Gure Zirkuak jaso du aurtengo Abadia Saria, "komunitate oso bati elkarrekin euskaraz bizi eta sentitzeko plaza berria eskaintzeagatik", Eider Mendozak, Gipuzkoako ahaldun nagusiak, adierazi duenez. Zirkuko artisten "ausardia, balioak, mugak gainditzeko eta berritzeko gogoa" azpimarratu ditu, euskararen biziberritzean egin beharreko jauzian "erreferente" direla iritzita: "Jauzi horretan kultur sorkuntzari eta aisialdiari arreta berezia eskaini behar diogu. Euskaratik elikatzen asmatu behar dugu belaunaldi berrien sormena eta jakin-mina, dela aisialdian, edukietan, pantailetan eta kaleko bizitzan. Komunitate gisa, hizkuntzaren txinparta eta magia bizirik mantendu nahi ditugulako. Euskaldunok hizkuntzaren bueltan batzen eta komunitate gisa sendotzen jarraitu behar dugulako".
Hain zuzen ere, atzo, hilak 19, jaso zuen saritzat Iñigo Aristegi Telloren Zazpi petaloak eskultura Gure Zirkuak, Arraten (Eibar) eginiko ekitaldi batean. Iker Galartzak, zirkuko kideak, eskerrak eman zituen sariarengatik, eta Gure Zirkua ikustera joaten diren herritarrak ez ezik kolaboratzaileak ere izan zituen gogoan. Haren hitzetan, zirkuko karpara sartzen direnek "komunitate bat, herri bat sentitzen dute", eta Etxepare gogoan izanik nabarmendu zuen euskaraz "eskriba daitekeela, artista izan daitekeela, eta zirkua egin daitekeela: gure umeen erreferentziak ez dira kanpoko izarrak bakarrik izango. Talde honetako artista guztiak erreferente zarete. Ikusten zaituztenean gazteak jabetuko dira gauza ederrak egin ditzakegula, eta zuen pausoak jarraitu ditzaketela".
2017tik martxan
2017an egin zituen lehendabiziko urratsak Gure Zirkuak, eta ibilbide esanguratsua izan du orduz geroztik, herriz herri ibili baitira; tartean, baita Arrasaten, Eskoriatzan, Aretxabaletan eta Elgetan ere. Gipuzkoako Foru Aldundiak, saria ematerako orduan, gogoan izan du "modu eredugarrian elkartasuna, sormena eta inklusioa" landu izana, eta euskarazko zirku bakarra izanik, "haurren garapena, komunitatearen kohesioa eta euskal kulturaren aniztasuna bultzatu" ohi dituela. Are gehiago: "Sentipen, umore eta emozioz betetako ikuskizunen bitartez, herritarrak elkartu eta ondo pasatzeko plaza berria eskaini dio euskarari eta euskal komunitateari".
Sariketaren 25. edizioa
1996an, duela 29 urte, jarri zuten martxan Abadia Saria, euskararen normalizazioaren aldeko lanetan nabarmendutako pertsona edo elkarteen jarduna aitortzeko, eta 25. edizioa du aurten. Mugarri hori aintzat hartuta, bada, Gipuzkoako Foru Aldundiak "errekonozimendu horren garrantzia instituzionala areagotzeko" erabakia hartu du, "saria bera eguneratzeko oinarriak jarriz eta oihartzun handiagoa eskainiz sariari". Gainera, programazio eta ekintza bereziak antolatu ditu urteurrena ospatzeko, "euskaltzale eta, oro har, herritar guztiok euskararen inguruan topo egin eta euskararen aldeko elkarlanean aurrera egin asmoz".