Bailaran antolatzen diren ekitaldien ia erdia da euskaraz

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko eka. 20a, 07:00

'Semea pixka bat motelago dabil soilik' antzezlana, Santa Ana antzokian, 2022an. Irudia: Goiena.

Debagoieneko herri guztietan antolatzen dira ekitaldi gehienak euskaraz, Aramaion izan ezik, Kulturklik-ek emandako datuen arabera. Gipuzkoako eskualdeen artean, berriz, ekitaldiak euskaraz gehien antolatzen dituen eremua da, Urola Kostarekin batera. 

Bailaran antolatzen diren kultura ekitaldien ia erdia –zehazki, %44,97– euskaraz da, Kulturklik-ek emandako datuen arabera, iazkoak aintzat hartuz gero. Horrez gain, hamarretik ia hiru gaztelerazko ekitaldiak dira (%26,63), bat baino gehiago elebitan (%13,58) da eta atzerriko beste hizkuntzaren batean programatzen dira gainontzekoak (%14,92), hala nola ingelesez, frantsesez eta alemanez. Hala ere, badago kultura ekitaldietako hizkuntza jakinekoa ez den zenbateko bat ere: hain zuzen ere, %10,13. Horrenbestez, litekeena da horietako asko euskaraz izatea, eta, horrenbestez, hizkuntzaren zenbatekoa handiagoa izatea; berdin elebitan diren ekitaldiekin ere. 

'Kulturklik' eta datuen bilketa

Erreportaje honetan erabilitako datu guztiak Kulturklik-etik atera dira, EAEn programatutako kultura-jarduerak biltzen dituen Eusko Jaurlaritzaren datu-basetik. Iturri publikoa da, egituratua eta baliagarria konparaziozko analisiak egiteko. Hala ere, garrantzitsua da aipatzea Kulturklik ez dela nahitaezko erregistroa: erabilera sustatzaileek, udalek edo kultura-eragileek beren jarduerak borondatez sartzearen mende dago. Beraz, litekeena da azterketa honetan jasota ez dauden ekitaldiak egotea, batez ere zirkuitu instituzionaletan hain integratuta ez dauden udalerrietakoak eta eragileetakoak. Muga horrek ez du argazki orokorra baliogabetzen, baina zuhurtasuna eskatzen du: erradiografia osoa eta zehatza baino gehiago, erretratu adierazgarria da, eta agerian uzten du nork duen ikusgarritasuna, egitura eta kanal ofizialetarako sarbidea.

Datuak beste modu batera emanda, berriz, zenbaki absolutuetara joz gero, Debagoienean antolatzen diren 751 kultura ekitaldietatik 337 dira euskarazkoak, berrehun gaztelerazkoak, 102 elebitan eginikoak eta 26 atzerriko beste hizkuntzaren batean: 30 ingelesez, bost frantsesez eta bat alemanez. Gainontzekoetako hizkuntza –denera, 76 ekitalditakoa– ez da jakinekoa. 

Herrietara joz gero, euskaraz antolatzen dira kultura ekitaldi gehienak Debagoienean, Aramaion izan ezik –zehazki, hamalau euskaraz (%36,84) eta hamabost gazteleraz (%39,47)–, baina batik bat Leintz Gatzagan eta Antzuolan: hurrenez hurren, %66,67 eta %65,38 da euskaraz antolatutako kultura ekitaldien zenbatekoa bi herri horietan. Gutxien, berriz, Arrasaten eta Aramaion: %36,54 eta %36,84, hain zuzen ere.

Eskualdeen artean, Urola Kostarekin berdinduta

Gipuzkoako eskualdeen artean Debagoienean antolatzen dira euskarazko kultura ekitaldi gehien Urola Kostarekin batera: zehazki, antolatutako ekitaldi guztien %45 da euskaraz, eta hurrenez hurren dituzte: Goierri eta Tolosaldea (%42), Debabarrena (%39), Donostialdea (%29) eta Bidasoa Txingudi (%26).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak