handiagoetan bihurtu daitezke. Kezkatuta gaude baita ere ez garelako irla bat eta nazioartean Donald Trumpek eta Victor Orbanek duten diskurtsoek eragina dutelako gure herrian. Dena den, azpimarratu nahi dut LGTBIQ+ komunitatearendako lurralde erosoa garela.

"HAIN PLURALA DEN GIZADIAREN ESPERIENTZIA BITARTASUN HUTSAL BATERA MUGATZEKO INTERESA DAGO"

Beste toki batzuetako behatokietan ere zuen irakurketa bera egiten dute?

Gutxi gorabehera bai, baina egia da Espainiako Estatuan egoera apur bat larriagoa dela, ultraeskuineko alderdien eskutik indarkeriaren areagotze bat ikusten dugula. Horrekin alderatuta, gure testuingurua ezberdina da. Euskal Autonomia Erkidegoan, guk dakigula, gurea da datuak ematen dituen behatoki bakarra, baina badugu bertako bestelako erakundeekin harremana; Anitzak eta Loratuz Lotu taldeekin saretuta gaude, adibidez. Eta ikusten duguna da herri txikietan oraindik ere asko dagoela egiteko. Sexilioa, esaterako, arazo handia da: kolektiboko beste pertsona batzuekin erlazionatzeko herri handiagoetara joan beharra.

Oñatin egon berri zara, eta bertan, beste hainbat herritan bezala, LGTBIQ+ kolektiboaren diagnostikoa egiten ari dira; zer iruditzen zaizkizu horrelako ekimenak?

Diagnostikoak izatea ezinbestekoa da politika publikoak egiteko. Garrantzitsuak dira tresna bat direlako, herri bateko beharrak erakusten dituztelako. Garrantzitsua da, era berean, diagnostiko-lan horiek kooperatiba feministek edo mugimendutik gertu dauden erakundeek egitea, tratua gozoagoa delako eta kaleko mugimenduekin harremanetan daudelako. Herri bateko edo hiri bateko errealitatea erabat ezberdina izan daiteke, eta egoera herritik herrira ere aldatu daiteke. Herri batzuek izan dute kolektiboarekin lotutako ibilbidea, baina beste batzuk askoz itxiagoak izan daitezke, non kolektibokoek armairuan egon behar duten edo ikusgarriak normatiboak direnak bakarrik diren. Oñatin gauza askoren inguruan egin genuen berba diagnostikoa aitzakia hartuta. Aurreratu diren datuen arabera, Oñatin ikusgarriak diren LGTBIQ+ kolektiboko kideen prototipoa oso normatiboa da eta argaltasunaren prototipoa ere zabalduta dago. Amatasunak duen pisu handia ere agertu da diagnostikoan, eta hori aprobetxatu genuen esateko amatasuna deseraiki egin behar dela, heterosexualitatetik sortutako instituzio bat dela. Desirari buruz ere hitz egin genuen, eta hori garrantzitsua da oso, pertsona eta gorputz orok dituelako desioak eta normaz kanpoko subjektuak desira gaiztoak edo gaixoak bezala erretratatu izan direlako; horren adibidea da lodifobia.

Zergatik diozu amatasuna heteronormatiboa dela?

Ez da amatasuna suntsitu nahi dugula, eredu berriak bilatu nahi ditugula baizik; gozoagoak diren eta zoriontsuago egiten gaituzten ereduak. Gertatzen dena da amatasuna genero ikuspegi heterosexualetik eraikitzen dela. Denbora luzean egon den instituzio bat da amatasuna, nahiz eta ez duen beti esanahi bera izan. Egungo amatasunak erlazionatzeko orduan jarraitu behar ditugun arauak markatzen ditu; nola harremandu behar dugun eta zein motatako erlazioekin egin behar dugun hori. Eta normalean dira erlazio bertikalak eta guztiz heterosexualak, ideologia eta perspektiba erabat heteropatriarkalarekin. Akaso, amatasuna amaitu behar dugu, baina horrek ez du esan nahi ama gehiagorik egon behar ez dutenik, baizik eta erlazioek horizontalagoak izan behar dutela. Izan ere, ez da hitz egiten amatasunak ekarri dezakeen bortizkeriaz edo sufrimenduaz: askotan, oso gogorrak diren pisu eta betebehar batzuk dakartza, emakumeen gain bakarrik jartzen direnak. Eta, era berean, horrelakoak esaten ditugunean bazterketa soziala nabaritzen dugu.

"OSO ARGI DUT NOR NAIZEN, NIRE GENITALAK NOLAKOAK DIREN ETA NIRE BIZITZAN ZEIN GARRANTZIA DUTEN"

Trans pertsonen bueltako hainbat kolektibok egindako txostenean diozue Osakidetzaren Genero Identitate Unitate bakarrean ez direla trans pertsonen eskubideak betetzen; zergatik?

Ikusten dugun urraketetako bat da gure nahien eta desiren gaineko eskumena kentzen digutela: mediku batek uste duenaren eta berak markatzen dituen denboren araberakoa da dena, gure iritziak aintzat hartu gabe. Zerbitzua, gainera, patologizatzailea da, trans pertsonak psikiatriatik pasatzera behar dituelako; akonpainamendua dela diote, baina ez bazara bertatik pasatzen ez dizute aurrera egiten uzten. Eta beste eskubide urraketa bat da zerbitzua jasotzeko zein ebakuntzak egiteko itxarote-zerrendak oso luzeak direla. Bost urteko itxarote-zerrenda bat ere ikusi dugu; hori, itxarote- zerrendan sartu arteko bizpahiru urteak kontuan hartu gabe! Ukamena ere ikusten dugu. Normatiboak ez direnei, ez-bitarrei adibidez, ez diete tratamendurik hartzen uzten, eta, horretaz, gainera, ikuspegi lodifobo ikaragarria ere topatu dugu. Pertsona lodiekiko tratua erabat bortitza eta deshumanizatzailea da. Jasotako lekukotzen artean, adibidez, neska bati esan zioten 60 kilo kendu behar zituela, bestela medikuarekin hitz egiten ere ez ziotela utziko.

AEBetan zein Erresuma Batuan trans pertsonen kontrako hainbat neurri hartu dira azken hilabeteetan; zer dago horien atzean?

Patriarkatuaren errefortzu ikaragarria. Batzuetan, TERF mugimenduaren inguruan hitz egiten da, esanaz direla trans pertsonak baztertzen dituzten feministak. Baina nik ez dut uste feministak direnik: batetik, hartzen diren neurri ia guztiak emakume transen kontrakoak direlako, eta, bestetik, transak izan edo ez, emakume guztion kontrako neurrien sarbideak direlako. Badago askotarikoa den gizadiaren esperientzia bitartasun hutsal batera mugatzeko interesa. Modu horretan, errazagoa da gizartea kontrolatzea; inposatutakoak diren familia, gurasotasuna, heterosexualitatea eta halako instituzioak naturaltzat jotzea.

Beste herrialdeetako mugimendu horiek hemen erreplika izateko beldurrik baduzue?

Kolektibo minorizatu moduan beti duzu beldurra. Baina konturatzen zara beldurrari kasu eginez gero ez duzula beste ezer ere egingo; zure lagunei eta borroka-kideei esker gauza asko egiteko ausardia lortzen duzu. Poza behar dugu, plazera; garrantzitsuak dira horiek, iraultzaileak direlako. Beldurrak alde batera utzi eta zoriontasuna bilatu behar dugu, era horretan gizarte pluralagoak, parekideagoak eta feministagoak eraikitzeko.

"EUSKAL HERRIAN KOLEKTIBOA SARETUTA DAGO, ETA SARE HORIEK DUTEN INDARRA ERAKUTSI DUTE"

Zer esango zenioke gizonezkoen genitalekin jaio izanagatik gizonezkoa izaten jarraitzen duzula dioenari?

Esango nioke ni ez nintzela jaio ez gizon ezta gizonen genitalekin ere; umetxo txiki jaio nintzen ni, eta mediku bat izan zen nire genitalak nolakoak ziren esan eta pegatina bat jarri zidana. Baina hori ez da nire bizitzako gauzarik garrantzitsuena: nik oso argi dut nor naizen, nire genitalak nolakoak diren eta nire bizitzan zein garrantzi duten. Hori ikusi nahi ez baduzu, hor konpon, Marianton!

Zein da LGTBIQ+ kolektiboaren erronka handiena?

Gorroto diskurtsoei aurre egitea. Eta ulertzea borroka egiteko saretu egin behar dugula, aliantzak sortu eta mugimendu feministetan zein herrikoietan militatu behar dugula. Ulertu behar dugu borroka transmaribolloak intertsekzionala izan behar duela. Lan munduko kontuak; etxebizitza lortzeko arazoak; migranteek jasaten duten zapalkuntza; Palestinako genozidioa... horiek ere badira gure kontuak. Nik uste dut Euskal Herrian, behintzat, kolektiboa saretuta dagoela eta sare horiek daukaten indarra erakutsi dutela. Gainera, batez ere jende gaztearengan borrokatzeko nahia ikusten dut. Baina gehien hunkitzen nauena da ikustea helduagoak diren pertsonak nola bat-batean animatzen diren militatzera, batzar feminista bat egitera edo herriko jai transmaribolloan parte-hartzera. Bizitzako 30-40 urte normak zapalduta bizi izan den jendea da, eta nahikoa dela adierazten dute. Adin askotariko jendeak osatutako kolektibo plurala gara. Siglez edo banderez harago, guretzat garrantzitsuena da ulertzea badagoela norma zisheterosexual bat eta subjektu ez-normatibook horren kontra batu behar dugula. Dena den, siglek badute garrantzia; gauza batzuk beren izenarekin aipatu behar dira, haien existentzia nabarmentzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak