Puntua aldizkariaren 459. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Bizikleta, betaurrekoak, giltzak, diru-zorroa... goiz-pasa bat egiteko beharrezkoak diren elementuak izan daitezke, baina Debagoieneko herrietako galdutako objektuen bitrina eta biltegietan dauden gauza gutxi batzuk baino besterik ez da, zerrenda oso luzea baita.
Arrasaten, BAZen kudeatzen dituzte galdutako objektuak; Bergaran, Oñatin, Aretxabaletan eta Eskoriatzan, berriz, udaltzaingoetan; eta bailarako herri txikienetan, aldiz, udaletxeetan gordetzen dituzte. Galdutako objektuen kopuruez galdetuta, ez dute datu zehatzik eman. Oñatin, adibidez, hango udaltzainburu Idoia Lazpitak dio gaur egun giltza, euritako eta arropa "pila" dituztela; hamabi patinete; bederatzi bizikleta; bost bitxi; lau diru-zorro diruarekin; eta hamabi betaurreko. Bergarako udaltzain Lander Urigoitiak emandako datuen arabera, 2024an 196 objektu erregistratu zituzten, eta horietatik 75 jabearen eskuetara itzuli ziren. Aretxabaletan, berriz, udaltzainburu Iban Da Silvaren arabera, hilero hogei bat "objektu ezberdin" jasotzen dituzte.
Hazi ez den kopurua
Datu zehatzik ez izan arren, ehunka dira, eta badaude herrietako bitrina guztietan dauden hainbat objektu. Giltzak, betaurrekoak eta arropak dira, besteak beste, gehien jasota dituzten objektuak, baina baloiak, panpinak, jostailuak, diru-zorroak, bitxiak, erlojuak eta poltsikoko telefonoak ere badaude. Horiek "objektu txikiak" dira, baina bizikletak –elektrikoak ere bai–, haurren patineteak, aulki gurpildunak, haurren orgatxoak eta erosketa-orgak ere badituzte gordeta.
Galdutako zenbait objektu bitxi

Edozer gauza galdu daiteke; eta edozer gauza ikus daiteke herrietako bitrinetan. Ohikoenak giltzak, betaurrekoak, arropa eta belarritakoak dira, baina denetarik aurkitu izan dute herritarrek. Diruz betetako gutun-azalak eta diru-zorroak agertu dira –kasu batzuetan, jabea ez da agertu–. Hortzordeak herri batean baino gehiagotan agertu dira, baita audiofonoak ere.
Haurren patineteak ere dozenaka ikus daitezke. Bergaran, aulki gurpildun bat eta haurren orgatxo bat ere badaude. Bitrinan diabetikoen kit bat ere badago. Erosketa- orgak ere agertu izan dira. Arrasaten, Maitane Igartuak esan duenez, bikote baten bedeinkapen apostolikoa egon da BAZen –aita santuak ezkonberri bikoteari emandako bedeinkazio berezia–. Gaur egun, gitarra bat ere badago, partiturak gordetzeko zorro eta guzti: "Odoloste bat ere egon zen egun batzuetan apalean".
Zer den ez dakiten objektu bat dute Antzuolan; eta lurreko teleskopioa galdu du norbaitek.
Bergarako Udaltzaingokoek adierazi dute "zaborra" ere jasotzen dutela; alegia, jendeak kalean utzitako gauzak, behar ez dituenak. Hala ere, haien ardura da jasotzea, ez dakitelako "galdutako objektua den edo ez".
Garai batean objektu gutxiago galtzen ziren? Norbaitek pentsa dezake azken urteetako kontua izan daitekeela hainbeste produktu pilatzea galdutako objektuen puntuetan, baina Bergaran, Eskoriatzan eta Antzuolan, esaterako, ez dute nabaritu gorakadarik. "Beti antzera dela esango nuke; ez dago alde handirik urte batetik bestera", dio Eskoriatzako udaltzain Ibon Segurak.
Kode Zibilak bi urteko epea zehazten du
Espainiako Kode Zibileko 615. artikuluak jasotzen du "altxorra ez den gauza higigarri bat aurkitzen duenak" jabeari itzuli behar diola. Jabea ezaguna ez bada, objektua aurkitu duen herriko udalean kontsignatu behar duela. Gainera, objektua aurkitu eta bi urtera jabea agertzen ez bada, topatu duena pasatzen da jabe izatera. Halaber, 616. artikuluak itzulketagatiko saria ezartzen du aurkitu duenarendako: objektuaren balioaren %10.
Oñatiko udaltzainburu Idoia Lazpitak azaldu du pertsona batek baliozko zerbait entregatzen duenean udaltzainek dokumentu bat betetzen dutela aurkitu duenaren datuekin, lekua, ordua, data eta entregatu duenaren argazkiarekin. Ostean, Kode Zibilak dioena azaltzen diote; hau da, bi urte pasa ondoren, jabea agertzen ez bada objektua harentzat dela edo, agertuz gero, sari ekonomiko bat jasotzeko eskubidea duela. Bi eskubide horiei uko eginez gero, horrela adierazi behar du, eta sinatu. Kasu horretan, "saria nori eman ere adierazi dezake". Bailarako herri handi gehienetan galdutako objektuen erregistroa egiten dute. Aramaion, Antzuolan eta Elgetan, berriz, ez dute halako erregistrorik.
Jaberik gabeko 910 euroz betetako gutun-azala

Eider Herraez oñatiarrak eta bere zortzi lagunek gogoan dute 2009ko urriaren 4a, Errosarixo Bixamona, "billete pilatxo bat", 910 euro, zuen gutun-azal bat aurkitu baitzuten jolasparkean, 9 urte zituztela. "Lagunak txundituta gelditu ginen, ez genuen inoiz hainbeste diru batera ikusi", dio. 9 urte baino ez zituzten, eta diru harekin zer egin hitz egin zuten: gurasoei deitu, barraketan gastatu... Azkenean, Udaltzaingora joatea erabaki zuten.
Bi urtean, dirua bueltan
Idoia Lazpita Oñatiko udaltzainburuak adierazi du urtebetera umeen gurasoei eskutitza bidali zietela horren berri emanez, eta esanez 2011ko urrirako dirua inork eskatzen ez bazuen umeei bueltatuko zitzaiela. Azkenean, 910 euroak bederatzi lagunen artean banatu zituzten: "Bi urtera, ahaztuta geneukan zer gertatu zen, sorpresa handia izan zen. Herraezek dio "ezjakintasun handia" sentitu zuela une hartan: "Gaur egun, barre egiten dugu momentu hura gogoratzean".
Ia herri guztietan agertu dira diru-zorroak eta gutun-azalak "diru askorekin"; mila euro ere aurkitu ditu kalean jendeak. Zenbaitetan, jabea agertu da; baina beste batzuetan, ez. Lazpitak gogoan ditu Oñatin ikusi dituen hainbat kasu. Horietako bat da urrezko eraztun bat aurkitu zuen pertsonarena: "Eskubideei uko egitea sinatu zuen Oñatiko elkarte baten alde. Bi urteak pasa zirenean, eraztuna bitxitegira eraman genuen, saldu eta dirua elkarte horri eman genion, agiri guztiak bete eta sinatuta".
Erreklamatzen dira?
Aurkitutako gauzak dagokion lekuan entregatzeko ohitura badagoela irizten diote Arrasaten, Bergaran, Oñatin, Aretxabaletan eta Eskoriatzan. Baita Antzuolan, Aramaion eta Elgetan ere, baina, herri txikiagoak izanik, diotenez, herritarrek tabernetan edo dendetan ere uzten dituzte aurkitzen dituzten gauzak. Gainera, elkar ezagutzen dutenez, norena den identifikatuz gero ere zuzenean jabeari ematen diotela gehitu dute.
Hainbeste objektu pilatzea ez galdetzearen eta ez erreklamatzearen ondorio ote den galdetuta, Eskoriatzako Ibon Segura udaltzainak dio jendeak ez duela erreklamatzen: "Bestela, hainbeste gauza ez genituzke edukiko. Ohitura handiagoa egon beharko luke; ziurrenik, gauza gehiago berreskuratuko lituzkete. Hemen ditugun gauza gehienak ingurukoenak izango dira". Aretxabaletako Iban Da Silva udaltzainaren esanetan ere, "jende gutxi" joaten da galdezka. "Izan ditugu hemen ibilgailuen giltzak, eta giltza bakoitzak, agian, 300 euro balio du, eta inor ez da etorri giltza erreklamatzera", dio. Antzuolan ere, herritarrek kudeaketaren bat egitera joaten direnean "denbora pasa" begiratzen dute ea haien zerbait dagoen ikusteko, "baina, bereziki, galdetzera ez dira etortzen". Aramaion, berriz, gertatu izan da herritarren bat udaletxera joan, eta duela urtebete galdutako giltza orduan topatzea.
Gloria Vallinas: "Hainbat GKEk betaurrekoak jasotzen dituzte"

Dozenaka betaurreko pilatzen dira galdutako objektuetan, eta haiei ematen dieten bigarren bizitzaren bueltan galdetu diogu Gipuzkoako Optiken Elkarteko presidente Gloria Vallinasi (Donostia, 1972).
Horren erraza da betaurrekoak galtzea?
Eguzkitako betaurrekoekin edo irakurtzeko bakarrik erabiltzen ditugun betaurrekoekin askotan gertatzen da, gugandik kanpoko elementua delako. Lente progresiboak daramatzagunok askoz gutxiago galtzen ditugu betaurrekoak, denbora guztian janzten baititugu.
Zorionez, bigarren bizitza izaten dute.
Jendeak erabiltzen ez dituen betaurrekoak jasotzen ditugu. Ondo garbitzen ditugu, zuzendu egiten ditugu eta beharrezko informazioa jartzen diegu. Garrantzitsua da, guk gutxiesten duguna garatzeko bidean dauden herrialdeek balioesten dutelako, han ez baitute hemen dugun guztia.
Zein GKErekin egiten duzue lan?
Hainbat GKEk betaurrekoak jasotzen dituzte Afrikara eramateko. Gipuzkoako Optika Elkarteko zenbait kidek Ruta de la Luz Fundazioarekin eta Iluminafricarekin kolaboratzen dute.
Zer esango zenieke herritarrei?
Betaurrekoak aurkitzen dituen horrek pentsa dezala berak betaurrekoak galduko balitu zer egitea nahiko lukeen beste pertsonak. Gertuko optika batean utzi daitezke, edo galdutako objektuak dituzten tokira eraman. Oso erraza da!
Horren arrazoia zein izan daitekeen ez dakite. Aretxabaletako udaltzainburuak esan du zerbait galduz gero egin beharko litzatekeen lehendabiziko gauza "agertu den edo ez" galdetzea izan beharko litzatekeela: "Agian, jendeak ez dauka ohiturarik, edo uste dute ez digutela ekarri?".
Kontrara, Arrasateko Udaleko informazio eta izapidetze agente Maitane Igartuak azaldu du batzuek "ohitura handia" dutela eta askotan joaten direla "galdutako gauzen bila. Beste batzuk ez dute jakingo hemen berreskuratu ditzaketenik; bestela ez ziren geratuko jaso gabe horrenbeste gauza". Bergaran ere, Lander Urigoitiak azpimarratu du herritarrak galdutako objektuaren bila joaten direla: "Esango nuke erreklamatzeko ohitura handia dagoela".
Horregatik, herri guztietatik eskatu dute zerbait galtzen bada BAZen, udaltzaingoan edo udaletxean galdetzeko.
Iruzurra egitea, zaila
Hainbeste giltza, betaurreko, bizikleta... galdutako objektuen artean egonda, jabeak ez erreklamatu arren iruzur egiten ere ez dira saiatzen, elkarrizketatu gehienek kontatu dutenez. Herri handienetan, objektuak non eta noiz aurkitu eta udalaren esku utzi dituzten jasotzen dute. Modu horretan, badaukate hasiera-puntua norbait gauza baten eske joaten denean, harena izan daitekeen edo ez identifikatzeko. Dena den, bestelako modu batzuk ere erabiltzen dituzte. Arrasaten, esaterako, Maitane Igartuak adierazi duenez, balio handia duten gauzen kasuan, objektuekin dituzten argazkiak edo erreferentzia zehatzak eskatzen dizkiete: "Bestela, galdera arruntagoak egiten dizkiegu". Eskuko telefonoen kasuan, adibidez, telefonoa desblokeatzeko edo pina sartzeko eskatzen dute, pertsona horren gailua dela jakiteko.
Bigarren bizitza objektuendako
Esan bezala, Kode Zibilak bi urteko epea zehazten duenez, aurkitu duenak jaso dezake objektu hori, baina, zenbait kasutan, ez dute interesik edukitzen gauza horrekin geratzeko. Hala, GKEetara, herriko eragileetara edo bigarren eskuko azoketara bideratzen dituzte beste batzuek aprobetxatu ditzaketen gauzak. "Oñatin, bi urteko epea pasa ondoren, arropa, bizikletak, patineteak, diru-zorro hutsak eta baloiak Larrañako errefuxiatuei ematen dizkiegu; betaurrekoak Oñatiko optika batean uzten ditugu, eta haiek Gipuzkoako Optikoen Elkartera bidaltzen dituzte, beharra dutenei helaraz diezaieten". Eskuko telefonoak "suntsitu" egiten dituzte, datu pertsonalak izan ditzaketelako.