Zegama-Aizkorri: askotariko helburuekin

Mireia Bikuña 2025ko mai. 23a, 09:00

Domekan jokatuko da 24. Zegama-Aizkorri. Mundu mailako mendi maratoi entzutetsuenerako dortsala lortzea geroz eta zailagoa da, eta, behin hori lortuta, norbere prestakuntzaren araberako helburuak zehazten dituzte korrikalariek.  Debagoienako 25 ordezkari egongo dira maratoian, kilometro bertikalean eta junior trailen. Bailarako hainbaten testigantzak jaso ditu GOIENAk. 

Alazne Lozano (Elgeta):

"Bigarrengoz egingo dut junior mailako lasterketa, eta ez daukat helburu zehatzik. Probarekin gozatu eta giroaz disfrutatu nahiko nuke. Hori bai, denbora txukuna egiten badut, askoz hobeto. Iaz, lehenengo hamabosten artean sailkatu nintzen. Badakit etxekoak ibilbidean zehar egongo direla, eta horrek dezente lasaitzen nau. Zaleen oihu eta animoek laguntzen didate, eta ni neu asko motibatzen naute eta lasterketa azkarrago pasatzen laguntzen didate. Horrez gainera, munduko korrikalari onenak gertutik ikusteko aukera ematen du proba horrek".

Beñat Etxabe (Bergara):

"Nire lehen maratoia da. Distantzia berria da niretzat, kilometro asko dira, eta ez nago ohituta. Horrek intriga eta jakin-mina sortzen dizkit. Baina esperientziaz horretaz gozatu nahi dudala ez daukat zalantzarik. Helburu bakarra proba amaitzea da. Zortea izan dut zozketan dortsal bat egokitu zaidalako. Oso zaila da; horregatik, disfrutatu egin gurako nuke. Ibilbidean zehar, hainbat puntutan, lagunak egongo dira, animatzen eta laguntzen, eta oso inportantea da hori niretzat. Maiatzaren 11n Segura-Zerain egin nuen, 25 kilometrokoa, domekara begira".

Uxoa Irigoien (Oñati/Getaria):

"Seigarren aldia izango da niretzat, eta helmugara irribarre batekin heldu gurako nuke. Lehen, lehiatzera joaten nintzen, baina, egun, beste era batera gozatzen nabil mendian. Nire onena eman gura nuke, baina oso urduria naiz, eta kezka-iturri da niretzat. Bereziki azkarregi irteteak kezkatzen nau, eta ondo neurtu behar ditut indarrak. Emozioen lasterketa dela esaten dut nik. Norberak sentitzen dituenak, eta zaleek sentiarazten zaituztenak: San Adriandik jendearen hotsa entzutearen zirrara, Sancti Spiritun eta Aizkorrin gora sentitzen den oilo-ipurdia... Zaleen animoak
energia mordoa ematen dute".

Iñigo Uribarren (Arrasate):

"2022an Aizkorrin proba ikusten piztu zitzaidan mendi maratoia egiteko gogoa, eta heldu da eguna. Lasai hasi gurako nuke proba, burua hotz mantenduz, Aratzeraino. Ostean, ahal dudana egingo dut. Nire lehen maratoia da, eta horrek kezkatzen nau. Desnibel handia dauka, eta eta oso erraza da irteeran dena ematea, hondoa jotzea, eta, gero, lasterketaren bigarren zatian ordaintzea. Ondo neurtu behar da. Kuadrillakoak eta neska-laguna egongo dira Aizkorri inguruetan, eta asko eskertuko
dut. Mundu mailako proba onenetakoa dela uste dut, eta egin egin behar da, duda barik, bizitzan behin bada ere".

Maite Zabaleta (Oñati/Aretxabaleta):

"Zegamako kilometro bertikala indarra hartzen dabil azkenaldian, eta geroz eta zale gehiago batzen da ibilbidean zehar. Eguraldia izaten da nire kezka handiena, baina badirudi lagun izango dugula. Hala, lehen hogei minutuak neutralizatuak izango dira, eta, ostean, aldapa gora hasten da benetako lehia. Nik gurako nuke iazko denbora hobetu, segundo gutxi batzuk ez bada ere; eta gozatu eta disfrutatu. Kilometro bertikalak egiten ditut, bereziki, eta guztiek dituzte ezaugarri ezberdinak. Zegaman, gainera, kanpoko korrikalariak etortzen dira, eta horrek beste zailtasun-maila bat ematen dio probari".

Josu Galvez (Eskoriatza):

"Lasterketa horren berezitasunetako bat zaleen bultzada da, eta indar handia dauka korrikalariengan. Aurrean doazen korrikalariei azkarrago korrika egitea eragiten die, baina besteok gozarazi egiten gaituzte. Dena den, animoekin ez nuke burua galdu gura. Hasieratik nire erritmoa hartu, eta, kilometroak pasa ahala, non eta nola nagoen ikusi. Buruaren eta gorputzaren arteko konexioa bilatu gurako nuke, nire helburua bete ahal izateko: gozatu egin gura dut. Irteera-puntuan egon ahal izatea saria da. Azken hamar zozketetan parte hartu izan dut, eta oraingoan bakarrik
tokatu zait dortsala".

Xabier Lazkano (Bergara):

"Bitan egin dut kilometro bertikala, 2022an eta 2023an. Azken hartan ibilbidea aldatu egin zuten, eguraldiagatik. Oraingo honetan, aurrekoetan moduan,
disfrutatzea da helburu nagusia. Berotu on bat hartu aldapa gora, zaleen animoak jaso eta probaren inguruan eta, oro har, Zegaman egoten den giroaz disfrutatu gu-
rako nuke. Mendian ibiltzea gustuko dut eta askotan ibiltzen gara, baina korrika egiteko arazo asko dituzte nire belaun zaharrek. Jaitsierak ezin ditut egin; beraz,
aldapa gora korrika egitea besterik ez zait geratzen. Gainera, 2022rako dortsala errebotez etorri zitzaidan; lagun bat ezin zen joan, eta haren dortsala eskaini zidan".

Aritz Garai (Oñati):

"Lehenengo aldia dut distantzia horretan, eta bakarrik, gainera. Lasterketa motzagoak egin izan ditut, baina maratoia inoiz ez. Distantzia luzekoak egin ditudanean, gainera, lagunartean joan naiz; beraz, erronka bikoitza izango da domekakoa. Horregatik, lasai irten gurako nuke, eta bukaerarako indarrak gorde.
Baina, bereziki, esperientzia gozatu gurako nuke. Telebistaz ikusi izan dudan hori barrutik bizi. Dortsala lortzea oso zaila da, baina, probak adierazten duen guztiagatik, denok izan beharko genuke noizbait proba egiteko aukera.  Kezka-iturri
handiena eguraldia da. Bero handiarekin oso gaizki pasatzen dut".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak