Bihartik aurrera, asteburuero, greba egunak izango dituzte Avanzako langileek

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko eka. 13a, 12:34

Avanzako langileen mobilizazio bat, Arrasaten, artxiboko irudi batean.

Hemezortzi greba egunen ondoren, ELA, LAB eta Aurrera sindikatuek egin dute mobilizaziorako deialdia, eta eragina izango du Debagoieneko autobus zerbitzuan. Enpresak akordioak lortzeko "borondaterik ez" duela salatuko dute, eta baita Gipuzkoako Foru Aldundiaren "utzikeria" ere.

Bihartik aurrera, astebururo –zapatuetan eta domeketan, egun osoz–, greba egunak izango dituzte Avanzako langileek, eta autobus lineetan eragina izango du horrek: herri arteko zerbitzuetan eta hiriburuetako loturetan, hain zuzen ere. Ohartarazi dutenez, gainera, mugagabea izango da, eta gehiegizko lanaldiak eta aparteko orduen kontrolik eza salatzen jarraituko dute: "Hitzarmenak 1.650 gidatze-ordu jasotzen ditu, baina urtean berrehun ordu baino gehitzen zaizkio, eta 1.870ekoa izatera heldu daiteke urteko ordu-kopurua. Enpresak hamar orduko murrizketa eskaini du, baina batzordeak uste du guztiz onartezina dela proposamena". Gainera, erantsi dute lan-agintaritzak lan-egutegiak aldatzeko eskatu diola enpresari, baina: "Gaur egun ere ez da inolako aldaketarik egin ildo horretan".

Enpresari emandako emakida ere bazuten kezka langileek, Gipuzkoako Foru Aldundiak bost urtez luzatu baitio Avanzari. "Onartezintzat jotzen dugu bere jarrera; izan ere, erabaki horrekin enpresa saritzen ari da, eta lanaldiaren erregularizazioaren arloko gutxienekoak urratzen jarraitzeko aukera ematen dio". Gainera, azaldu dute flotak "okerrera" egin duela Avanzak Lurraldebusen emakida kudeatzen duenetik, "eta lan-baldintzak behar baino gutxiago hobetzen ari direla, betiere grebek bultzatuta".

Irtenbiderako eskaria 

Beharginek txalotu egin dute garraio publikoaren kostuaren murrizketa, doako eta kalitatezko garraioaren alde eginda, baina azpimarratu dute "ezin dela izan lan baldintzen eta flotaren narriaduraren kontura". Hori dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiari gatazkari irtenbidea emateko eskaera egin diote: "Lan baldintzak hobetzeko eta herritarrei zerbitzu egokia eta kalitatezkoa eskaintzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak