Euskararen erabilera "erdigunean" jarri du Euskaraldiak, egitasmoaren koordinazio mahaiko eragileek adierazi dutenez: "11 egun horien bueltan hedabideetan, ikastetxeetan, lantoki eta erakundeetan, euskararen inguruan hitz egin da, erabileran eragin beharra azpimarratu da. Izugarria izan da ariketak sortu duen mugimendua". Haren arabera, herritar askok "hausnartu" dute hizkuntza ohituren inguruan, eta Euskaraldia "eraginkorra" dela azpimarratu dute, emaitzen esperoan geldituko diren arren: "Orain aurrera begira jartzea dagokigu, eta ariketaren inguruko balorazio sakonagoa egitea askotariko eragileekin hurrengo Euskaraldia are hobeagoa izan dadin".
Euskaraldia amaitu eta biharamunean egin dute, hain zuzen ere, lehen balorazioa eragileek: Irati Iciarrek, Taupa euskaltzaleen mugimenduko lehendakariak; Javier Arakamak, Euskarabideako zuzendari kudeatzaileak; Aitor Aldasorok, Eusko Jaurlaritzako hizkuntza politikako sailburuordeak; David Airek, Euskararen Erakunde Publikoko mugaz gaindiko harremanen arduradunak; eta Jon Kobeagak, Euskaraldiko koordinazio orokorreko kideak.
Txapak, nahi baino gutxiago
Ia 135.000 lagunek eman dute izena Euskaraldiaren laugarren edizioan, baina gehiago izan daitezkeela uste dute sustatzaileek, jaso gabeko izen-emate batzuk dituztelako. Hala ere, "nahi baino txapa gutxiago" ikusi dituzte kalean, eta "aztertu beharrekoa" dela egoera hori: "Zergatik pertsona batzuek txapa hartu bai baina gero janzten ez duten. Izan ere, askotan aipatu dugun moduan, txapa ezinbesteko elementua da ariketa modu eraginkorrean egiteko". Nolanahi ere, azpimarratu dute orain arte iritsi gabeko herritar-geruzetara ailegatu direla, eta, horrenbestez, "zabaltzeko beste pauso bat" eman duela ariketak.
450 herrik egin dute bat Euskaraldiarekin, eta "inoizko herri gehienek" antolatu dute: "Benetan berri pozgarria da euskararen biziberritzean lanean dihardugun eragile eta norbanako guztientzat. Horrek esan nahi baitu inoizko herri gehienetan piztu dela ariketaren beharra eta antolatzeko ilusioa". Are gehiago, herrietan aritu diren batzordeak aurreko aldietan baino "osasuntsu eta indartsuago" aritu direla azpimarratu dute sustatzaileek.
Entitateak, 7.500etik gora
Euskaraldiaren bigarren edizioan proposatu zieten lehendabizikoz entitateei egitasmoan parte hartzea, "euskararen erabileran eragiteko ezinbesteko gune" direla iritzita. Aurten, 7.500 entitate baino gehiagok egin dute bat, eta sustatzaileek azaldu dute laugarren edizioak erakutsi duela "mota guztietako entitateek euskararen erabileran jauzi bat eman nahi dutela, beste behin ere", eta hori ahalbideratzeko urratsak egiteko "prest" daudela.